Artium Museoak “101. ondare publikoa eraikiz” aurkeztu du, Gure Artea gordailuko artelanen erakusketa

2022-02-17
  • Erakusketak 80ko eta 90eko hamarkadetako hogei pieza inguru biltzen ditu, Euskal Herriko artearen esparruan dauden hizkuntza, proposamen eta eztabaida irekien aniztasunaren adibide

  • Gure Artea Sariak 40 urte beteko ditu 2022an

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, 101. Ondare publikoa eraikiz erakusketa aurkeztu du (A4 aretoa, 2022ko apirilaren 24ra arte). Aurkezpenean izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Ramiro Gozalez Arabako Diputatu Nagusia eta Artium Fundazioaren presidentea, Beatriz Herráez Artium Museoaren zuzendaria eta Enrique Martínez Goikoetxea erakusketaren komisarioa.

Erakusketaren izenburuko zenbakiak Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren funtsetatik Artium Museoa Bilduman 2021era arte sartutako artelanen kopurua du aipagai, gehienak 1982 eta 1995 aldiko Gure Artea sariei lotutakoak. Kultur berrikuntza eta aldarrikapen soziala bat datozen une konprometitu eta definizio-egarri baten isla diren hogei bat pieza bildu dira erakusketan. Enrique Martínez Goikoetxeak egin du komisariotza lana.

1982 eta 1995 arteko edizioetan 96 sari eman ziren, diziplinen arabera antolatuak —pintura eta eskultura lehen edizioan, horiei grabatua gehitu zitzaien bigarren deialdian, eta argazkia 1989. urtetik aurrera—. Hurbileko publikoari zuzendutako erakusketetan parte hartzen zuten lanak ziren, garai bateko egiteko moduen kartografiak, eta, ondoren, euskal administrazioaren funtsen parte izatera pasatzen ziren.

Gure Artea Sariek 40 urte bete dituzte 2022an sortu zirenetik. Gaur egun duen sari hirukoitzaren—artista bati, kudeaketari eta ibilbideari— formatura iristeko bidean, hainbat aldaketa izan ditu, baina, zalantzarik gabe, ikusgarritasuna emateko espazio berezi bat sortzeko balio izan du, eta bertan bat egin dute Euskal Herriko artearen esparruan piztutako eztabaiden berri eman izan duten hizkuntza eta proposamen anitzek.

101, gainera, pauso garrantzitsua da ondarea eta oraintsuko historia kontserbatzeko eta aztertzeko. Sariaren parte diren artista eta obra multzo izugarria —lehen sorta bat aurkezten da orain— une konprometitu eta definizio-egarri baten isla da. Kultura-berrikuntza eta gizarte-aldarrikapena bat zetozen aldi batena, non borondate politikoak oinarrizko eragile gisa ikusten zituen artistak, guztiona denaren iruditeria berri bat eraikitzeko.

101ek museoaren lan-ildo nagusi batzuk nabarmentzen ditu, ondare publiko garaikidea kontserbatzeko, ikertzeko eta zabaltzeko eginkizunei lehentasuna ematen dietenak, hain zuzen ere. Ia 2.500 artelanek osatzen duten Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren ondare funts paregabean 101 artelan horiek sartzea urrats berri bat da oraina aztertzen eta hausnartzen laguntzeko zereginean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak