Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi m2 industria-lurzoru aktibatuko ditu Euskadiko 32 udalerritan

2022-02-03
  • Sprilur-ek 255,7 milioi euro inbertituko ditu lehengoratze-operazioetan eta lurzoru eta pabilioi eskaintzan
  • Inama, Arcelor, Xey, Navacel, Fundifes, Sidenor eta beste lantegi zahar batzuen lur-arloek bigarren bizitza bat izango dute industriarako lurzorua ondasun urria den lurralde batean
  • 2022a inflexio-puntu bat da, lehentasunezkotzat jotzen diren lurzoru kutsatu garrantzitsuak eskuratu baitira: Santurtzin, Burtzeña Barakaldon, La Herrera Pasaian, Arcelor Zumarragan edo Paya Barri eta Sakoni sektoreak Erandion.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak industria-lurzoruaren estrategiaren aurrerapena aurkeztu du. Estrategia horrek oinarritzat hartzen du erabiltzen ez diren eta berroneratzeko eta deskontaminatzeko premia duten lurzoruak berreskuratzea, eta jasangarritasunaren ikuspegia indartzen du, tramitaziopean dagoen Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiaren esparruan.

Euskadik lurzoru gutxi du bere jarduera ekonomiko nagusia -industria- bultzatzeko, eta horregatik, apustu egin du lurraren babes globalaren alde, elkarrekin uztartuz ingurumenaren zaintza, jasangarritasuna eta enplegua sortzen duen sustapen ekonomikoa.

Arantxa Tapiari atxikitako Industria Sailburuordetzak eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuordetzak elkarrekin eginiko lanari esker posible izan da Sprilur-en eta Ihobe Sozietatearen  arteko lankidetza indartzea ekonomia eta ingurumen arloetako helburu bikoitzaren alde.

Kutsatutako lurzoruen arloan 2020-2024ko Gobernu-programak helburu bezala finkatu du kutsatutako 400 Ha lehengoratzea sail eta erakunde eskudunekin lankidetzan.

Testuinguru honetan, lurzorua babesteko politikaren barruan oinarrizko urratsa da Bizkaian, Santurtziko sektoreetan, Barakaldoko Burtzeñan, Muxikako Inaman eta Erandioko Playa Barri eta Sakoni eremuetan; Gipuzkoan, La Herrera Pasaian, Oikia Zumaian edo Arcelor Mital Zumarragan dauzkagun kutsatutako lurzoru historiko garrantzitsuenak berroneratzea. Aukera historiko bat da ingurumen arloan lehentasun handia duten lurzoru horiek modu egokian lehengoratzea. Lehengoratze-prozesu hori Sprilur-en (industria lurzoruen birgaikuntzan aditua) eta Ihoberen (kutsatutako lurzoruak berreskuratzen aditua) lankidetza estuaren bitartez bultzatzen da.

2022: inflexio-puntua historikoki erabilpenik izan ez duten lurren lehengoratze-prozesuan

2022an ahalegin estrategiko eta ekonomiko handia egin da eta, horri esker, ezohiko baliabideak jarri dira lurzoruen lehengoratze-prozesuaren eta eskaintzaren zerbitzura, betiere jasangarritasun eta industria-jardueraren sorkuntza printzipioak errespetatuz. Gainera, hainbat kasutan denboran “kateatuta” egon diren hainbat operazio desblokeatu dira.

Lurzorua erosi, prestatu, berroneratu eta aktibatzeko prozesuek eskatzen dituzten epeak guk nahi edo aurreikusi genituenak baino luzeagoak dira, maiz egoten direlako udalerrien hirigintza-eraldaketaren nahiz sektore-administrazioen kudeaketaren tramitazioen menpe.

Industria lurzoruaren arloko 35 ekintza (32 udalerritan), 255 milioi euroko inbertsioarekin

Azken hiru urteetan eta bereziki 2021ean eginiko ahaleginari esker, gaur egun 35 operazio kudea ditzakegu (partzela berriak eskuratu, eraikinak erosi edo eraiki, erabiltzen ez diren lurzoruak berroneratu, etab.), zeintzuek 255,75 milioi euroko aurrekontua izango baitute.

Jarduerak lurraldeka

ARABA

  1. Langraitz (Ofita): altzarien diseinu eta fabrikazioko Ofita lantegiak bertan behera utzi du bere jarduera, eta lantegi horren gune honetako aktibo zaharrak erosiko dira berrerabiltzeko.

 

  1. Alegria Dulantzi: erosketa 2022an egingo da.

 

  1. Gasteiz –VIAP*: lurren zati baten erosketa. Proiektu honekin eremu horretako uholde- arriskua arinduko litzateke. Asmoa da Subillabideko proiektuarekin batera garatzea, handik ateratako hondakin-materiala erabiliko litzatekeelako VIAPen garapenerako (betegarri asko beharko du).

 

  1. Aiaraldea: Lehentasunezko Jarduketa Eremu honen Eskualdeko Plan Estrategikoa eta hura osatzen duten trakzio-proiektuak onartzear daudenez, jarduera geroago hedatuko da.

 

 

BIZKAIA              

  1. Barakaldo-Burtzeña*: 2021ean 87.000 m2ko bi partzela erosi ziren 11,60 milioi euroren truke. Aurretik egindakoa indartzen duen ekimena da, baina jarraitutasuna eskatuko du, oraindik eperik ez da zehaztu.

 

  1. Sestao: 2022an partzela tertziario bat erostea aurreikusten da.

 

  1. Trapagaran (Navacel): 2021ean Navacel lantegi zaharraren lurzorua eta instalazioak erosi ziren berroneratu eta lehengoratzeko. Oraindik ezin da jakin zein izango den behin betiko kostua, azken hartzaile edo eskatzailearen araberakoa izango baita.

 

  1. Erandio (Playa Barri-Sakoni)* 2021ean lau partzela erosi ziren 8,5 milioi euroren truke.  Eremu horiek partzialki artifizializatuta daude, baina lehengoratzeko premia dute. 2022an eta 2023an lurrak erosten jarraituko dugu, hasiera emango zaio hirigintza-tramitazioari eta lurraren deskontaminazioa hasiko da.

 

  1. Santurtzi: konpromiso bat hitzartu da lurzorua (100.000 m2) erosteko eta, zabortegi zahar bat denez, lur hori berroneratzeko. Proiektu honek lehengoratze- eta berroneratze-lan handiak eskatzen ditu, eta ibaian ere hainbat lan egin beharko da.

 

  1. Zalla-El Longar: akordio bat sinatu da Azpiegiturak Sailarekin Elkartegiaren garapenerako. Lurren zati bat 2021ean erosi da, eta gainerakoa 2022an erostea aurreikusten da eta eraikuntzarekin hastea. (50% EJ y 50% BFA)

 

  1. Gueñes: Aurreikusten da eraikin bat erosiko dela zaharberritzeko eta, horrela, Enpresa Trakziogileen Gunea bultzatzeko. (50% EJ y 50% BFA)

 

  1. Durango (Fundifes): Fundifes lantegi zaharraren aktiboen erosketa. Instalazioak eraitsiko dira eta deskontaminazio lanak egingo dira.

 

  1. Muxika-Inama: Inama lantegi zaharraren erosketa. Lehendik zeuden eraikinak eraitsi ondoren, balioztatze-fasea hasiko da (berrurbanizazioa, eraikin bat zaharberritzea eta beste batzuk eraikitzea).

 

  1. Muxika-Miango*: Eskualde mailako industrialdea (Busturialdeko Industrialdea). Gure jabetzakoak ez diren lurzoruak erosi eta inbertsio gehiago izango dira tramitazio urbanistikorako.

 

  1. Zamudio Torrelarragoiti: partzela urbanizatu baten erosketa.

 

  1. Artea-Bidosola: Arratiako Industrialdeko pabilioien zabalkuntza-proiektua

 

  1. Mungia-Prado: Calderería Prado lantegi zaharraren instalazioetako lurzoruaren erosketa, tramitazio urbanistiko eta deskontaminazio prozesuan.

 

  1. Lemoiz-Basordas*: zentral nuklearraren instalazio zaharrak atonduko dira lurreko akuikultura parke bat ostatatzeko. Egin beharreko lanak: eraistea, berrurbanizatzea, eraikina zaharberritzea eta eraikin berriak jasotzea. Ez da zehaztu aurrekontua, garapen-ereduaren araberakoa izango baita. Ezohiko baliabideak beharko dira proiektu honetarako, horregatik proposatu da Next Generation proiektuen artean sartzea.

 

GIPUZKOA        

  1. Pasaia-La Herrera: 2021ean ideia-lehiaketa bat lizitatu zen 2022an eraikin tertziario bat eraikitzen hasteko. Proiektuak bere baitan hartuko ditu Adinberri ekimenetik eta Ekonomia Urdineko enpresa-gunetik sortuko diren enpresak.

 

  1. Oarsoaldeako industrialdeen modernizazioa: Oarsoaldeako zazpi industrialderen modernizazioa. Aurreikusten da hitzarmen bat sinatuko dela SPRI eta Oarsoaldearen artean proiektu honi laguntzak emateko.

 

  1. Zumarraga-Arcelor*: 2021ean Arcelor lantegi zaharraren aktibo gehienak erosi ziren (lurzorua eta instalazioak), eta orain berroneratu egingo dira. Kalkulatu gabe dago oraindik hirigintza-tramitazioa bukatu ondoren egin beharreko berrurbanizazio-, konponketa- eta berreraikuntza-lanen kostua.

 

  1. Eibar-Matsaria: 11 pabilioi eta bulego bat berrerosiko ditu Jaurlaritzak industria-jardueraren zerbitzura jartzeko.

 

  1. Eibar-Erisono: eraikin tertziario bat faseka eraikitzeko lanak abiatuko dira. I. faseko lan horiek 2022aren amaieran hasiko direla aurreikusten da.

 

  1. Zestoa-Elesa: lurzati bat berrerostea, enpresa-proiektu batean berrerabiltzeko..

 

  1. Zarautz – Errotaberri: hiru partzelaren erosketa. Eremu horretan baditugu hainbat aktibo (25.000 m2), eta 3 milioi euro bideratu dira urbanizazio-lanak egiteko 3 urtez.

 

  1. Irun-Araso: 2021ean lurrak erosi ziren (Bidasoa Oarsoko Ind). Aurreikusten da inbertsio gehigarriak beharko direla 2023tik aurrera eraikuntza-lanak hasteko.

 

  1. Irun-Araso: aurrez saldutako bi partzela berrerosiko dira, balizko erosle bati zuzenean saltzeko.

 

  1. Irun (Hiframasa-Cicobask): bi jarduera instalazio zaharrak berritzeko (Bidasoa Oarsoko Ind). Lurrak 2019an eta 2020an erosi ziren 4 milioiren truke, eta aurreikusita dago pabilioi berriak eraikitzea 2022tik aurrera.

 

  1. Lazkao-Kanpandegi: jarduera berria partzela urbanizatuetan Lazkaon, eta urbanizazio fasea 2020 eta 2021 bitartean gauzatuko da.

 

  1. Bergara Larramendi: aurreikusita dago epe laburrean pabilioi berriak eraikiko direla.

 

  1. Ormaiztegi - Irai Errota: urbanizazio-lanak 2021eko abuztuan hasi ziren

 

  1. Legazpi (Sidenor): Sidenor lantegi zaharraren instalazio batzuk zaharberritzeko eta beste batzuk eraisteko (eta berriz eraikitzeko) lanak. 2022an eremua berrurbanizatzeko fasea hasiko da.

 

  1. Donostia-Eskusaitzeta: urbanizazio-proiektuaren II. fasea garatzen ari da Donostiako Udalarekin lankidetzan. Fase hori amaitutakoan, urbanizazioaren III. faseari ekiteko tramitazioa abiatuko da.

 

  1. Zumaia-Oikia-Xey: partzela berri bat erosi da, industrialde horretan aurretik erositako lurrei gehitzeko, eta 2021ean erosi dira Xey lantegi zaharraren aktiboak, oraindik berroneratu gabe daudenak. Helburua da industrialde osoa berrurbanizatzea, eta Xey lantegi zaharra zegoen partzelako lurra birgaitzea eta eraikin berri bat jasotzea.

 

  1. Hernani-Estubegi: aurreikusita dago lurzoru gehiago erostea (Beterri Kostako Ind) hirigintzako tramitazioarekin jarraitzeko, eta ondoren hasiko dira urbanizazio-lanak eta balizko pabilioien eraikuntzak.

 

Beste proiektu garrantzitsu batzuk, epemugarik gabe lantzen ari direnak

Aurrez deskribatutako jardueren kudeaketarekin batera, Jaurlaritzak aurrea hartu die beste proiektu batzuen definizioari. Eremu hauei eragingo lieke: Langraitz–Subillabide, Gasteiz–VIAP, Muxika-Miango, Elorrio-Pulla, Ezkio, Tolosa/Ibarra-Apattaerreka, Azpeitia-Larrin, Erandio (Playa Barri-Sakoni), Barakaldo-Burtzeña eta Zumarraga-Arcelor. Guztira, beste bi milioi metro koadro dira industria-jardueraren eskura jarriko direnak.

Zati batean edo osotasunean eskuratutako lurzoruak dira, eta horien izapidetzea eta garapena hirigintza-garapenek baldintzatuta daude, bereziki. Zenbait kasutan, hasierako inbertsioekin lehen bultzada eman zaien ekimenak dira, baina oraindik gehiago definitzeke daude.

3 iruzkin
  • @Estrada_Gasteiz
    2022-02-03

    Comentario de Twitter:
    RT @v_en_c: El Gobierno Vasco activa 2,3 millones de m2 de suelo industrial en 32 municipios vascos https://t.co/xCDOCMnrFm

  • @ForondaAirport
    2022-02-03

    Comentario de Twitter:
    RT @v_en_c: El Gobierno Vasco activa 2,3 millones de m2 de suelo industrial en 32 municipios vascos https://t.co/xCDOCMnrFm

  • @v_en_c
    2022-02-03

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco activa 2,3 millones de m2 de suelo industrial en 32 municipios vascos https://t.co/xCDOCMnrFm

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak