Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak 11 pertsonari aitortu die merezimendua larrialdien eta babes zibilaren arloan egindako ekintza solidarioengatik

2022-02-12
  • Josu Erkorekak euren ekintza kementsuen bidez larrialdi-egoeraren batean zeudenei lagundu zieten 11 pertsona horiek erakutsitako konpromisoa eta balio solidarioak nabarmendu ditu
  • Horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman integratuta dauden boluntarioen ardura ere aitortu du
  • 2021ean 112-SOS Deiak zerbitzuak 719.029 dei hartu zituen eta 218.003 gertaera kudeatu zituen, gehienak larrialdi medikoak, kaleko arriskuak eta herritarren segurtasunarekin zerikusia zuten arazoak.

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Fernando Izaguirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak gaur banatu dituzte larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen 11 dominak (bereizgarri gorriko 2 eta bereizgarri berdeko 9) eta plaka-diploma bat iaz herritar solidarioak izateagatik nabarmendu ziren pertsonei. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan egin den ekitaldian iaz zerbitzuan 10 eta 25 urte bete zituzten babes zibilaren arloko boluntario-taldeek egindako lana ere aitortu dute.  

Ohorezko-aitorpen hauen helburua da urtero nabarmentzea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten taldeen lana, bai eta larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo moduan nabarmendu diren organizazioak edo pertsonak ere.

Dominak 112ren Europako Egunean banatzen dira beti, eta egun horretan larrialdiei aurre egiteko 112-SOS DEIAK zerbitzuaren balantzea ere eskaintzen du Jaurlaritzak:

  • SOS Deiak – Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, 112 telefono-zenbakiaren bidez, 029 dei hartu zituen eta 218.003 gertaera kudeatu zituen 2021ean.
  • Kudeatutako gertaera gehienak larrialdi medikoekin (% 22,76), kalean hautemandako arriskuekin (% 18,29), herritarren segurtasunarekin (% 16,25), pertsonen istripuekin (% 13,43) eta trafiko-istripuekin (% 8,95) lotuta zeuden.
  • Lurraldez lurralde, Bizkaian 383.518 izan ziren, Gipuzkoan 224.586 eta Araban 110.925.
  • Bestalde, SOS Deiak zerbitzuaren APPak, denbora berean, 55.183 deskarga erregistratu zituen eta 540 gertaera kudeatu ziren; eta eCall sistemak, berriz, larrialdietako 810 dei sortu zituen eta horietatik 85 gertaera errealei zegozkien.

Bereizgarri gorriko dominak (2)

Bereizgarri gorriko domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.

  • Mouhammad Diouf:2021eko ekainaren 20an, Mouhammad Diouf senegaldarrak Nerbioi Ibaiadarreko uretara jauzi egin zuen Bizkaiko hiriburuko Mesedeetako zubiaren parean ondoeza izan zuen 72 urteko gizon bat erreskatatzeko.
  • Iñaki Agirre:2021eko urtarrilaren 10ean, Iñaki Agirre Moránek Orioko Antilla hondartzan ustekabean itsasora erori zen parapentelari bat erreskatatu zuen. Iñaki Agirre surf egitera joan zen hondartzara. Erreskatea zaila izan zen, emakumeak hankak lotuta baitzituen parapentearen sokekin.

Bereizgarri berdeko dominak (9)

Bereizgarri berdeko domina, besteak beste,  larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.

  • Joseba Mirene Elorrieta:2021eko urtarrilaren 2an, 4an eta 5ean, Joseba Mirene Elorrieta Mendiolak, Gorbeako Arraba aterpetxeko guardak, Gorbean galduta zebiltzan bi pertsona erreskatatzeko lanetan aktiboki parte hartu zuen eta aterpetxean hartu zituen jaitsi ezin ziren beste 4 mendizale.
  • Borja Villarejo:2021eko martxoaren 27an, Borja Villarejo Fernándezek, Traumatologiako bosgarren mailako egoiliarrak, Laidako hondartzan (Ibarrengelu) zegoenean, korronteak eraman ondoren konorterik gabe eta bihotz-biriketako geldialdian zegoen 5 urteko adingabe bat suspertzea lortu zuen.
  • Vanesa Hernández:2021eko apirilaren 12an, Vanesa Hernández Elvirak, lanbidez erizainak, bihotz-biriketako bizkortze-maniobra egin zion Irungo kale batean bihotzeko geldialdia izan zuen gizon bati. Gainera, Vanesak zaineko bide bat jarri zion, eta erabakigarria izan zen gizonari bizia salbatzeko.
  • Ye Traore:2021eko maiatzaren 17an, emakume batek umea izan zuen Gasteizko familiaren etxean. Ye Traore alaba, 10 urtekoa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoa eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroarekin harremanetan jarri zen 112 telefono-zenbakiaren bidez laguntza eskatzeko. Adingabeak telefono-operadoreak eskatutako datu guztiak eman zituen zehaztasunez.
  • Ana Justa Román:Bere espiritu solidarioari esker, Sestaoko udaltzainek eta suhiltzaileek etxean erorita zegoen eta Anarekin inolako familia edo adiskidetasun harremanik ez zuen adineko emakume bat erreskatatu zuten 2021eko uztailaren 31n.  
  • Richard Maikel Ortega:2021eko irailaren 4an, Richard Maikel Ortega Arizak Mirafloresko zubitik, Bilbao-Bermeoko noranzkoan, bere burua bota nahi zuen emakume bati bizia salbatzen lagundu zuen. Richardek larrialdiei aurre egiteko baliabideei deitu zien eta emakumearekin egon zen, hizketan eta lasaitzen, eta bere asmoan atzera egitea lortu zuen.
  • Jesús Etxebarria:2021eko irailaren 17an, Jesús Etxebarria Fernández de Larrinoak Donostiako kale batean, bihotz-biriketako geldialdia izan ondoren, konortea galdu zuen gizon bati lagundu eta bizia salbatu zion.
  • Ibai Rengel:2021eko urriaren 1ean, Ibai Rengel Caballerok N-634 errepidean, Getarian, harrapatu berri zuten eta, istripuaren ondorioz, gorputz-adar bat galdu zuen pertsona bati lagundu zion. Ibai Rengel Caballerok eremua inguratu zuen, larrialdietako zerbitzuetara deitu zuen, zauritua lasaitu zuen, hasierako torniketea egin zion, moztutako gorputz-adarra aurkitu zuen, izotz bila joan zen gorputz-adarra egoera onean mantentzeko eta lekuan egon zen laguntza-zerbitzuak iritsi arte.
  • Maialen Villanueva:2021eko urriaren 13an, 77 urteko gizonezko batek bihotz-biriketako geldialdia izan zuen Pasaiako kale batean. Maialen Villanueva Llanos osasun-larrialdietako teknikaria inguruan zebilen, eta une horretan bizi-konstanterik ez zuen biktima suspertzea lortu zuen osasun-zerbitzuak iritsi aurretik.

Plaka-Diploma

  • Galdakao Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE): Urriaren 28an, Galdakaoko Galdakao Boluntarioen Gizarte Elkarteko hainbat boluntario La Palma uhartera joan ziren, bertako herritarrei Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak teilatu, ate eta leihoetan eragindako errautsa garbitzeko eta erretiratzeko lanetan laguntzeko.

Diplomak

Ekitaldian, dagokion diplomaren bidez, 25 urte bete dituen Zingira Zarautz – Zarauzko Babes Zibilari ere aitorpena adierazi zaio.

Bestalde, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten boluntarioen lana ere aitortu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak