4,6 milioi eurotan lizitatu dira San Lorentzo urmaela handitzeko eta Txingudiko naturguneen konektibitatea hobetzeko obrak

2022-02-14
  • Lizitazioa ebatzi ondoren, marearteko eremuei lotutako padura-ekosistemak berreskuratzeko lanak udan hasiko lirateke, eta 14 hilabeteko gauzatze epea izango dute
  • Arantxa Tapia sailburua Txingudiko Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordeko buru izan da, eta lizitazio-prozesuaren eta ingurunea berreskuratzeko egutegiaren berri eman du
  • Tapiak azaldu duenez, “gaur egun Euskadin ingurumena lehengoratzeko egiten ari den proiekturik anbiziotsuena” da, eta 2021ean lurraren berezitasun geotekniko eta morfologikoetara egokitu behar izan da

San Lorentzo urmaela handitzeko proiektua, eta Txingudiko badiaren inguruko naturguneen konektibitatea hobetuko duen proiektua lizitatuko da; 4,6 M€ko aurrekontua izango du proiektuak, eta 14 hilabeteko epea egikaritzeko. Aurreikuspenen arabera, obrak uda honetarako hasiko dira. Jarduera-eremua Txingudiko paduretan dago, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren hego-mendebaldean, Irun eta Hondarribia udalerrien artean.

Iragarpena Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak egin du, Txingudiko Plan Zuzentzailearen Jarraipenerako Erakunde arteko Batzordearen buru izan delarik. Bilera Txingudiko Ekoetxean egin da, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Irun eta Hondarribiko Udaletako eta Espainiako Gobernuko Kostaldeetako Lurralde Ordezkaritzako ordezkariek osatu dute.

Tapiaren arabera “gaur egun Euskadin ingurumena lehengoratzeko egiten ari den proiekturik anbiziotsuena da”. Sailburuak azaldu duenez, “2021ean naturgune hori lehengoratzeko eta konektatzeko proiektua aktibatu ondoren, proiektua moldatzeko lan handia egin behar izan da, lurraren berezitasun geotekniko eta morfologikoetara egokitzeko”. Egiaztatu zen azpiko lurrak eusteko ahalmen txikia zuela, lohi eta harez osatuta dagoelako, karga onargarri oso baxuarekin eta asentatze handiak sortzeko aukerarekin. Hori dela eta, mikropilote bidezko zimendatze gehigarria aurreikusi da, hain zuzen ere arroka irmoa bilatzen duena (15-20 metroko sakoneran). Hasierako proiektua 2,7 milioi eurokoa bazen ere, behin betiko proiektuak lizitazioaren xede den oinarrizko aurrekontua 4,6 milioi eurokoa izango da.

Jarduera horiek Txingudiko Plan Zuzentzailearen barruan sartzen dira. Plan horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak elkarrekin inbertitzen jarraituko dute Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsak eta propioak, Planaren helburuak betetzera bideratutako jarduerak gauzatuz.

Aurkeztutako jarduketa ekologia-, ingurumen- eta paisaia-balio handia duen espazio batean garatuko da. Jarduera honen bidez, marearteko eremuei lotutako padura-ekosistemak berreskuratu nahi dira, eta espazioaren erresilientzia areagotu, klima-aldaketaren inpaktuen aurrean.

Proiektuaren oinarria aintzira handitzea eta Mendeluko eta Pierre Lotiko oinezkoen ibilbideak Plaiaundiko atzealdetik lotzea da. Obraren zeregin nagusia lur-mugimendu bat egitea izango da, lurra egokitu ahal izateko, itsasaldietara irekitako aintzira bat eratzen duen geometria lortzeko. Bokalea ireki egingo da ura sartzeko, eta indusketako lurrak berrerabiliko dira lubetak eratuz.

Lurzoruaren egokitzapena amaitu ondoren, bidegorri baten berezko urbanizazio-lanak egingo dira. Eraikuntzako hiru konfigurazio mota aurreikusten dira: lubetan, 4 metroko bidegorria zuzenean lurrean bermatuta; hegalkinean, hormigoizko lauza baten bidez hegan; eta pasabidean, zurezko eta hormigoizko egitura mistoekin. Hainbat pasabide aurreikusten dira jarduketa-eremuko hainbat puntutan (Mendeluko erreka zeharkatzeko edo aintziren arteko 2 konexioak gainditzeko).

Txingudi mapa

Azkenik, birlandatzeko eta ingurumena lehengoratzeko lanak egingo dira. Lan horiek klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko gaitasun handiagoa emango diote lursailari, bai eta proiektu hori gauzatzeko erabiltzen diren espezie migratzaileak hartzeko baldintza egokiak ere. Horretarako, birsortze ekologikoaren irizpideari jarraitu zaio, helburua marearen eraginpeko eremuaren jatorrizko ezaugarri botanikoak berreskuratzea baita, Plaiaundiren kasuan bezala.

Hondarribia-Irun-Hendaia konexioa

Jarduketa hori etorkizunean egingo den konektibitatea hobetzeko obraren aurretik egingo da. Honela eremu hori Pierre Lotti pasealekutik Irunera lotuko da eta Hendaiara berriz, Santiagoko zubiaren bidez. Honela hiru herrien arteko lotura osatuta geratuko da. Gainera, Hondarribia - Irun - Hendaia arteko lotura estuarioko naturguneak utzi gabe konponduko litzateke, Amuteko zubitik hasita, Pierre Lotik Plaiaundi inguratuz, Santiago zubiraino, ibilbidean paisaia bikain baten pertzepzioa indartuz.

Jarduketa-eremuaren ia % 100 urak har dezakeen eremu batean dago, 10 urteko errepikatze-denborako eremu batean. Jarduketa-eremuaren egungo egoera 2019an Plaiaundiko institutuaren atzealdea desegiteko egin zen obraren azken emaitzatik abiatzen da. Obra hori proiektu honen xede den obrarako lurra prestatzen ari zen.

Txingudiko Plan Zuzentzailea 2015-2026

Txingudiko estuarioetako ekosistemen konektibitatea leheneratzeko eta hobetzeko Plan Zuzentzailean aurreikusitako jardueren barruan sartzen da proiektu hau. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiarekin batera. Europako Next Generation funtsak eta baliabide propioak batera inbertitzen jarraituko da, Planaren helburuak betetzera bideratutako jarduerak gauzatuz.

Zehazki, San Lorentzoko jardueran, Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi euro inbertitu ditu dagoeneko: desjabetzeetan, desmantelamendu-lanetan, proiektuaren idazketan eta obra-zuzendaritzako lanetan.

2014an, Eusko Jaurlaritzak, gainontzeko administrazioekin elkarlanean, Txingudiko padurak leheneratzeko eta konektatzeko premiazko lehentasunen diagnostikoa eta azterketa egin zuen. 1991tik egindako hobekuntzak egiaztatzearekin batera, egiteke zeuden erronka batzuk identifikatu ziren. Era berean, Natura 2000 Sarean sartuta dauden espazioen eta estuarioetako ekosistemen leheneratzeari buruzko ikuspegia berritzeko beharra ikusi zen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Txingudiko ekosistemen konektibitatea berreskuratzeko eta hobetzeko hainbat proiektu eta jarduera koordinatzeko dokumentu bat sortzea sustatu zuen, Txingudiko 2015-2026 Plan Zuzentzailea, alegia.

Txingudiko paduren berezitasuna Bidasoako estuarioan dagoen 95.000 biztanleko konurbazioaren bihotzean egoteak eragiten du. Hendaiak, Irunek eta Hondarribiak osatzen dute, eta, gainera, azpiegitura handiak daude bertan. Gipuzkoako Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bakarra da, eta puntu berezia da hegaztien migrazio-prozesuetan. Naturalizatutako enklabe gisa nabarmentzen dira erreferente bihurtu direla, bai beren ingurumen-balioengatik, bai inguru horretan bizi eta bisitatzen diren pertsonen bizi-kalitatean dituzten ondorioengatik. Gainera, duen garrantziaren ondorioz, Txingudi Nazioarteko Intereseko Hezegune gisa agertzen da, Ramsar Hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Ignacio Asensio (Ingurumena eta Obra hidraulikoetako diputatua), José Antonio Santano (Irungo alkatea) eta Txomin Sagarzazu (Hondarribiko alkatea)