Eusko Jaurlaritzak langile publikoentzako %2ko soldata igoera onartu du (Gobernu Bilera 2022-2-22)
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du % 2ko soldata igoera Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langile guztientzat. Neurri hori otsaileko nominan aplikatuko da, eta urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du. Soldata igoera sindikatuekin negoziatuta dago Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Legearen 19. artikuluan jasota dago. Artikulu horrek Administrazio Orokorraren, erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta lan-araubidearen mende ez dauden EAEko sektore publikoko partzuergoen zerbitzura dauden langileen ordainsariak ezartzen ditu.
Horrenbestez, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izango dute %2tik gorako igoera orokorra izan 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritakoaren arabera. Ehuneko hori sektore publikoko goi-kargudunei, zuzendariei eta lan-kontratuko langileei ere aplikatuko zaie.
Soldata igoerak 76,7 milioi euroko kostua izango du, eta autonomia erkidegoko langile publiko guztiei eragingo die (Administrazio Orokorra, Segurtasuna, Hezkuntza, Justizia eta Osakidetza), eta erreferentzia esparrua da 80.000 pertsona inguruk lan egiten duten EAEko sektore publiko osorako.