Prestakuntza, Euskadiko arrantza-sektorean belaunaldien arteko erreleboaren funtsezko faktorea, Hondarribian eztabaidagai

2022-02-07
  • Jardunaldian Euskadiko arrantza-jardueraren egungo egoera aztertuko da eta prestakuntza-programetan parte hartu dutenek beren esperientziak partekatuko dituzte
  • Eusko Jaurlaritzak hainbat programa garatzen ditu (besteak beste, Itsasoratu, itsas arrantzarako bekak edo prestakuntza duala), gazteak arrantza-sektorean laneratu daitezen

Euskadiko arrantza-sektoreak erronka handi honi egin behar dio aurre: arrantza-jardueraren lehiakortasuna mantendu eta hobetzea, eta, era berean, itsas baliabideen, itsasoen eta kostaldeen garapen jasangarrirantz aurrera egitea.

Erronka hori lortzeko, ezinbestekoa da enplegua sortzeko aukerak sustatzea eta arrantza ontzidian belaunaldien erreleboa bermatzea. Horretarako, funtsezkoa da ikasle gazteak sektorean laneratzea ahalbidetuko duen itsas arrantza arloko prestakuntza izatea.

Ildo horri jarraikiz, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIrekin batera, "Prestakuntza, Euskadiko arrantza-sektorean belaunaldien arteko erreleboaren funtsezko faktorea" izeneko jardunaldia egingo du. Bertan, euskal arrantza sektorean dauden lan-aukeren berri emango du, bai eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak etorkizuneko beharren arabera egokituta programatzen duen prestakuntza eskaintza zabalaren berri ere.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak emango dio hasiera jardunaldiari, eta harekin batera izango ditugu Bittor Oroz Nekazaritza, Arratza eta Elikagaien Politikako sailburua, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea.

Jardunaldiaren xedea da itsasoan lan egitea erakargarria dela eta arrantza-jarduerak aukerak eskaintzen dituela erakustea, eta sektore horretan laneratzea ahalbidetzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarri dituen tresnak ezagutaraztea.

Jardunaldiaren egitaraua

Jardunaldiak hiru bloke izango ditu. Lehenik eta behin, Euskadiko arrantza-jardueraren egungo egoerari buruzko azterlana aurkeztuko da.

Gero, Euskadiko itsas arrantzaren arloko prestakuntza akademikoa jorratuko da, hau da, nautikako eta arrantzako irakaskuntza arautuez eta laneratzeko programez (besteak beste, Itsasoratu, itsas arrantzarako bekak edo Arrantzako Kapitaina titulua lortzeko abiarazi berri den prestakuntza duala) hitz egingo da.

Jardunaldiaren amaieran, bi mahai-inguru egingo dira prestakuntza-prozesuei buruzko hausnarketak eta esperientziak partekatzeko. Mahai-inguruetako batean Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen programetan trebatu diren gazteek hartuko dute parte, eta bigarrenean arrantza-sektoreko eta prestakuntza-zentroetako ordezkariek arrantzaren etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte.

Jardunaldia otsailaren 11n egingo da, goizeko 09:00etatik 11:00etara, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, eta, bereziki, arrantza-eskoletako eta nondik jo ez dakiten Bigarren Hezkuntzako ikasle gazteei dago zuzenduta.

Horiez gain, euskal arrantza-sektore osoko (baxurako arrantza, alturako arrantza freskoan, atunontzi izoztaileak eta artisau-flota) ordezkariak bertaratuko dira.

Izena emateak

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Txomin Sagarzazu (Hondarribiko alkatea)