Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Hondarribiko kaiko kanpoko dikearen errefortzu lanen aurkezpena

2022-02-02
  • Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ordainduko ditu, 1.990.979,63 euroko aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko epearekin.
  • Atzotik eta hamar egunez kamioietan 1988 hormigoizko bloke lekualdatuko dira.

Hondarribiko Kai Berriko kanpoko babes-dikea sendotzeko lanak abian dira. Horien aurkezpena gaur goizean egin da Hondarribiko Kai Berrian bertan, eta hantxe izan dira Aitor Etxebarria, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Norberto Emazabel, Hondarribiko Done Pedro Arrantzaleen Kofradiako Abad Nagusia.

Txomin Sagarzazu alkateak eskerrak eman dizkie “Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari eta, bereziki, Aitor Etxebarriari Hondarribian egoteagatik eta Hondarribiarentzat oso garrantzitsua den proiektu honen aldeko apustuagatik. Obren helburua kanpoko ezpondaren eta bokalearen muturraren inguruko azpiegitura indartzea da, olatuen aurrean egonkortasuna hobetzeko eta Hondarribiko kaian portu-jarduera behar bezala garatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egingo ditu obrak, 1.990.979,63 euroko aurrekontuarekin eta 12 hilabeteko epearekin. Atzo bertan hasi zen 5 tonako agregakin siderurgikoarekin egindako masa-hormigoizko blokeen garraioaren lehen fasea. Lan horrek otsailaren lehen hamabostaldian iraungo du, eta 9, 12 eta 18 tonako blokeen garraioaren bigarren fasearekin jarraituko du. Argi utzi nahi dut erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia, kasu honetan Eusko Jaurlaritzarena eta Hondarribiko Udalarena, betiere herritarren onerako” gehitu du Sagarzazuk.

Kanpoko dikea indartzea

“Hondarribiko arrantza-portuaren jatorrizko babes-dikea eta haren handitzea laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran egin zen, eta azken urteetan ez du inolako indargarririk edo hobekuntza-jarduketarik jasan”, adierazi du Aitor Etxebarriak. “Indartu beharreko dikearen sekzioa Hondarribiko portutik iparralderago dagoena da, itsasoaren oldarraldien eta denboraleen aurrean arrisku handiena duena, azken urteotan oso gogorrak eta ohikoak izan direnak, eta kalte larriak eragin dituztenak EAEko kostaldean eta portuetan.

Horregatik, dikearen kanpoko ezponda sendotzeko, tona desberdineko hormigoizko blokeak jarri behar dira antzinako blokeen joan-etorrietan sortutako hutsuneetan, denboraleak direla eta. Lanak, batez ere, 5, 9, 12 eta 18 tonako hormigoizko blokeak fabrikatu, metatu, garraiatu eta jartzea eta kai-muturreko pitzadurak zigilatzea dira.

Dikearen ezponda sendotzerakoan jarriko diren blokeei Dentsitate Handiko Hormigoia (BHAD) esaten zaie, eta agregakin siderurgikoekin fabrikatzen dira, hormigoi-bolumen txikiagoarekin pisu handiagoa lortzeko. Dentsitate handiko hormigoia erabiliz, agregakin siderurgikoak berrerabiltzen dira (industria-hondakin eraldatua eta agregakin balorizatua), zepa horiei balio erantsia emanez eta harrobiko baliabide naturalen kontsumoa murriztuz” esan du Etxebarriak.

Kamioien zirkulazioa

“Atzo goizetik, datozen hamar egunetan, hormigoizko blokeak Kai Berriraino eramango dira. Lau kamioik bi bidaia egingo dituzte ordu bakoitzean, eta ordu erdiro kamioi bat sartuko da Hondarribian. Horren berri eman nahi diegu herritarrei, obra nola egiten ari den jakin dezaten” amaitu du Sagarzazu Alkateak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea; Norberto Emazabel, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako Abade Nagusia