Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Leioako Udalak protokolo bat bultzatu dute udalerria UPV/EHUrekin lotuko duen autobus elektrikoko sistema bat sortzeko
- Euskal Trenbide Sareak udalerriko garraio publikoaren lineei buruzko azterketa bat lizitatuko du aurtengo lehen hiruhilekoan
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Leioako Udalak ostiral honetan aurkeztu dute UPV/EHUko Leioako campusa eta metro geltokia lotuko dituen anezka-zerbitzu bat sortzeko bi erakundeek landuko duten protokoloa. Azpiegitura eta Garraioetako sailburuorde Pedro Marcok eta udalerriko alkate Iban Rodriguezek azaldu dute hemendik aurrera landuko duten proiektua. Proiektu horrek bi puntuen arteko lotura izango du ardatz, autobus elektrikoko sistema baten bidez mugikortasun jasangarri eta adimenduna erabiliz.
Bi erakundeek autobus elektrikoaren aukera berretsi dute lotura hori egiteko aukera egokiena bezala, ingurumen- eta finantza-jasangarritasunari dagokionez. Horrela, Leioak garraio publikoaren sistema zabaltzea lortuko du, metroaren geltokiaren (L1) eta unibertsitateko campusaren artean dagoen lau kilometroko distantzia betetzeko.
Linea berri horri ekiteko lehen urratsa 2022ko lehen hiruhilekoan emango da; hala, Euskal Trenbide Sareak (ETS) udalerriko autobus linea publikoen diseinuaren azterketa bat lizitatuko du, bertan autobus elektrikoaren linea berria jarriko baita mugikortasun-sistema osoa modu integralean optimizatuz. Protokoloak aukera emango du hainbat jarduketa abian jartzea trafikoa kudeatzeko, autobus elektrikoko sistema bat sortzeko eta mugikortasun integratuaren aldeko apustua egiteko.
“Ingurumen-jasangarritasuneko eta berrikuntza teknologikoko osagai ugari dituen jarduketa da, eta aukera emango du campusaren eta metroaren arteko lotura nabarmen hobetzeko, lehendik dauden zerbitzuak osatuz”, adierazi du sailburuordeak; halaber, nabarmendu du ibilgailuak % 100 elektrikoak izango direla eta beren karga-sistema propioa izango dutela.
Bestalde, Leioako alkatea pozik agertu da akordio horrekin; izan ere, “garraio publikoko sare berri bat sustatzen du herrirako, eta horrek leioaztarrei garraio publikoaren erabilera are gehiago erraztuko die”; gainera, garraiobide “guztiz jasangarria eta ingurumenarekiko egokia da”, eta horrek “balio erantsi bat suposatzen du, Leioaren alde lan egiten dugun hiri-ereduarekin bat etorriz”.
Jarduketak finantzatu, antolatu eta egikaritzearekin zerikusia duten alderdiak aurrerago sinatuko diren hitzarmenetan zehaztuko dira.