NIK Patrika Digitala
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Euskadiko arrantza-sektoreak gaitasun handia du kalitateko enplegua sortzeko eta belaunaldien arteko erreleborako ezinbestekoa den formakuntza-aukera zabala eskaintzen du

2022-02-11
  • Gaur Hondarribian egindako jardunaldian arrantza-sektorearen etorkizuneko erronka handiak aztertu dira eta Euskadin eskaintzen diren prestakuntza-aukera guztiak eman dira ezagutzera
  • Eusko Jaurlaritzak hainbat programa garatzen ditu (besteak beste, Itsasoratu, bekak edo prestakuntza duala), gazteak arrantza-sektorean laneratu daitezen
  • Euskal ontzidiak 183 ontzi ditu eta 564 profesional tituludun, baita kalitateko enplegua sortzeko gaitasun handia ere

Eusko Jaurlaritzak "Prestakuntza, Euskadiko arrantza-sektorean belaunaldien arteko erreleboaren funtsezko faktorea" jardunaldia egin du, arrantzaren oraina eta etorkizuna aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hazik antolatu dute jardunaldia, Hondarribiko Udalarekin eta Itsas Etxea kofradiarekin lankidetzan.

Goizean zehar, sektorearen xehetasunak aztertzeaz gain, nautika- eta arrantza-eskoletako ikasleen interesa piztu nahi izan dute gaur egun kalitateko lan-aukerak eskaintzen dituen sektorean sar daitezen. Prestakuntza da gazteak sektore horretan hastea bermatzeko beharrezko palanka, batik bat baxurako ontzidian eta freskorako alturakoan.

Euskadiko arrantza-jarduerak gaitasun handia du enplegua sortzeko; izan ere, sektore sendoa, askotarikoa, segurua eta teknologia aldetik aurreratua da. Gaur egun eskari handia duten hainbat titulazio daude (patroia, mekanikariak, ofizialak…) eta lan-baldintzak lehen mailakoak dira.

Euskal arrantza-sektoreak 183 ontzi ditu ozeano-nabigaziokoak, alturakoak, baxurakoak, itsasbazterrekoak eta artisau-arrantzakoak. Ontzi horietan 564 profesional tituludun aritzen dira, eta atunontzietan, baxurako arrantzan eta artisau-arrantzan behar dira langile gehien.

Arrantza-sektorea profesionalizatzeari esker, beste helburu handi batzuk lortuko dira, besteak beste lehiakortasuna hobetzea eta itsasoko baliabideen, itsasoen eta itsasbazterren garapen jasangarrian aurrera egitea.

Itsasoko profesionalen etorkizunaren oinarri izan behar dute dibertsifikazioak (arrantzarekin zerikusia duten jarduera berriak ezarrita), berrikuntzak eta digitalizazioak, enpresa-kudeaketarako eredu eraginkorragoak eta errentagarriagoak lortzeko.

Prestakuntza, profesionalizaziorako palanka

Gaurko jardunaldian, hainbat hitzaldi eta mahai-ingururen bidez, oso lan-irtenbide interesgarri eta askotarikoak eskaintzen dituen sektore honetan lan egiteko beharrezkoak diren eta eskuragarri dauden prestakuntza eta titulazioak eman dira ezagutzera.

Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak gazteak arrantza-sektorean sartzea sustatzeko laguntza-programen berri eman du: bekak eta Itsasoratu programa.

Prestakuntza-beken bidez urtean 130.000 euro bideratzen dira ostatu, joan-etorri, mantenu eta ikasmaterialerako. 2016-2017 ikasturteaz geroztik, 530 ikaslek jaso dituzte beka horiek.

Itsasoratu programaren bidez, nautika- eta arrantza-zikloetako ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ditzakete ontzietan. 2016an abiarazi zenetik, 100 ikasle inguru izan dira laguntza horien onuradun. Aurtengo aurrekontu-zuzkidura 100.000 eurokoa da.

Gainera, prestakuntza duala txertatu da arrantza-sektorean eta, horri esker, bateragarri izan daitezke ikastetxeko prestakuntza eta enpresakoa; baita gaitasuna aitortzeko dispositiboa ere, patroien erretiroaren eta belaunaldi berrien etorreraren arteko fasea itsasoan esperientzia bai baina titulaziorik ez duten langileekin egiteko, itsasontziak arrantzatu ezinik gera ez daitezen.

Gaurko jardunaldia Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean egin da eta 150 pertsona baino gehiago bertaratu dira Pasaiako Blas de Lezo eta Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikastetxea eskoletako nautika- eta arrantza-zentroetako ikasleen eta Euskal arrantza-sektoreko ordezkarien artean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Txomin Sagarzazu (Hondarribiko alkatea)