Berriak Lehendakaritza

Urkulluk eta Calviñok egungo egoera ekonomikoaren ikuspegia, ekonomiaren eta enpleguaren eraldaketaren agertokia, eta Euskadi Next proiektuaren lehentasunak aztertu dituzte

2022-02-04

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak lagunduta, Nadia Calviño, Lehen presidenteordea eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroarekin batzartu da, Ajuria Enea jauregian.

Bileraren ostean, Lehendakaria eta Lehen presidenteordea eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroa hedabideeen aurrean agertu dira aztertutako geien berri emateko.

Lehendakariak bere hitzaldian azaldu duenez, bileran aukera izan dute egungo egoera ekonomikoaren ikuspegia; ekonomiaren eta enpleguaren eraldaketaren agertokia; eta Euskadi Next proiektuaren lehentasunak aztertzeko. Ildo horretan, Calviñori jakinarazi dio euskal erakundeek abian jarri dituztela joan den urrian bidalitako Euskadi Next-en hiru proiektuak. “Inbertsio- eta eraldaketa-proiektu horiek euskal erakundeen baliabideekin jarri dira abian, eta espero dugu Europako funtsetatik baliabideak lortuko ahal izatea, haien gauzatzea bizkortzeko”, adierazi du.

Euskadik hiru proiektu estrategiko aurkeztu zituen, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatuta eta mugikortasunaren, datu-ekonomiaren eta osasun-terapia aurreratuen eremuetan dauden indarguneak bultzatzean oinarrituta. Proiektu horiek bat datoz dagoeneko onartuta dauden Ibilgailu Elektrikoko eta Abangoardiako Osasuneko PERTEekin. Baita Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren eremuan lehenetsitako ekintza-ildoekin ere.

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari 70.000 milioi euroko maileguak eskatzeko asmoari dagokionez, Lehendakariak nabarmendu du prozesu berri horrek aukera ematen duela autonomia erkidegoak modu zuzenagoan inplikatzeko, “Eusko Jaurlaritzak planteatutako helburuari erantzunez”.

Era berean, Lehendakariak, bileran, kezka azaldu du Europako gobernantza ekonomikoa eta, bereziki, Egonkortasunerako eta hazkunderako Ituna berrikusteagatik. “Espero dugu berrikuspen horrek ez eragoztea egiteke dauden inbertsioak eta eraldaketaren apustuan aurrera egin ahal izatea. Izan ere, Glasgowko goi-bileran lortutako akordioen ondorioz, inbertsio-ahalegin handia egin behar da, klima-aldaketaren aurkako borrokan bereziki. Gaur egun, inbertsio publikoaren maila ez da iritsi oraindik 2008ko krisiaren aurreko mailara”, zehaztu du. Euskadira iristen diren baliabideen kudeaketari dagokionez, Urkulluk konpromisoa hartu du baliabide horiek Europar Batasunak ezarritako baldintzetan gauzatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nadia Calviño