Euskadik zabaldu du Hosteltur-ek antolatutako turismo-helmuga jasangarriei buruzko foroen zikloa

2022-02-17
  • Turismoko sailburuak Euskadiren turismo-jasangarritasuneko estrategia azaldu du, eta 67 milioi euro mobilizatuko dituen estrategia hori Kode Etikoa eta Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Plana gisako ekintzetan gauzatzen dela adierazi du.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak zabaldu du Hosteltur-ek antolatutako helmuga jasangarriei buruzko zikloa. Zikloa urte osoan eta Espainiako zenbait lekutan egingo da, eta zikloaren helburua da gaur egun eta etorkizunean egingo diren ekintzak ezagutzea eta helmugetan eta sektoreko enpresen artean jasangarritasuna bultzatzea.

Sailburuak Euskadiko turismo-politikaren errepasoa egin du, eta, bere hitzetan, politika horrek gobernantza publikoarekin eta lehiakortasun pribatuarekin uztartzen diren eta Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen prestakuntza, konpromiso eta helburuak biltzen dituzten ekintza estrategikoak garatzen ditu. “Horretarako, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan oinarritzen den programa ezarri dugu, eta programa horri 530 enpresa baino gehiago atxiki zaizkio jada. Zehazki, helburu kolektibo horiek denon artean betetzeko, eta denok izateko aldaketa horren benetako egile eta motor”, adierazi du sailburuak.

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa 8 konpromisotan laburbiltzen da, Euskadiko turismo-erakundeek gizarte-erantzukizunak eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna txerta ditzaten eguneroko jardunean; esate baterako, turisten eskubideak errespetatzea, haien berezitasunak, bizimodua, gustuak, itxaropenak edo sinesmen-aniztasuna errespetatzea. “Helburua da eragile guztiek eguneroko jardunean erantzukizuna eta jasangarritasuna aintzat hartzea, betiere errespetua eta ulermena oinarri hartuta”.

Jardunaldian azaldu denez, Euskadirako Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Plan berriak eragin eraldatzailea izan nahi du xedeen modernizazioan, eta, horretarako, lurralde-kohesioa eta garapen turistiko orekatua indartu nahi ditu, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babesean. Lurralde Plan hori Espainiako Gobernuaren Turismo Jasangarritasuneko Estrategiaren parte da. Euskadik 67 milioi euro jasoko ditu 3 deialditan, 2023ra arte. 2021eko lehen deialdi honetan 24 milioi mobilizatu dira hamaika helmugatan.

Inaugurazio-ekitaldian, Turismoko sailburuaz gain, Manuel Molinaren Hosteltur-eko zuzendariak eta Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariak ere parte hartu dute, eta azken honek Euskadik jasangarritasunaren arloan duen estrategia azaldu du.

Gainera, jardunaldian euskal turismoaren sektoreko erakunde publikoetako eta pribatuetako hiru ordezkarik ere parte hartu dute: La Casa del Patrón hotel eta jatetxeko Ana Maria Gonzálezek, Bilboko Turismo Bulegoko Esther Virtok eta Zerupe hoteleko Josemari Alkortak. Zenbait esparrutan jasangarritasuna hobetzeko ekintzen inplementazioan izan duten esperientzia azaldu diete bertaratuei.

Era berean, ekitaldian workshop birtual bat egin da, eta bertaratu direnek Euskal Autonomia Erkidegoko 10 enpresarekin egin dituzte bilerak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak