Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak One Ocean goi-bileran parte hartuko du Bresten, EBko presidentzia frantsesak antolatutakoan

2022-02-10
  • Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Emmanuel Macronek deitutako goi-mailako bilerara joango da bihar eta Itsasertzeko Eskualdeen Foroan parte hartuko du, Arku Atlantikoko Batzordearen izenean 

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza bihar Brestera (Bretaña) joango da One Ocean Summit edo Ozeano Bat goi-bileran parte hartzera. Azken horren helburua nazioarteko komunitatea mobilizatzea da, ozeano osasungarri eta iraunkor bat zaintzeko neurri egiaztagarriak har ditzan. Oraingo honetan, Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria eta Marta Marín Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria izango ditu bidaide. 

Goi-mailako ekitaldia da, Europar Batasuneko Kontseiluaren Frantziako Presidentetzaren esparruan antolatua, eta Nazio Batuen babesa du. 

Goizean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Emmanuel Macron presidenteak deitutako goi‑mailako bileran parte hartuko du. Bilera horretan, estatuburuak eta gobernuburuak, erakunde multilateraletako buruak, enpresa-liderrak eta gizarte zibileko arduradun politikoak bilduko dira. Marian Elorza Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziaren (CRPM) ordezkarietako bat izango da, eta Arku Atlantikoko Batzordearen izenean joango da, Euskadi da-eta batzorde horren buru. 

Arratsaldean, Xean-Yves Le Drian Frantziako Kanpo Arazoetako ministroarekin eta Virginijus Sinkevicius Ingurumen, Ozeano eta Arrantzako Europako komisarioarekin batera jardungo du Elorzak Itsasertzeko Eskualdeen Foroan –CRPMk antolatutakoa da foro hori–, Europako itsas politiketan egin daitezkeen hobekuntzak ebaluatzeko. 

Bere hitzaldian, euskal ordezkariak Atlantikoko lurraldeek erronka handiei aurre egiteko duten zeregina defendatuko du, hala nola kutsadurari, klima-aldaketaren ondorioei eta ozeanoak mehatxatzen dituen gehiegizko ustiapenari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak