2022an Eusko Jaurlaritzak 137 milioi euro bideratuko ditu I+G arloko Hazitek eta Elkartek programetara

2022-02-11

 

  • Otsailaren 11n zabalduko da epea bi programetako eskaerak aurkezteko

 

  • Bi programa horiez gain, beste hiru egongo dira, eta denen artean ia 220 milioi euroko inbertsioa egingo dute I+G-n

 

Datorren otsailaren 11n zabaltzen da epea 2022ko bi laguntza-programatarako eskaerak egiteko. Programen helburua da bultzada bat ematea enpresek eta arlo estrategikoetako agente zientifiko-teknologikoek  Euskadin garatutako I+G-ko jarduerei. Eusko Jaurlaritzak 137 milioi euro esleitu die aurten, iaz baino sei gehiago. Programa horietako bat Hazitek da (95 milioi euroko aurrekontua), helburutzat duena euskal industria sendotzea Enpresen I+G-aren bidez, eta bestea Elkartek (42 milioi euroko aurrekontua), helburutzat duena Elkarlaneko Ikerketa sustatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen barruan.

Bi programek hainbat aldaketa dituzte iazko deialdiarekin alderatuta. Aldaketa horiek eta beste xehetasun batzuk jasota daude Hazitek eta Elkartek programen web orrietan.

 

Horiez gain, kontuan hartu behar da orobat Azpitek programa eta bere 6,81 milioiko aurrekontua. Azpitek zabalik dago urtarrilaren 15etik, eta bere helburua da laguntzak ematea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa-zentroek garatzen dituzten ikerketetan aurrera egiteko behar diren azpiegitura eta ekipamendu zientifiko-teknikoak erosi, instalatu eta eguneratzeko.

Eta ondoren, beste bi programa argitaratuko dira: batetik Bikaintek, 5,67 milioi euroko aurrekontuarekin, zeinaren helburua baita doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatu, eta industria-doktoregoak egitea; eta bestetik Emaitek Plus, 70 milioi euroko zuzkidurarekin, zeinaren helburua baita teknologi zentroen eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzea.

Hazitek

Otsailaren 11tik aurrera, euskal enpresek HAZITEK programaren 95 milioi euroko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte euren I+G-ko jarduerak gauzatzeko. Bere helburua da ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak bultzatzea. Proiektu horiek lehiakorrak (45 milioi euroko zuzkidura) nahiz estrategikoak (50 milioi euroko zuzkidura) izan daitezke, eta Euskadiko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira. Bi modalitateetan, garrantzi handiagoa emango zaie jasangarritasunarekin erlazionatutako alderdiei.

Iaz 868 proiektu babestu ziren, horietatik 825 lehiakorrak eta 43 estrategikoak.  

 

Elkartek

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 42 milioi euro bideratuko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratutako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako erakundeek arlo estrategikoetan gauzatutako lankidetzako ikerketak finantzatzeko. ELKARTEK da laguntza-programa horren izena.

 

Iaz 65 proiektu bultzatu ziren guztira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan