Arriola sailburuak AHTren Bilboko eta Gasteizko trenbidearen integrazioari buruzko protokoloak sinatzeko ekitaldian parte hartu du
- Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko eta Gasteizko udalek sinatutako akordioetan trenbidea eta haren sarbideak bi euskal hiriburuetan integratzeko lanak administrazioek modu koordinatuan garatzeko borondatea adierazi dute
- Arriola sailburuak balioa eman dio akordioari, eta berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak AHTrekin duen konpromisoa, Bilboko zein Gasteizko obra zibilaren zati bat egingo baitu, kudeaketa-gomendio bidez
Abiadura Handiko Trena Euskal Autonomia Erkidegora iristeak urrats bat eman du gaur arratsaldean, Gasteizko Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzan egindako Bilbo eta Gasteiz hirietan trenbide eta haren sarbideen integrazioari buruzko protokoloen sinadura ekitaldiarekin. Bertan parte hartu dute Garraio, Raquel Sánchez Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak, Iñaki Arriola EAEko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.
Euskal erakundeek eta Espainiako Gobernuak sinatutako akordioek trenbidearen integrazioa garatzeko eta jarduketak abiadura handiko linearekin lotzeko lanak koordinatzeko bidea finkatzen dute.
Arriola sailburuak balioa eman dio emandako urratsari eta lankidetza fase emankorrean gaudela adierazi du. “Lankidetza handiagoa izatea eta legegintzaldi hau Euskadin Abiadura Handiko Trenak aurrera egiteko inflexio-puntua izatea nahi dugu”, gaineratu du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak azpiegiturarekin duen konpromisoa berretsi du, baita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak obren garapena eta abiadura handia Euskadira iristea bizkortzen laguntzeko duen interesa ere. Ildo horretan, protokoloen arabera, Eusko Jaurlaritzak Gasteiz eta Bilborako sarbideetako obra zibilaren zati bat egingo du, Espainiako Gobernuaren kudeaketa-gomendioaren bidez.
Protokoloa, Bilbo-Abandoko geltoki berria eta Basauriko behin-behineko geraleku bat eraikitzeko
Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak, Iñaki Arriola EAEko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Maria Luisa Domínguez Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) eta ADIF – Abiadura Handia enpresa-erakunde publikoen presidenteak sinatutako protokolo honek adierazten du aldeek modu koordinatuan jardun nahi dutela esparru hauetan:
- Informazio-azterketaren eta abiadura handiko trena Bilbora iristeko lurpeko geltoki berriaren eraikuntza-proiektuaren garapena eta administrazio-izapidetzea, hiriaren garapen-planekin bat datorren hiri-integrazioko soluzio bat osatuz, eta Bilboko Udalak idatzi beharreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziarekin bat etorriz.
- Behin-behineko geraleku bat eraikitzea 700 Miranda de Ebrotik Bilbora doan ohiko trenbidearen bidegurutzearen inguruan. Bertan aldiriko geltoki berri bat ere eraikiko da, behin betiko geltokiaren obrak egiten diren bitartean abiadura handiko zerbitzuak Bilbo ingurura iritsi ahal izateko. Behin-behineko geraleku hori martxan jarriko da sarbideko tunelaren eta Abandoko lurpeko geltokiaren obrak hasten direnean.
Basauriko behin-behineko geralekua udalerri horretan ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko moduan eraikiko da, eta ez du errepideko ibilgailuen (autobusak, taxiak, ibilgailu pribatuak,…) intermodalitaterik sortuko.
- Dagozkien eskumenen esparruan, eta eginkizunak betetzean ahalik eta koordinazio operatibo handiena sustatzeko, alderdiek bi lantalde tekniko eratzeko asmoa dute, bata Abandoko geltoki berrirako (MITMAk, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta ADIFek osatua), eta bestea Basauriko behin-behineko geralekurako (MITMAk, Eusko Jaurlaritzak, Basauriko Udalak eta ADIFek osatua). Bi lantaldeek beren jarduerak koordinatuko dituzte bi jarduketak aldi berean gauzatzeko, sinatutako protokoloan deskribatzen den bezala.
- Abando eraikitzeko lantaldearen hasierako lana izango da obra zibila zehaztea, ADIFek proiektuak idatzi ondoren geltokiaren tren-ustiapenari eragin gabe.
- Bilboko sarbideko plataformaren eta Abandoko lurpeko geltokiaren ustiapenari eragiten ez dion obra zibilaren obrak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Eusko Jaurlaritzari egindako kudeaketa-enkargu bidez egikarituko dira.
Lantalde hori izango da Eusko Jaurlaritzak egikaritutako obren eta ADIFek egikaritutako obren koordinazioaren bermatzailea.
- Basauriko behin-behineko geralekua eraikitzeko lantaldeak proiektuan nahastutako gai teknikoak, udal-lurzoruetan izan dezakeen eragina eta jarduketen plangintza aztertuko ditu.
Protokoloa, abiadura handia Gasteizera iritsi dadin eta trenbidea hirian integra dadin sustatzeko
Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Maria Luisa Domínguez Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) eta ADIF – Abiadura Handia enpresa-erakunde publikoen presidenteak, eta Isabel Pardo de Vera Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Estatuko idazkariak, Sociedad Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia SAren ordezkari gisa, sinatutako protokoloak honako jarduketa-esparru hauek ezartzen ditu:
- Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin elkarlanean arituko dira, arin eta eraginkortasunez, informazio-azterketa berriaren ingurumen-ebaluazioan ingurumen-dokumentazio osagarriari buruzko kontsultak ebazten.
- Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, ingurumen-izapidetzea amaitu ondoren, Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterketa berria onartuko du.
- ADIF – Abiadura Handia erakundeak trenbidea Gasteizen integratzeko oinarrizko proiektua idazteko lizitazioa egingo du. Bertan hiri barruko gunea eta Arkauteko gurutzagunea jasotzen dira. Oinarrizko proiektu honek aukera emango du jarduketen oinarrizko baldintzak ezartzeko eta horiek gauzatzeko aurreikusitako aurrekontuak zehaztasun handiagoz definitzeko. Arkauteko gurutzagunearen zatiko plataforma-obrak, trenbide-ustiapenari eragiten ez badiote, Eusko Jaurlaritzaren esku utziko dira eraikuntza-proiektuak idazteari eta obra horiek gauzatzeari dagokienez.
- Konpromisoetan oinarrituta, hitzarmen berri bat idatziko da, alde bakoitzak trenbidea Gasteizen integratzeko proiektu globalean bere gain hartu beharreko betebeharrak zehazteko, integrazio-operazio global honen ondoriozko jarduketa zehatzen finantzaketari, antolaketari eta gauzatzeari dagokienez.
- Era berean, sozietatearen baitan beste enkargu bat egingo zaio Eusko Jaurlaritzari, Gasteizko hiri barruko gunearen esparruan trenbide-ustiapenari eragingo ez dion obra zibilari ekiteko.