Gerra Zibilean eta gerraostean frankistek fusilatutakoen senitartekoei egingo den omenaldi-ekitaldian parte hartzeko deia egin die Gogorak
- 2.000 pertsona inguru exekutatu zituzten, 1936aren eta 1945aren artean, matxinatuek
- Gatazkaren hasieran, exekuzioak inolako epairik gabe egin ziren; 1937. urte-hasieratik, prozesu sumarisimoak izan ziren
Vitoria-Gasteiz, 2022/02/16
Eusko Jaurlaritza eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua ekitaldi bat antolatzen ari dira eta azken ukituak ematen ari dira; frankismoak 1936aren eta 1945aren artean demokrazia defendatzearren fusilatutako pertsonen oroimenez izango da ekitaldia (Gerra Zibila eta gerraostea). Hura egiteko, matxinatuek exekutatutako pertsonen senitarteko guztiak gonbidatzen ditu Gogorak Institutuarekin harremanetan jartzera, informazioa batu eta omenaldian parte hartu ahal izateko. Horretarako, 944 032 843 telefonoa dei dezakete edo mezua bidali gogora.memoriahistorikoa1@euskadi.eus helbidera.
Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak aldi horretan EAEn exekutatutako 2.000 pertsona ingururi egingo die omenaldia: bai alderdi frankistak epai judizialik gabe eginiko fusilamenduak, «paseatuak» izenarekin ezagutzen direnak, bai Gerra Kontseiluak exekutatutakoak.
Gogoraren datuak
Judizioz kanpoko errepresio frankista, arautu gabea, 1936ko uztaileko altxamendu asaldatzailearen ondoko lehen hiletan gertatu zen batez ere. 1937ko hasieran hasi ziren auzitegi militarrak eratzen eta prozesu sumarisimoak gertatzen eta, hala, frankisten legezko makineria errepresiboa koipeztatzen. Gogoraren Txostena: Euskadin gerra zibilean hildako biktimak dokumentuan jasotzen den bezala, judizioz kanpoko exekuzioak oso ugariak izan ziren estatu-kolpeak garaitu zuen lurraldeetan edo hurrengo hilabeteetan frankisten eskuetan erori ziren lurraldeetan. Euskadiren kasuan, errepresio mota hori askoz ere handiagoa izan zen Araban eta Gipuzkoan Bizkaian baino.
Judizioz kanpo exekutatuen kopurua zehaztugabe dago erregistro zibiletan edo parrokia-liburuetan jaso gabe, edo, jasota daudenean, heriotzaren egiazko zergatia ezkutatzen duten kontzeptu batzuen barruan daude, eta horrek asko zailtzen du Gogorako ikertzaileen lana. Erabilgarri dauden artxiboetan eta bibliografian egin den ikerketaren ondorioz jakin da 1.191 lagun fusilatu zituztela judizioz kanpo EAEn, eta, haietatik, 54ren identitatea ezagutzen ez dela. 43 emakumeak dira eta 1.148, gizonak.
Matxinatuek judizioz kanpo exekutatutakoak. Lurraldeen arabera
Bizkaia |
Gipuzkoa |
Araba |
Beste batzuk / ezezaguna |
GUZTIRA |
67 |
542 |
214 |
368 |
1.191 |
Araban, altxamendu frankistak garaitu izanak eta Gipuzkoako zati handiena 1936ko irailean konkistatu izanak ekarri zuen lehen hiletan judizioz kanpoko errepresio-kasu ugari egotea, harik eta auzitegi militarrak eratu arte. Hala eta guztiz ere, Bilbo erori zenerako, 1937ko ekainaren 19an, legezko errepresio-makineria frankista erabat koipeztuta zegoen. Hortaz, gerra-kontseiluaren exekuzio-kasuak askoz ugariagoak izan ziren Bizkaian beste bi lurralde historikoetan baino.
Hala, 1937ko hasieratik, eskala handiko errepresioa premiazko prozesu sumarisimoen bitartez bideratzen hasi zen. Euskal herritarrei dagozkien gerra-kontseiluak Ipar-mendebaldeko Eskualde Militarreko Bitarteko Artxibategian (AIRMN) daude. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek 2006 eta 2007 artean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Burgosen, Logroñon eta Kantabrian jardun zuten auzitegiei zegozkien espedienteak berreskuratu zituzten, auzipetze bakoitzaren lehen orrialdearen eta epaien argazkiak eginez (150.000 argazki inguru); auzitegi horietan epaitu zituzten euskal herritar gehienak. Ondoren, irudi horiek datu-base batera irauli ziren (55.546 izen guztira).
Informazio-bolumen hori guztia berrikusi ondoren, Gogorak EAEn bizi ziren herritarren aurkako heriotza-zigorra eman zuten epai guztiak bildu ditu Gerra Zibileko eta gerraosteko hildako biktimei buruzko txostenean. 1.003 lagun epai judiziala emanda exekutatu zituzten, 17 emakume eta 986 gizon, informazio horren arabera. Haien artean daude, batetik, EAEn fusilatutako guztiak, eta, bestetik, EAEtik kanpo, gehienak Kantabrian (121), heriotza-zigorra ezarrita exekutatu zituzten euskal herritar guztiak.
Gerra-kontseiluak exekutatutako pertsonak. Lurralde historikoaren arabera.
Bizkaia |
Gipuzkoa |
Araba |
Beste batzuk |
GUZTIRA |
536 |
92 |
29 |
346 |
1.003 |