Bingen Zupiria sailburuak Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

2022-03-02
  • Agendak lau helburu estrategiko finkatzen ditu euskararen ezagutza eta erabilera handitzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzeko euskararen lurralde guztietan
  • Zupiriak azaldu duenez euskararen normalizazioan aurrera egiteko baliabidea da Agenda Eusko Jaurlaritzarentzat

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin batera, Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean.

Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 2ko bileran onartu zuen 2021-2024 epealdirako Euskararen Agenda Estrategikoa, legegintzaldi honetako hizkuntza politikaren lan-ildoak zein helburu estrategikoak zehazten dituen dokumentua. Agiriak lau helburu estrategiko finkatu ditu euskararen ezagutza zein erabilera handitzen jarraitzeko, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egiteko eta euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzeko.

Zupiria sailburuak adierazi duenez “Euskararen Agenda Estrategikoa euskararen normalizazioan aurrera egiteko baliabidea da Gobernuarentzat; euskararen ezagutza areagotzeko eta euskararen erabilera indartzeko, gizarte aktibazioa sustatuz arlo guztietan, euskara erabiltzea arau sozial normalizatu bihur dadin. Baita zeharkako politika modura eragiteko tresna ere”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaineratu duenez “hizkuntza bizikidetza gero eta orekatuago eraikitzen lagundu nahi duen hizkuntza politika irudikatzen dugu; euskararen erabilera gero eta eremu gehiagotan sustatuko duena, lankidetza oinarri hartuta, bai euskararen esparruko eragileekin, bai gainerako hizkuntza gutxituek dituzten eragile askotarikoekin”.

Euskararen Agenda Estrategikoak bat egiten du XII. legealdirako Gobernu Programarekin. Izan ere, Gobernu Programan euskararekiko ezarritako konpromisoak, bai eta bakoitza garatu ahal izateko ekimenak ere, Agendaren oinarrian daude. Hona hemen 3 konpromiso nagusiak: 

  • Euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabileran eragitea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan.
  • Hizkuntza eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza bizikidetza baterantz aurrera egitea.
  • Erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen lurralde guztiekin. 

Konpromiso horiek lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak lau helburu estrategiko onartu ditu Agendaren bidez. 

  1. Herritarren euskararen ezagutza handitzen jarraitzea.
    • Helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea. 
  1. Herritarren euskararen erabilera handitzen jarraitzea.
    • Euskararen transmisioa bermatzea.
    • Aisialdian eta kirolean euskararen erabilera handitzea.
    • Ingurune digitalean euskararen erabilera handitzea.
    • Hedabideetan euskararen erabilera handitzea.
    • EAEko sektore publikoan euskararen erabilera handitzea.
    • Eremu sozioekonomiko publikoan zein pribatuan euskararen erabilera handitzea. 
  1. Herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea.
    • Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea. 
  1. Euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea.
    • Hizkuntza politika garatzeko adostasunak lantzea.
    • Erakundeen arteko lankidetza indartzea. 

Helburu horiek guztiak lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza aurreikusi ditu. Horrela, euskararen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrera egiten jarraitzea da asmoa. Legegintzaldiaren amaieran, Agendaren betetze maila neurtuko da.

Agendaren jarraipena egiteko Jarraipen Batzordea eratuko da, eta kide hauek izango ditu: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Hezkuntza sailburuordea, HABEko zuzendari nagusia, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, IVAPeko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko ordezkaria (gutxienez zuzendari mailakoa). Era berean, partaide izango dira erakunde hauetako ordezkariak (gutxienez zuzendari mailakoak): Osakidetza, Justizia, Ertzaintza, EITB, Eustat eta Emakunde.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak