2022rako zorpetze-eragiketak gehienez 1.429 milioi eurogatik egiteko baimena (Gobernu Bilera 2022-2-8)

2022-02-08

 

Gobernu Kontseiluak Zor Publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea erabaki du, eta gehienez ere mila laurehun eta hogeita bederatzi milioi berrehun eta hogeita zazpi mila zortziehun eta bederatzi (1.429.227.809) euroko mailegu-eragiketak hitzartzeko baimena eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legeari jarraituz.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legeak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko; hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea handitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa 683.221.989 eurotik gora.

Beraz, 2021. urtearen amaieran dauden zorpetze-eragiketak eta 2022. ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatuko den zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.429.227.809 eurokoa da.

Nolanahi ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak bermatu beharko du 2021eko uztaileko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan xedatutakoaren arabera adostutako Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako zor publikoaren aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzen dela.

Zorpetze-eragiketek ezaugarri hauek izango dituzte: a) gehieneko zenbatekoa guztira: 1.429.227.809 euro, b) interes-tasa: finkoa edo aldakorra, eta epea: gehienez 50 urte. Zor publikoaren jaulkipenen bidez edo edozein mailegu- edo kreditu-eragiketaren bidez egin ahal izango dira.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Agindu bidez, adostutako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak adieraziko ditu, baita horien finantza-baldintzak eta dekretu honetan aipatu ez diren eragiketen gainerako ezaugarriak zehaztu ere, dekretuan bertan aurreikusitakoen barruan. Zor publikoa balore moduan jaulkitzen bada, Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko