Eusko Jaurlaritzak eta PuntuEUS Fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana aurkeztu dute

2022-02-21

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu dituzte erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta .EUS domeinuaren presentzia areagotzea da. Horretarako, 2022. urtean  Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko ekarpena egingo dio PuntuEUS Fundazioari eta laguntza teknikoa ere eskainiko dio garatuko dituen egitasmoak aurrera eramateko.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakaria aurkeztu duten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu:

  • Eremu sozioekonomikoa: enpresetan .EUS domeinuaren erabilera indartu eta euskararen erabilera euren ingurune digitalean areagotzea.
  • Arlo pertsonala: erabiltzaileen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea.

Eremu sozioekonomikoan lau esparruren arabera antolatu dira lehentasunak. Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude, bestetik enpresa elkargoak eta beraien bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritza finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.

Esparru desberdinetako erakunde eta enpresen domeinuak aztertu, .eus domeinua txertatzeko bidea landu eta euren eremu digitalean euskara sustatzeko estrategiak nahiz eman beharreko pausuak zehaztuko dira. Zeregin horietan Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta .EUS domeinua elkarlanean ariko dira entitate zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Honetan laguntzeko trebakuntza saioak egingo dira eta behar dutenei laguntza teknikoa eskainiko zaie. Horretarako PuntuEUS fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola, .EUS domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Arlo pertsonalari dagozkion ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskara  erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, lehenik eta behin egoeraren azterketa bat egingo da. Ondoren hainbat komunikazio ekintza egingo dira .EUS domeinuaren erabilera sustatzeko edo eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

Euskara eremu digitalean

Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez “hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatu behar diogu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko baitigu neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den. Eta bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea”.

Iñaki Goirizelaia PuntuEUS fundazioko lehendakariak bestalde PUNTUESek gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela azpimarratu du: “gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna eskainiz eta euskaratik egiten dugu. Transformazio digitalari euskaratik erantzuten laguntzen dion proiektua da PUNTUEUS. 2017ko neurketaren arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k zeukan edukiren bat euskaraz, eta % 1,3 zegoen euskara hutsez. .EUS erabiltzen duten webguneen artean, berriz, % 84 dago euskaraz. Izan ere, .EUSen erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen”.

Euskarak Ingurune Digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko, euskarak bolumena eta datu kopuru esanguratsua sortzeko, bi eremu hartu behar dira kontuan: ezinbestekoa da webguneak euskaraz izatea eta euskara sarean ordezkatzen duen .EUS domeinuaren presentzia indartzea. Baina, aldi berean, erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Zupiriak azaldu duenez, “eskaintza eta kontsumo-ohiturak handitzearekin batera, ez da ahaztu behar erabakiorra dela ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori gure gailuek ematen dute eta horregatik da garrantzitsua erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea. Euskararen pisu espezifikoa handitu behar dugu Interneten, horrela erakutsiko bait diegu enpresa handiei, web garatzaileei, robotei eta abarrekoei euskaldunok Interneten gaudela”.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 dokumentuak zehaztutako proiektu bat da .EUS domeinua sustatzearena eta Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostenak zehazten dituen ekintzen artean dago euskarari eta euskarazko baliabide digitalei ikusgarritasuna ematea erabilera areagotzeko. PuntuEUS Fundazioaren xedeak ere bat egiten du helburu horrekin eta gizartean ematen ari den transformazio digitalean euskaratik eragitea du xedetzat.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak