Berriak Lehendakaritza

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Osasun Sailak, Osakidetzak, Osalanek eta Gizarte Gegurantzako Institutu Nazionalak baterako ekintzetarako hitzarmen berria sinatzeari, amiantoaren eraginpean dauden langileei ematen zaien arreta hobetzeko

2022-02-15
  • Gobernu Kontseiluak 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen dibulgazio soziala sustatzeko diru-laguntzen programa onartu du

  • Eusko Jaurlaritzak 1,1 milioi euroko deialdia onartu du Euskadiko zinema-aretoak sustatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin batera.

Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak  baimena eman duela Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Osalanen arteko hitzarmen berrirako; hitzarmen horren bidez, protokolo bat ezartzen da, amiantoaren laneko erabileraren ondoriozko patologien eraginpean dauden langileei bai osasun-mailan bai lanbide-mailan eragin zaien kaltea irizpide fakultatibo homogeneoen arabera ebaluatzeko. Zupiriak azaldu duenez, hemendik aurrera, irizpide bateratuen arabera artatu ahal izango dira egoera hauek: aldi baterako lan-ezintasuna, ezintasun iraunkorra edo beste ezintasun-maila batzuk, aurrekari guztiak kontuan hartuta erabakiko dira. Era berean, hiru erakundeen arteko beste jarduera batzuk egingo dira, arreta hobea bermatzeko, bai prebentzioaren arloan, bai arlo klinikoan, bai balorazio kliniko-laboralean ere.

2030 AGENDAKO BONUAK

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak 2030 Agendako Bonuen Programa aurkeztu du, 500.000 euroko zenbatekoa duena. Diru-laguntzen deialdi hau, zehazki, 2030 Agenda gizartean zabaltzeko eta ezagutzeko ekintzak sustatzera bideratuta dago, baita herritarren partehartze-ekimenak sustatzera ere Agendaren edukiaren inguruan; euskal elkarte-sareko erakundeei ekintza horiek dinamizatzen lagunduz.

2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren Legegintzaldiko lan-plangintza da, Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzeari dagokionez. Programa horren diagnostikoan egiaztatzen da gizarteak ez dakiela 2030 Agenda zer den eta zer ordezkatzen duen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Legegintzaldi honetarako planaren lau ardatzetako lehenengoa 2030 Agenda zabaltzea da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Ekonomia arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Urteko Estatistika Egitaraua baimentzen duen dekretua onartu du. Bertan 210 estatistika-eragiketa planteatzen dira, aurreko urtean baino bat gutxiago, 21 milioi euroko kostuarekin. 

Halaber, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2025eko urtealdian 10 milioi euro igotzea Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) etorkizuneko konpromisoak, jasangarritasun energetikoko proiektuetarako maileguak emateko. Ondorioz, erakunde publikoaren aurrekontua aldatu egingo da baldintza horietan. 

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duela Euskadiko Zinema-aretoen berrikuntzarako, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako proiektuak alde batetik, eta bestetik publikoak sortzeko eta fidelizatzeko proiektuak, eta ikus-entzunezko kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia. Guztira 1.153.000 euro izango dira.

Gainera, Gobernu Kontseiluak 2022an arte plastiko eta ikusizkoen arloan jarduera zehatzak burutzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 464.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 19.000 euro gehiago.  

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak