Tabako Kerik Gabeko Euskadi
qrcode

Arrantzaren 2022ko denboraldia hasiko da Euskadin, Artisau Arrantza eta Akuikulturaren Nazioarteko Urtean

2022-02-18

Gaur aurkeztu da baxurako euskal flotaren arrantzaldiaren irekiera Kofradia-Itsas Etxean. Bertan, baxurako arrantzaren sektoreak 2022an izango dituen aurreikuspen eta erronkei buruzko hainbat alderdi garrantzitsu zehaztu dira. 2022. urtea Artisau Arrantzaren eta Akuikulturaren Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Batzar Nagusiak.

Ekitaldia Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren hitzekin hasi da, eta iazko kanpainaren konplexutasuna azpimarratu nahi izan du. Izan ere, arrantzaleek pandemiaren zailtasunei aurre egin behar izan zieten, edonola ere, oso kanpaina lehiakorra egin zuten, Hegaluzea (% 9 gehiago) edo Antxoa (% 37 gehiago) bezalako espezieen harrapaketak igoz. Azkuek adierazi du orain hasiko den kanpaina hau normaltasun handiagoz egin ahal izatea espero duela eta ontziek, urtez urte egiten duten bezala, euren lana eta konpromisoa modu profesional eta arduratsuan egingo dutenaren ziurtasuna agertu du.

Kanpaina berriaren hasieran, Azkuek euskal flotaren errespetuzko arrantza iraunkorra nabarmendu du, honek kontsumitzaileak kalitatezko produktu freskoa lortzea ahalbidetzen duelarik. Aurten, osasun-egoerak aukera ematen badu, Antxoa Eguna, Hegaluze Eguna edota baxurako kanpainak sustatzeko ekitaldiak berreskuratzea posible izango da. Arrantza zuzendariak ekitaldi horietan parte hartzera deitu ditu herritarrak, baina, batez ere, sasoiko arraina kontsumitzera.

Arrantzako zuzendariak joan den ostiralean Hondarribian arrantza sustatzeko egin zen jardunaldia aipatu du bere hitzaldian. Jardunaldi horretan sektorearen erronkak aztertu ziren, eta sektoreak kalitatezko enplegua sortzeko eskaintzen duen gaitasuna nabarmendu zen, gazteak trebatzera eta arrantzaren munduan aritzera animatuz.

Euskadiko baxurako arrantzaren ezaugarriak artisau-arteak dira. Horregatik, Azkuek positibotzat jo du itsas ingurunearen eta bertako espezieen jasangarritasunaren alde Nazio Batuek egindako kanpaina. Bide batez, Kofradia Itsas Etxea zoriondu du Eguzki Jasangarriaren saria jaso berri duelako gomendio kategorian.

Bestalde, Eugenio Elduayenek, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea, baxurako espezie nagusien 2022ko behin-behineko kuotak azaldu ditu. Honako hauek dira: berdela: 8.500 tona, antxoa: 25.250 tona, Hegaluzea: 17.700 tona. Eugeniok berdelaren eta txitxarroaren kuoten funtzionamenduaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, espezie horien kuoten kudeaketa partekatua dela argituz. Horrek esan nahi du Euskadiko Arrantza Federazioek, kuota banatuta dagoenez, auto kudeatu egin dezaketela, eta banaketa objektibo eta bidezkoa egin Euskadiko baxurako flotaren artean. Gainera, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak aurreratu duenez, une honetan lanean ari dira Euskaditik antxoaren eta hegaluzearen kuotak auto kudeatu ahal izateko; izan ere, espezie horiek funtsezkoak izan ziren euskal baxurako flotarentzat, 2021ean sektoreko fakturazioaren % 83 izan baitziren. Kudeaketa berria lortuko balitz, bi espezie horien errentagarritasuna handitu ahal izango litzateke.

Miren Garmendiak, Opegiko zuzendariak, baxurako arrantzaren sektoreari balioa emateari eta Kofradia-itsas Etxeak egiten duen dibulgazio-lanari buruz hitz egin du, honako jarduera hauek nabarmenduz:

• Izan Arrantzale: 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako arrantza-tailerrak, arrantza-mundua eta itsas ekosistema hurbiltzeko. Motoras de la Isla eta Kaixo Musto-rekin elkarlanean.

• Sartu baxurako itsasontzi batean eta ezagutu Donostiako portuaren historia Euskal Itsas Museoarekin eta Isturiz I arrantza untziarekin lankidetzan.

• Pasaiako Lonja bisitatzea, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa itsasontziarekin lankidetzan.

• Saregileen tailerra Hondarribiko saregileen HONSARE proiektuaren eskutik.

• Sasoiko uztartze gastronomikoak: bertako edariekin (Getariako Txakolina, Euskal Sagardoa, Malagissona garagardoa...) eta garaiko arraiekin dastaketak. Hori guztia arrantzale baten kontakizunekin.

• Kontserba-tailerrak: Euskadiko kontserba-enpresen eskutik.

Garmendiak Kofradia-Itsas Etxearen egutegian egongo diren beste jarduera batzuk ere azpimarratu nahi izan ditu, hala nola, itsas korapiloen tailerra, parrillaren trikimailuak, nutrizio-hitzaldiak, baxurako arrainean oinarritutako sukaldaritza-ikastaroak, etab. Halaber, 2022rako berrikuntzetako batzuk aipatu dira, hala nola, Ortzeren bisita, Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza B.H.I-ren eskola-ontzia, Donostiako Portura etorriko da. Euskadiko eskola ezberdinekin lankidetzak egingo dira gaztetxoenei baxurako arrantza ezagutarazteko asmoz.

Eta, azkenik, urteko azken hiruhilekoan Kofradia-Itsas Etxea sarien bigarren ekitaldia izango da, Ekitaldi honetan baxurako arrantzari balioa ematen zaio, sektorearentzat giltzarri izan diren hainbat pertsona omenduz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak