Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntza portaerei eragin die

2022-02-03
  • 2020an egindako bigarren edizioaren parte hartzea, eragina eta antolaketa ikertu ditu gaur aurkeztutako lanak
  • Siadeco ikerketa elkarteak zuzendutako ikerketaren datuak aurkezteaz gain, ekimenaren antolatzaileek egindako irakurketa partekatu dute

2020ean Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen, eta aurreko ariketan bezala, azken honetan ere ikerketa sakona egin da. Ikerketa horren emaitzak aurkezteko elkartu dira gaur Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak, -Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria- eta Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariak, azterketaren egileak.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz, Siadecok, eta Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoak aztertu dituzte Euskaraldiak izan duen eragina, bai herritarren artean eta baita parte hartu zuten entitateek sortutako ariguneetan ere. Eta horretaz gain, herrietako batzordeen funtzionamendu eta eragina aztertu dute.

Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu dute, lehen ediziotik bertatik oso argi izan dutela ekimena ariketa sozial berritzailea dela, eta horregatik garrantzia berezia eman zaiola orain arte egin diren bi edizioen eragina ikertzeari.

Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzunek ikerketa hiru ikerketa-ildotan banatu dela azpimarratu dute. Lehenengoan Euskal Herri mailan Euskaraldian izena eman dutenei buruzko azterketa egin da, norbanakoena eta entitateena. Horretarako, Euskaraldiko datu-baseetatik abiatuta, parte-hartzaileen azterketa egin da. Bigarren ikerketa-ildoan parte-hartzaileen, norbanakoen zein entitateen, jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa egin da, horretarako teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Norbanakoen kasuan 2.800 inkesta, 45 elkarrizketa eta 11 eztabaida-talde egin dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroan. Eta entitateen kasuan, aldiz, 600 inkesta, 45 elkarrizketa eta 6 eztabaida-talde egin dira. Hirugarren ikerketa-ildoan, berriz, batzordeen eta prozesuen azterketa egin da, 350 batzordetara inkesta bidaliz, 225 informazio-unitate lortuz (batzordeen ia %90a ordezkatzen duten unitateak) eta 25 batzorderekin elkarrizketa sakonagoak eginez.

Datu eta joera ugari agerrarazi ditu Siadecok egindako ikerketa-lanean. Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino gutxiago izan dira (% 20,9). Izen-emate jaitsiera horretan Covid-19 pandemiak izandako eragina nabarmendu dute koordinazio mahaiko kideek. Baina, bost parte-hartzailetik batek lehen aldiz eman du izena ariketan; belarripresten artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira.

Ikerketa honek, aurrekoen moduan, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteen arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu zen.

Euskararen erabilera handitzea partaideen helburu nagusia

Siadeco ikerketa elkarteko kideek azpimarratu dutenez, parte-hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu; eta belarripresten artean pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak.

Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, ordea, hizkuntza-gaitasunarekin lotzea oraindik presente dago. Baina hizkuntza-jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola hautatu dutenen artean.

Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta tinkoago eutsi zaio. 

Euskaraldiaren eragina baita ariguneetatik kanpo ere

Entitateetan ariketa lehen aldiz egin zen 2020ean, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Hori horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena 2020ko edizioan, eta haiek, 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan.

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei; eta barne-ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horrekin lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin dute; kanpo-arigunearena, aldiz, erdaldunetan.

Euskararen aldeko konpromisoa adierazteak pisu handia izan du entitateetan ariguneak sortzeko arrazoien artean, erabilera handitzeak baino gehiago.

Eraginik handiena ariguneetako kideen artean antzematen da —erabilera-mailarik handiena ere, baina gainontzeko harremanetan ere islatu da: arigunetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin.

Koordinazio mahaiko ordezkariek ikerketako emaitzen azterketatik, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren ediziorako atera diren ondorioak aurkeztu dituzte. 

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria:

“2020ko Euskaraldia Covid19aren testuinguruan gauzatzea egokitu zaigu, eta beraz, aurretiko-bitarteko-ondorengo fasetan eragina izan du aldagai honek. Covidaren eragina nabarmena izan da: txapak kalean ikustean, giroan, antolaketan, izen-ematean, mezua zabaltzean, rolak betetzerakoan, parte hartzeko aukeretan...  Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela”. Hala ere, “partaideek, oro har” balorazio ona egiten dute Euskaraldiaren gainean”.

“Partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa bizipenei oso lotuta dago, norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei oso lotuta. Aurrerantzean Euskaraldiak aurrerapauso eta lorpenetan horietan jarriko du arreta, orain arte egin du, baina aurrerantzean askoz gehiago”.

Era berean, 2022ko ariketa soziala ikusgarriago egin beharra azpimarratu du Amonarrizek, aktibazioaren urtea izango dela azpimarratuz. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra azpimarratu du eta, beste aldetik, identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duela azpimarratu baita ikerketan. 

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua:

“Ariketa masiboa izan da Euskaraldia. Hel daitekeen unibertso potentzialaren %15erarte iritsi da bigarren edizio honetan ere. Hala ere, oraindik ere badu hedatzeko aukera, bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz”

“Euskaraldiko parte hartzaileek inguruan eragiteko eta aurrerapauso zehatzak eragiteko duten gaitasuna handia da. Kontutan izan behar da erabilera handitzeko ezezik, partaideek inguruan eragiteko duten potentziala handia dela. Horregatik hirugarren edizioan, aurten egingo dugunean, belarriprest eta ahobiziak eragile aktibo izatea nahi dugu bai euren buruarengan eta baita ingurukoengan ere. Ahalegin berezia egingo dugu gainera parte hartzaileen lorpen berriak eskuratu eta hauek ikusgarri egiten ere. Gainontzekoentzat eredu izan daitezke parte hartzaileen bizipen eta lorpenak.

“Partaideek aitortu dutenez portaera batzuk errazago aldatzen dira beste batzuk baino. Lehen hitza euskaraz egitea edo euskaraz dakienari euskaraz egitea dira aldatzeko errezenak. Aurretik erdazkoak edo elebidunak ziren elkarrizketak dira aldatzeko zailenak. Portaera aldaketetan gainera txapak lagungarri direla nabarmentzen dute partaideek: 10 partaidetik 7k txapa beti, ia beti edo askotan erabili du, eta erabilerak ziurtasuna ematen duela esaten dute”. 

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria:

“Euskaraldiaren hirugarren edizioko leloari egin nahi diot so bereziki. “Hitzez ekiteko garaia”. Aurrera egiteko hitza eta ekintza uztartzeko beharra nabarmendu nahi duen leloa. Euskaraldiak hizkuntza-ohituren aldaketari eragiten dio. Gaur argitara ematen dugun azterketatik ondorioztatzen den bezala, parte-hartzaile askok aurrerapen garrantzitsuak izan dituzte beren inguruneko harremanetan eta euskararen erabileran. Eta horretan jarraitu behar dugu, hizkuntza ohitura aldaketak epe ertain-luzeko prozesuak baitira. Beraz, epe laburreko begiradak alde batera utzi behar ditugu”.

“2020ko edizioa ariguneekin esperimentatu izan den lehena izan da. Ahobizi eta belarriprest rolak arrakastaz finkatu badira ere, ariguneek oraindik sendotu beharra dute. Beraz, horiek bultzatzen eta ikusarazteko dinamikak lantzen jarraitu behar dugu. Euskaraldiaren hirugarren edizioan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko aukera dugu, ariguneen eragina garrantzitsua baita; izan ere, horiek osatzen dituztenen artean ez ezik, erakundeek euskararen erabileraren inguruan urrats berriak egitea ahalbidetzen dute eta gizarte-sektore zabalagoetara ere iristen dira”.

“Euskaraldiaren antolaketa-dinamikari buruzko datu positiboak erakusten ditu eta dinamika horrek onarpen ona izan du. Batzordeetan, gizarte- eta erakunde-arloko lankidetza-lana egin da, eta boluntarioen eskutik etorri da partaidetza nagusia. Partaidetza-eredu horrek garrantzi handia du, eta lankidetza-modu horietan sakontzen jarraitu behar dugu, gobernuen eta herritarren ekintzek elkar elikatuz, elkarrekin joan behar baitute gaur egun”.

 

2 iruzkin
  • @euskaraldia
    2022-02-04

    Comentario de Twitter:
    RT @iozamizu: Euskaraldia influye en los comportamientos lingüísticos de las personas participantes https://t.co/aqVGfajhbu

  • @iozamizu
    2022-02-03

    Comentario de Twitter:
    Euskaraldia influye en los comportamientos lingüísticos de las personas participantes https://t.co/aqVGfajhbu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak