Berriak Herrizaingoa
Eu

Arkautik, ehurekin Lankidetzan, Segurtasun eta Larrialdietarako Graduatuaren Unibertsitate Titulua bultzatu du aurten (2011-09-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko irailak 27

Erabakia: Segurtasuna eta Larrialdien Kudeaketan Graduatuaren Titulua lortzera bideratutako ikasketak garatzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzeko dena.

 Unibertsitate mailako titulu batekin, euren formazio maila hobetzeko aukera eskaintzen die poliziei eta segurtasun eta larrialdietarako profesionalei

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Segurtasun eta Larrialdietarako Akademiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du gaurko bileran, datozen hiru urteetan Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Graduko Unibertsitate Titulua emateko. Titulua esperientzia berria da segurtasun alorreko prestakuntza-zentroetarako, eta segurtasun publikoaren alor ezberdinetan lan egiten dutenen lanbide-trebakuntza hobetzea du helburu, esparru horren inguruko unibertsitate mailako titulu espezifiko bat lortzeko aukera eskainita.
Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Graduko Titulua lortzeko, hiru ikasturte beharko dira guztira. Lehenengo ikasturtea gaindituz gero, gainera, Segurtasun Zuzendaria eta Segurtasun Aholkularia tituluak lortzeko aukera emango du, baita laneko arriskuen prebentzioaren gaineko oinarrizko titulazio ofiziala ere. Lehen ikasturte komuna gainditutakoan, hurrengo bietan formazioa bi alorretako batean espezializatuko da: Segurtasuna edo Larrialdiak. Hiru ikasturte horietako bakoitza gainditzeak 60 kreditu lortzea ekarriko du; titulu osoa lortzeko 180 beharko dira.
Tituluaren helburua segurtasunaren profesionalei (ertzain, udaltzain zein segurtasun pribatuko langile) eta, oro har, larrialdien sektorekoei euren lanbide-trebakuntza hobetzeko aukera eskaintzea da, lanpostu tekniko eta ardura handiko plazak betetzeko aukera emango dieten unibertsitate mailako titulu baten bidez.
Arkautiko Akademia, ekimen honen sustatzailea, Tituluaren Batzorde Akademikoaren parte izango da. Klaseak Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan emango dituzte, eta ez da eskola guztietara bertaratu beharrik izango; horrela, lanean dauden profesionalentzako eskuragarria izango da. Ostiral eta larunbatetan joan beharko dute ikasleek ikasgeletara, eta ikasturtearen gainerako ordu guztiak urrunetik jarraitu ahalko dituzte, EHUren Campus Birtualaren bidez. Guztira, EHUk eta Arkautiko Akademiak maila altuko 64 irakasleko talde bat prestatu dute ikasketa horiek emateko; ia erdiak, unibertsitate doktoreak dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan