Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 439.000 euro bideratu ditu doktoretza ondoko ikertzaileen atzerriko egonaldietarako (Gobernu Bilera 2022-2-8))

2022-02-08

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzenduriko laguntzak deitzen dituen agindu bat. Laguntza deialdi honek, 439.241 euroko guztizko zenbatekoa du eta ikertzaile doktore horiek atzerriko egonaldietako zentroetan dauden bitartean izan ohi dituzten ostatu-gastuak finantzatzea du helburu.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak 2021-2022 ikasturterako deitua duen Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programaren onuradunek. Ezinbesteko baldintza izango da ikertzaile horiek jardunean egotea doktoretza ondoko laguntza horien lehen edo bigarren urtean (laguntzaren lehen urtean edo lehen berritzean). Alokairu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,35 eurokoa izango da atzerrian emandako egun bakoitzeko. Egonaldia 2022. urtean hasi beharko da, eta 12 hilabetekoa izango da gehienez.

Joan den 2021ean, doktoretza ondoko programako 46 doktorek jaso zituzten atzerriko egonaldiak finantzatzeko laguntza hauek.

Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programa

Doktoretza ondoko programaren onuradun diren ikertzaileek lan-kontratu bat sinatzen dute ikerkuntzan diharduen euskal erakunde batekin, gehienez ere 36 hilabeterako. Erakunde edo ezarpen-zentro horrek unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutu bat izan beharko du, I+Gn gaitasuna eta jarduera egiaztatua duena eta egoitza soziala Euskadin duena.

Doktoretza ondoko hobekuntzako 36 hilabete horien barruan, lehen fasean, doktorea bere ezarpen-zentrotik atzerriko ikerketa-zentro batera joan ohi da, ikerketa-proiektu bat garatzeko. Bigarren fasean –gehienez 12 hilabetekoa-, ikertzailea Euskadiko ikerketa-talde batean txertatuko da. Gaur Gobernu Kontseiluak onartutako laguntza jasoko du doktoreak, atzerrian burutzen den lehen fase horretako egonaldi-gastuetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko