Berriak Osasuna

Osasun sailburuak adierazi du Osakidetzak kirurgiak eta aurrez aurreko jarduera berreskuratzen jarraitzen duela Lehen Mailako Arretan

2022-02-22
  • Goizeko kirurgiaren errekuperazioa erabatekoa da zentro guztietan eta arratsaldekoa % 80an dago, egunean 500 ebakuntza inguru egiten direlarik
  • Lehen Mailako Arreta egunean 70.000 dei jasotzetik (seigarren olatuko unerik txarrenean) 30.000 jasotzera igaro da, eta irisgarritasuna % 93ra igo da
  • Sagarduik jakinarazi du otsailaren 24an amaituko dela Osakidetzaren 2017/18 EPEan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea
  • Osakidetzak 300 milioi euro baino gehiago ordainduko ditu karrera profesionala garatzeagatik

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza, oro har, jarduera berreskuratzeko lanean ari dela pandemiaren bilakaera onari esker. Kirurgiak osorik errekuperatu da goizetan, eta egunean 500 ebakuntza egiten dira. Lehen Mailako Arretaren eremuan, irisgarritasunaren gorakada (Osakidetzara egindako deien % 93 lehenengoan hartzen dira) eta presentzialtasunaren gorakada nabarmentzen dira. Bestalde, datorren osteguneko Osakidetzako Mahai Sektorialean karrera profesionalaren osagarrirako 300 milioi euro baino gehiago ordaintzeko prozedura aztertuko dela azaldu du sailburuak.

PANDEMIAREN BILAKAERA

Hiru astean:

  • COVID-19arekin kutsatutakoek % 89 egin dute behera.
  • COVID-19ak eragindako ospitaleratze kopurua % 52-tan jaitsi da
  • COVID-19ak eragindako ZIUn dauden pertsonen kopurua % 33-tan jaitsi da

OSAKIDETZAN JARDUERA BERRESKURATZEA

Pandemiaren bilakaera onak isla bat du Osakidetzaren jarduera berreskuratzean.

  • Goizeko kirurgiaren errekuperazioa erabatekoa da zentro guztietan eta arratsaldekoa % 80an dago. Osakidetza 500 kirurgia inguru egiten ari da egunean. Kontuan izan behar da atzeratu ziren kirurgiak direla, Osakidetzak etengabe egin baititu premiazko kirurgiak eta kirurgia onkologikoak.
  • Lehen Mailako Arretari dagokionez, sartu diren deien kopuruak behera egin du: seigarren olatuko unerik txarrenean egunean 70.000 dei izatetik egunean 30.000 dei izatera igaro dira, kopuru prepandemikoa gutxi gorabehera.
  • Osakidetzaren irisgarritasunak gora egiten jarraitzen du. Irisgarritasuna markatzen duen datua lehenengoan erantzuten diren deien ehunekoa da. Duela hilabete, hain zuzen, irisgarritasuna % 60koa zen. Orain, egoera lasaiagoan, irisgarritasuna % 93koa da. Hau da, Osakidetzari zuzendutako dei gehien-gehienak lehenengoan erantzuten dira.
  • Lehen Mailako Arretako aurrez aurreko arreta ere pixkanaka berreskuratzen ari da. Une honetan, % 50 ingurukoa da. Helburua pandemiaren aurreko datuetara iristea da, hau da, % 65 ingurura. (Kontuan izan behar da kontsulta bat ez dela familiako medikuarekin edo erizainarekin soilik. Etxez etxeko bisita ere bada, txosten bat egitea, analitika bat igortzea, etab.)

ZUHURTZIAZ JOKATZEA

Osasuneko sailburuak zorionak eman dizkie herritarrei beren jarreragatik eta prebentzio-neurriak betetzeagatik. Ildo horretan, eta inauteriei lotutako datak direla eta, Gotzone Sagarduik azpimarratu du zuhurtziari eta norbanakoaren erantzukizunaren printzipioei eutsi behar zaiela.

OSAKIDETZAKO EPE

Azkenik, Osasuneko sailburuak jakinarazi du aste honetan bertan amaituko dela 2018-2019ko EPErako eskabideak aurkezteko epea. Epea otsailaren 24ko 14:00ak arte egongo da zabalik.

Guztira, 3.535 plaza eskainiko dira Osakidetzako EPE honetan. Bi fasetan egingo da, eta lehenengoan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, Osakidetzak lehentasuna eman nahi izan dio LEHEN ARRETA emateari.

Familia Medikuntzako 322 plaza eta Pediatriako 62 plaza daude. Horrela, plantillak finkatuko dira eta egonkortasun handiagoa emango diogu Lehen Arretari, osasun-sistema osoari bezala. Sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde egindako apustua defendatu du.

Informazio gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/albums/17574-osakidetza-abre-web-inscripcion-para-ope-2018-2019

KARRERA PROFESIONALA

Gotzone Sagardui sailburuak azaldu duenez, Osakidetzaren hurrengo Mahai Sektorialean, ostegun honetan, karrera profesionalaren ezohiko deialdia aztertuko da. Osakidetzak 300 milioi euro baino gehiago ordainduko ditu, profesional bakoitzaren karreraren arabera banatuta. Sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritzak osasunarekiko eta bere profesionalekiko duen konpromisoaren beste adibide bat da hori.

GREBA DEIALDIA

Osakidetzako grebarako deialdiei buruz galdetuta, Osasun sailburuak esan du ulertzen dituela profesionalen zailtasunak, baina uste du ez dela grebarako unea; “errekuperaziorako unea” da. Horrela, Gotzone Sagarduik ukatu egin du Osakidetzan murrizketarik dagoenik, honako datu hauek kontuan hartuta:

  • Osasun Saila izan da aurrekonturik handiena izan duena, eta hazten joan da azken urteetan.
  • Biztanleko osasun-gastua Estatuko handiena da: 1.984 euro bideratzen dira pertsona bakoitzeko osasun-gastura.
  • Osakidetzako aurrekontuaren bi herenak langileentzat izango dira.
  • Osakidetzan ez da inoiz pandemian adina jende kontratatu: pandemiaren ondorioz, 4.000 pertsona gehiago ari dira lanean Osakidetzan hilero 2019an baino.
  • 107 M € inbertsioetarako erabiltzen dira (20,5 milioi lehen mailako arretarako).
Iruzkin bat
  • @OSIBilbaoBasurt
    2022-02-22

    Comentario de Twitter:
    https://t.co/bi4cmGzw9A
    La Consejera de Salud afirma que Osakidetza sigue recuperando las cirugías y la actividad p… https://t.co/N7OX0RQFgN

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak