Elkarlan Sariak
Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2022/2/18)

2022-02-18

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gutxieneko soldata EAEko errealitatera egokitzeari buruz. 

Lehendakariak gogorarazi du ez Legebiltzar honek ez Eusko Jaurlaritzak ez dutela eskumenik Estatu osorako ezarritakoaz bestelako lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko. Dena den, azpimarratu du, gutxieneko oinarri horren gainean, guztiz egingarria eta desiragarria dela euskal langileen soldatak eta lan-baldintzak gure Erkidegoko egoera sozioekonomikoari egokitzea. Premisa hori betetze aldera, Urkullu Lehendakariak azaldu du Aurrekontuak onartzeko akordioan horrela jaso zela eta horrela egingo dela: “enpleguko eta elkarrizketako esparru guztietan, gutxieneko soldata batez besteko errentarekiko proportzionala izatea”.

Baina, nabarmendu du horretarako legitimazioa duten aldeen arteko negoziazio kolektiboaren bidez bakarrik lor daitekeela egokitzapen hori; hau da, sindikatu eta enpresa-eragileen bidez; eta adierazi du Gobernuak edo Legebiltzarrak ez dutela ordezkatu edo baldintzatu behar alde bakoitzak duen gaitasuna. “Euskadin, gure ekonomiaren eta enpresen egoerari egokitutako negoziazio kolektiboa errazteko tresnak ditugu. Horiek errespetatzea da kontua, eta, batez ere, haietan parte hartuz erabiltzea. Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaz ari naiz”, gaineratu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, etorkizuneko hezkuntza-itunari buruz. 

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoa Gobernu Programan konprometituta dagoela: “Bidezko eta kalitatezko hezkuntza-zerbitzua indartzea, euskal eskola publikoaren funtsezko izaera aitortuz”.

Hezkuntzako eragile askori entzun ondoren eta Ponentziaren lana ikusita, Lehendakariak adierazi du borondate partekatua dagoela hezkuntza-esparru berri baten beharrari dagokionez, ahalik eta adostasun handienarekin, datozen hamarkadetan euskal hezkuntza eraldatzen eta hobetzen laguntzeko, eta ekitatean eta bikaintasunean aurrera egiteko. Hori horrela, Iñigo Urkulluk adierazi du “abiapuntu, borondate eta denbora” dagoela ekarpenak jasotzeko eta Jaurlaritzari dagokion lege-proiektua onartzeko. Hortik aurrera, “ez dezagun ahaztu Hezkuntza Legea legebiltzar honek eztabaidatu, kontrastatu eta onartuko duela, talde guztien parte-hartzearekin, baita berea ere”, amaitu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko hezkuntzaren etorkizunari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du etorkizuneko Legearen espiritua “tolerantzia, integrazioa eta bizikidetza” izango direla, indarrean dagoen Legeak aitortzen dituen printzipioak, eta eutsi egingo dira proiektu berrian ere, “ekitatean eta bikaintasunean, aukera-berdintasunean eta kalitatearen hobekuntzan aurrera egiteko helburua duen proiektu berrian”. Hala, azpimarratu du hezkuntza-itun berriak gure etorkizuna modu berritzailean jorratzea ahalbidetuko duen tresna izan behar duela.

Jasotako ekarpenek “arrasto sektarioa dutela eta euskal gizartearen errealitate pluralarekin zerikusirik ez dutela” dioen baieztapenaren inguruan, Lehendakariak azpimarratu du ekarpenak pluraltasunaren eta aniztasunaren aitorpen bat direla. "Ekarpenek eskola publikoaren, funtsezkoa gure herrien, eta itunpeko eskolaren arteko bizikidetza aitortzen dute. Ekarpenek bi hizkuntza ofizial izatearen aktiboa aitortzen dute, eta BI hizkuntza horiek menderatzea ahalbidetzen duen eredu bat babesten dute, eta, gutxienez, hirugarren bat” zehaztu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)