Lehen mundu birari buruzko euskal herritarren kontakizuna, Elkano Fundazioaren programazioaren ardatza ospakizunen azken urterako

2022-02-02
  • Kostaldea zeharkatuko du itsas eta kultur zeharkaldi formatua izango duen dibulgazio-egitasmo batek, Euskal Herriak itsasoarekin duen harremana ardatz hartuta
  • Zenbait argitalpenek eta abesti batek lehen zirkumnabigazioaren berri emango diete belaunaldi bat baino gehiagori
  • Arlo akademikoan, Elkanoren pentsamendua eta bidaiaren ondorioak jorratuko dituzte udako bi ikastarok eta nazioarteko kongresu batek

 Garaitsu honetan, 1522an, Elkano eta gainerako tripulazioa geldialdia egiten ari ziren Timorren. Zin zeuden Indiako Ozeanoan zeharbide luze, gogor eta bakartia hasteko. Portugalgo urak zeharkatu eta Karlos V. enperadorearen agindu zehatzak urratu ondoren, hilabete batzuetara, irailaren 6an, Sanlucar de Barramedara iritsi ziren. Hala, lehen mundu bira osatu zuten. 

Azken txanpan sartu dira lehen mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizunak, eta Elkano Fundazioak asmoa du bidaia haren eta bidaia posible egin zuen testuinguruaren kontakizuna zabaltzeko gizarteko hainbat adarretara, gure herriaren ikuspegitik. “Aurreko urteetan egin dugun lan guztiarekin, hau da, lan akademikoarekin, egindako eztabaidekin eta sortu ditugun hausnarketa-guneekin, zenbait kultura- eta dibulgazio-proiektu gauzatuko ditugu. Orain hobeto dakigu nor zen Elkano, baita garai hartako Euskal Herria nolakoa zen ere, eta horrela, hobeto ulertzen dugu nola eta zergatik lortu zuen Getariako kapitainak munduari bira ematea”, azaldu du Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak 2022rako programazioa aurkezteko prentsaurrekoan. Irurzunekin batera, prentsaurrekoan izan dira Haritz Alberdi, fundazioko presidente eta Getariako alkatea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta fundazioko patronatukidea, eta Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusi eta fundazioko patronatukidea. Lourdes Salsamendi Urola Kostako Mankomunitateko presidentea eta Aitor Urresti Getariako zinegotzia ere izan da ekitaldian. Biak Fundazioaren Patronatoan daude.

Kontakizuna zabaltzea

Orain arte egindako lanaren ildotik, Elkano Fundazioak sormenezko jarduerak, jarduera akademikoak eta dibulgazio-jarduerak uztartzen dituen programa bat diseinatu du, beste lurralde batzuetako (besteak beste, Txile eta Andaluzia) eta Euskal Herri osoko eragileekin lankidetzan.

Urteko ekitaldi nagusietako bat izango da itsas eta kultur zeharkaldi formatua edukiko duen egitasmo original, dibulgatzaile eta ibiltari bat. Maiatzetik aurrera, egitasmoak zeharkatu egingo ditu proiektuarekin bat egiten duten euskal kostaldeko herrietako plazak, Euskal Herriak itsasoarekin duen harremana azpimarratzeko helburuarekin. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, egitasmoan parte hartuko dute kostaldeko euskal lurralde guztietako eragile ugarik. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko zenbait herrik baieztatu dute dagoeneko parte hartuko dutela, eta datozen asteetan emango dira egitasmoari buruzko xehetasun guztiak. “Euskal Herria, sozialki, kulturalki eta ekonomikoki, itsasoari begira garatu da, munduarekiko zubi ireki gisa. Ondare hori bizirik mantentzeak aberastu egiten gaitu gizarte gisa, herri gisa”, adierazi du. 

Aurreikusitako jardueren artean, halaber, nabarmentzekoak dira hainbat argitalpen ere. Horiek, lehen mundubiraren berri emango diete belaunaldi bat baino gehiagoko herritarrei, euskaldunen ikuspegitik. Honako hauek izango dira argitalpenak: Elkanoren Getariari buruzko bidaia-koaderno bat, Arturo Redondo ilustratzaile andaluziarraren eskutik; 5W aldizkariarekin elkarlanean egindako argitalpen bat, erdigunean egungo munduaren eta duela 500 urtekoaren arteko antzekotasunak jarriko dituena; Ander Izagirre kazetari eta idazlearen liburua, ‘Euskal Herri barneko mundubira’ (Euskal Herri itsastarra deskubritzeko bizikletaz egindako ibilbide bat) proiektuko esperientzia bildu eta erdigunean Euskal Herriko itsas ondarea jartzen duena; eta, lehen lerroko euskal egile batek euskaraz pentsatu eta idatzitako liburu bat, abiapuntutzat Elkano buru zela egindako lehen mundubira hartu eta irakurle guztien eta, batez ere, gazteen artean gogoeta bultzatuko duena.  Gainera, Elkanok eta haren bidaiak abesti propioa izango dute, datorren maiatzean emango da ezagutzera. 

Ezagutza berria


Bingen Zupiria sailburuak zehatu ditu aurten egingo diren jarduera akademikoak. Elkano eta mundu bira itzuli egingo dira EHUren udako ikastaroetara, eta aurreko edizioetan izandako harrera ona ikusita, bi hitzordu antolatuko dituzte. Ekainaren 13an eta 14an, ‘Elkanoren pentsamendua’ jorratuko da, Joxe Azurmendi katedrarekin lankidetzan. Uztailaren 7an eta 8an, berriz, ‘Elkanoren ospakizuna: ondorioak eta galdera berriak’ saioa izango da. Azken horrek lau mahai-inguruz osatutako formatua izango du, eta ospakizunen, begiraden eta kontakizunen arrazoietan oinarrituko da. Tokian tokikora mugatu gabe, herri hartzaileenak ere aintzat hartuko dira, eta, munduari bira berri bat eginez, iraganetik gaur egunera zer transmititu aztertuko da. Biak doakoak izango dira eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan izango dira. 

Zupiriak hizpide izan du baita ere ‘Elkano’22. Historia inguratuz’,  nazioarteko kongresua. Urriaren 19tik 21era izango da, Carlos Santamaria Zentroan bertan. “Hitzordu hau eztabaida-foro berri bat gisa planteatzen dugu, talde txiki batentzat izango da, eta gazteek espazio bat izatea nahi dugu”. Kongresuak bost saio izango ditu, eta nazioartean sona duten adituak eta ikertzaileak gonbidatuko dituzte. Gai hauek jorratuko dituzte: globalizazioaren agertokiak, merkataritza mundu biraren motortzat, irudiak garai hartan zuen garrantzia, Europako itsas hedapen handiaren garaiari buruzko pedagogia eta didaktika, eta, azkenik, mundializazioaren azterketa, ikuspegi soziologiko batetik. 

Bira bat, 100 mundu’ , gaurkotutako lehorreratzea 

2022an, 100 urte beteko dira Elkanoren lehorreratzea lehen aldiz egin zenetik. Lau urtean behin, ekitaldi horrek gogorarazi egiten du Elkanoren eta Victoria itsasontzian bizirik itzuli ziren gainerako kideen itzulera Getarian. Iazko irailetik abendura bitartean, Getariako Udalak partaidetzan oinarritutako elkarrizketa-prozesu bat antolatu zuen, getariarrek ekitaldi hori nola bizi eta sentitzen duten jakiteko eta etorkizunean nola egin nahi duten hausnartzeko. Haritz Alberdi Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidenteak azaldu duenez, “haiei entzun ondoren, lanean ari gara zehazteko aurten nola gauzatu lehorreratzeak ekarriko dituen berrikuntzak”. Ekitaldiak jatorrizko data berreskuratu du eta irailaren 6an izango da, ‘Bira bat, ehun mundu’ lelopean. 

Bere ibilbidea amaitzeko hilabete gutxi batzuk bakarrik falta zaizkionez, Elkano Fundazioak balantze bat ere egin nahi izan du: “Pozik gaude egindako lanarekin, batez ere gai izan garelako beti hizpide ditugun hiru ardatzak erdigunean mantentzeko: ezagutza sortzea, zabaltzea eta lankidetza-sareak sortzea. Bereziki pozgarria da azken alderdi horri dagokionez lortutakoa; izan ere, hiru laguneko talde batekin nekez egingo genituen hainbeste gauza, baldin eta abentura honetan lagundu nahi izan diguten hemengo nahiz nazioarteko eragile guztiengatik izan ez balitz”, adierazi du Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak