Berriak Segurtasuna

Euskalmeten arabera urtarrila hotza izan da, nahiz eta intsolazioa ohikoa baino askoz ere handiagoa izan den

2022-02-03
  • Izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren gainetik ibili dira
  • Prezipitazioei dagokienez, urtarrila hilabete normala izan da, eta prezipitazioak egun gutxi batzuetan pilatu dira

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urtarrila hilabete hotza izan da, eta Euskadin batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 0,3 °C baxuagoa izan da. Horren ondorioz, mende honetako laugarren urtarril hotzena izan da. Aldi berean, eguzki-orduak batez besteko klimatologikoaren gainetik ibili dira, bereziki Arabako Lautadan, larregi bikoiztu baitira. Prezipitazioei dagokienez, urtarrila hilabete normala izan da, eta prezipitazioak egun gutxi batzuetan pilatu dira.

Euskalmeten arabera, urtarrileko batez besteko tenperatura 7,5 ºC eta 10 ºC artekoa izan da itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 4 ºC ingurukoa, batez ere gaueko tenperatura baxuen eraginez. Horrela, izotz-egunak batez besteko klimatologikoaren oso gainetik ibili dira Euskadi osoan, eta ia bikoiztu egin dira. Berez, 20 egunetan baino gehiagotan egin du izotza barnealdeko leku askotan, bereziki Araban, eta bi egunetan izotz txikia egin du eta nahiko orokorra izan da kostaldean.

Hilabete hotza izan dela esan daitekeen arren, lehenengo egunetan tenperatura altuak erregistratu ziren, negukoak baino gehiago ekainekoak ziruditenak. Horrela, errekor absolutuak hautsi ziren tenperatura maximo eta minimo altuenetan itsasertzeko eskualdeetan. Baliorik altuenak hilaren 1ean erregistratu ziren, eta 25,8 ºC-ko tenperatura maximoa jaso zen Oletako estazioan, eta 18,2 ºC-ko tenperatura minimoa Almiken.

Gainera, intsolazioa urteko garai honetan ohikoa dena baino askoz ere altuagoa izan da. Berez, urtarrilean erregistratutako eguzki-orduek % 50ean baino gehiagoan gainditu dituzte batezbestekoak itsasertzean (152 ordu Bilbon eta 148 Donostian), % 108an Arabako Errioxan (193 ordu) eta % 128an Arabako Lautadan (189 ordu Gasteizen).

Prezipitazioari dagokionez, urtarrilean zehar erregistratutako prezipitazio-kopuruaren arabera hilabete normala izan da Euskadi osoan, nahiz eta agerikoak izan diren leku batzuen eta besteen arteko aldeak. Urteko lehenengo hilabetea oso lehorra izan da Ebro ardatzean, lehorra itsasertzean eta, aitzitik, hezea Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko zenbait lekutan. Bestalde, azpimarratu behar da euri-egunak ohikoa dena baino askoz ere gutxiago izan direla, eta, esate baterako, 9 izan dira Donostian, 8 Bilbon eta 7 Gasteizen, eta 3 egunetan bildu da hilabetean metatutako ia prezipitazio guztia.

Muturreko meteorologia-gertaerei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 31 abisu hori aktibatu ditu, horietatik 18 izotzagatik, 5 kostaldeko inpaktuagatik, 4 olatuen altueragatik nabigaziorako, 1 haizeagatik ageriko lekuetan, 1 elurragatik eta, azkenik, 2 prezipitazio iraunkorrengatik urtarrilaren 9an eta 10ean, eta horren ondorioz oso azkar igo zen ibai askoren maila.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak