Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Europar Batasunaren eta Akitaniako Gobernuaren ordezkaritza batek abiadura handiko trenaren obrak ikuskatuko ditu

2011.eko irailak 28

Euskal “Y”-aren 39 zatietatik (Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako adarrak) 30 zatitako (%77) lanak martxan egongo dira urte honen amaieran

Europar Batasuneko ordezkaritza batek, Carlos Secchi buru dela, Gipuzkoan burutzen ari diren Euskal Trenbide Sare Berriaren, Euskal “Y”-aren, lanak bisitatu ditu, Iñaki Arriolarekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuarekin, batera. Carlos Secchi, Europa barruko Garraio Sarearen (TEN-T) Lehentasunezko Proiektuen Koordinazio Unitatearen arduraduna eta Europar Batzordeko Europako Hegomendebaldeko Abiadura Handiko Trenbide Ardatzerako Lehentasunezko Proiektuaren (DG Move) Koordinatzailea da. Gipuzkoako amarraren burutzapena eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Arriolak eta Secchik, Bernard Uthurryrekin, Akitaniako Lurralde Kontseiluko lehen Presidenteordearekin, Jacques Coutourekin, Interes Ekonomikoko Talde Europarreko (Dax-Gasteiz) Zuzendariarekin, Carlos Juarezekin, Sustapen Ministerioko Gabinete Zuzendariarekin, eta Carlo de Grandis, Europear Batzordeko DG Moveko ordezkariarekin batera, ibilbide bat egin dute helikopteroz, Gipuzkoako adarrean burutzen ari diren zati ugarien garapena ikuskatzeko.

Ondoren, lurrean jada, gehien bat tunel barruan doazen Tolosa eta Legorreta zatietako lanak tokian bertan egiaztatu ahal izan dituzte. Iñaki Arriola Sailburuak, Eusko Jaurlaritzak azpiegitura horren eraikuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu die, eta gogoratu die 2012an Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuen 350 milioi euro erreserbatuko dituela lan horietarako, aurtengo ekitaldian baino %27 gehiago.

Urtea amaitu baino lehen, Euskal Trenbide Sare Berria, Euskal “Y”-a osatuko duten 21 zatietatik 16 zatitako lanak martxan egongo dira. Hau da, 53,4 kilometro, edo trazatuaren %69,6.

Opor osteko lehenbiziko Gobernu Bileran, Eusko Jaurlaritzak Zizurkil-Andoain, Hernani-Astigarraga eta Ezkio Itsaso zatien lizitazioa onetsi zuen, 329 milioi euroren truke. Horrela, 2011n lizitatuko den eta lanak datorren urtearen hasieran martxan jarriko diren Hernialde-Zizurkil zatia, Hernani-Astigarraga (2.fasea) eta Donostiako eta Irungo geltokietara egin beharreko sarbideak izan ezik, Euskal Y-aren Gipuzkoako zati guztietako lanak martxan egongo dira urte hau amaitu aurretik. Gure helburua, abiadura handiko trena Gipuzkoako hiriburura 2016an heltzea da.


 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak