Jokin Bildarratz: “Ikasle guztiek dute ekitatean eta bikaintasunean hezteko eskubidea, etorkizuneko Euskadi eratzen ari baikara”
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vasca irratiko "El primer café" saioan. Bertan, Eusko Legebiltzarreko Ponentziak atzo aurkeztu zuen “XXI. mendeko Hezkuntzarako Oinarriak” dokumentuaren lehen zirriborroa izan du hizpide nagusiki.
Lehen zirriborro horri dagokionez, Bildarratzek nabarmendu du legebiltzarreko gehiengoak positibotzat jo duela dokumentu hori. “Positiboan lan egitea, batuketan, hori da onena. Gure herriaren etorkizunerako hain garrantzitsua den zerbait lantzen, gazteen hezkuntza lantzen, era positiboan aritzea benetan adibide bat da, oso positiboa», adierazi du.
Sailburuak adierazi duenez, Legebiltzarrak Jaurlaritzari bidaliko dion dokumentua “oso testu garrantzitsua izango da, baina ez bakarra”; izan ere, dokumentu horretaz gain, Hezkuntza Saila eragile askorekin biltzen ari da aspalditik, sistemak dituen beharrak jaso eta Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizuna nola irudikatzen duten entzuteko. Bai Legebiltzarrak egiten duen oinarrizko testutik, bai Sailak eragileengandik bildu dituen eta datozen hilabeteetan bilduko dituen ekarpenetatik, Jaurlaritzak urte amaieran onartzea eta ganberara bidaltzea aurreikusten duen lege-proiektua aterako da.
Etorkizuneko Legeak bilatzen dituen elementu garrantzitsuenen artean, eta Legebiltzarreko Ponentziaren zirriborroan ere jasotzen dena, Bildarratzek nabarmendu du Euskal Hezkuntza Sistemako ikasleek merezi duten ekitatezko eta bikaintasunezko arreta, “ikasten duten lekuan ikasten dutela, gizarte-kohesioa eratzeko, etorkizuneko Euskadi osatzen ari baikara”. Era berean, eskolak gizarte-kohesiorako betetzen duen eginkizun garrantzitsuaren aurrean, Bildarratzek azpimarratu du beharrezkoa dela beste erakunde batzuen inplikazioa, hala nola udalena eta ikastetxe guztiena, “duten titulartasuna dutela”.
Sistema eleaniztuna, euskara ardatz
Hizkuntzaren gaiari dagokionez, Bildarratzek berretsi du euskal hezkuntzak sistema eleaniztun gisa sakontzen eta hobetzen jarraitu behar duela, euskara ardatz hartuta, era horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean ikasle guztiak gai izan daitezen bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan (euskaraz zein gaztelaniaz), eta gaitasunak izan ditzaten gutxienez atzerriko hirugarren hizkuntza batean ere.
Covid neurriak malgutzea
COVID-19ari aurre egiteko protokoloaz eta neurri horiek malgutzeko aukeraz galdetuta, sailburuak aurreratu du Hezkuntza eta Osasun Sailak bihar goizean bilduko direla egoera baloratzeko. Bildarratzen hitzetan, Dekretu berriaz gain, baloratu beharreko garrantzitsuena bilakaera epidemiologikoa da, eta, adierazi duenez, bilakaera positiboa izan du azken astean. Ildo horretan, aste honetan itxitako ikasgelen kopurua hamarretik beherakoa dela adierazi du, eta malgutu daitezkeen neurriak malgutu egingo direla gaineratu du, betiere Osasun Sailak ezartzen dituen irizpideen arabera.
Pandemiari dagokionez, eta amaitzeko, ikasturte honetan eta aurrekoan lehentasuna aurrez aurreko eskolei eustea izan dela berretsi du. “Presentzialtasunak gazteen garapenari laguntzen dio, alderdi emozionaletik, eta egonkortasuna ematen die familiei eta gizarte osoari”.