Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskal pilota protagonista izango da Bartzelonan Eusko Jaurlaritzaren eskutik

2011.eko irailak 30

Urriaren 1ean (larunbata) Euskadi Bartzelonan egongo da gure herriko kirol tradizionalenetako batekin. Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du Bainet enpresarekin eta Nitro telebistarekin Euskadiko pilotari garrantzitsuenen artean pilota-jaialdi bat egiteko eta emateko. Aipatutako pilota-jaialdian, alde batetik, Saralegi-Mendizabal II. bikotea Idoate-Peñagarikano bikotearen aurka arituko da eta, bestetik, Olaizola II-Beroiz bikoteak Martínez de Irujo-Pascual bikotearen aurka jardungo du Vall d'Hebron frontoian 18:00etatik 20:00etara.

Jaialdia zuzenean emango du Nitro telebistak, eta Euskadiko pilota-txapelketa osoan zehar bezalaxe, Eusko Jaurlaritzaren 'Euskadi, goza ezazu' marka frontoiaren aurrealdeko horman azalduko da inprimatuta.

Ekintza berri hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak hartu duen erabakia da Euskadi turismo-helmuga gisa sustatzeko. Bat dator antzeko beste jardun batzuekin, hala nola uztailean egin zen Harley motoen kontzentrazioarekin, non marka hori ikusi ahal izan zen lasterketaren irteeran eta lasterketa osoan hainbat banderatxotan, edo Espainiako Txirrindulari Itzuli osoan hesiak egon baitziren jarrita.

Katalunia lehentasunezko helburuetako bat da Euskadirentzat, Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren turista gehienak autonomia-erkidego horretakoak baitira. Aurten, abuztura bitarte, Kataluniako 172.400 turista baino gehiago etorri dira, 2010ean baino % 4 gehiago.

Jaialdi hori antolatzeaz gain, Euskadi esperientzia-destino bihurtzeko turismo-politika jarri da abian. Eusko Jaurlaritzak 20 esperientzia baino gehiago jarri ditu abian. Euskal Turismoaren 2010-2013 aldiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren aurkezpenaren ondoren, ekimen horiek jarri ziren abian Euskadira iristen diren turistei elementu erakargarri berriak eskaintzeko, eta bisitari guztien eskura daude Eusko Jaurlaritzaren www.euskaditurismo.net turismo-atarian. Ekimen horiekin, bisitarien eskari berrietara egokitzen da eskaintza, paisaiak ikuste eta ibilbideak egite hutsa baino zerbait gehiago bilatzen baitute bisitariek, Euskadiko hainbat leku eta bizimodu hurbiletik ezagutzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzaren helburua bisitatzen gaituenaren leialtzea gehitzea da.

Ekimen horren barruan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 'Euskadiren erroak: Gernika' deituriko esperientziarekin, pilota-partiduez gozatzeko aukera ematen die turistei frontoi bat ezagutuz eta kirol hori modu aktiboan praktikatzen ikasiz.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 30a

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan