Eusko Jaurlaritzak ekipamendu judiziala handituko du Bizkaiko hiriburuan, Bilboko Ibañez kaleko ‘Mapfre Eraikina’ erosita

2022-02-02
  • Justizia Administrazioak legegintzaldi honen amaieran beste 25.000 metro karratu gehituko dizkie hiriko azpiegiturei
  • 41 milioi euro inbertitu ditu Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko Justizia Jauregi hori erosteko
  • Espazioa erabilera berrietara egokitzeko 16 milioi euroko inbertsio gehigarria egin beharko dela kalkulatu da
  • Eusko Jaurlaritzak Bilboko bulego judizialak berrantolatuko ditu, Epailetzarekin eta Fiskaltzarekin kontraste-prozesu bat egin ondoren

 Bilbo, 2022/02/02

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur iragarri du Eusko Jaurlaritzak Ibañez de Bilbao kaleko 28. zenbakiko eraikina, Mapfre Eraikina, erosi duela, Bizkaiko hiriburuan ekipamendu judiziala handitzeko. Erosketa horren bidez, EAEko Justizia Administrazioak 19.110 metro koadro ditu Bizkaiko hiriburuan, eta Bilboko erdigunean bulego judizialak berrantolatzeko prozesuari ekin dio. Prozesu hori dagoeneko aurreikusita dauden beste obra batzuekin osatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakari Iñaki Subijanarekin eta Carmen Adán, Euskadiko Fiskal Nagusiarekin batera, Justiziako titularrak azpimarratu du eraikin hori “Bilboko Justizia Jauregi berria bihurtuko dela, egungo ekipamenduak arintzeko”. Ekitaldian izan dira, halaber, Ana Agirre, Justiziako sailburuordea; Javier Landeta, Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako zuzendaria; Reyes Goenaga, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidentea; eta Aner Uriarte, Bilboko epaileen dekanoa.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “gaurko eguna aurrerapauso sinboliko bat da baliabide gehiagoko justiziaren alde egiten dugun apustu irmoan, justizia modernoagoa eta, aldi berean, pertsonen beharretan zentratuagoa”. “Bulego judizial berriak zerbitzu eraginkorragoa, pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa eskaintzeko aukera emango du”.

Subijanak, bere aldetik, nabarmendu du eraikinak “oso garrantzitsuak direla pertsonei harrera eta laguntza emateko eta gatazkak konpontzeko berme juridikoak errespetatzeko”. “Justizia irisgarria ahalbidetu behar duen espazioa da, entzutea ahalbidetzen duena, modu ulergarrian egiten duena eta bidezko erabakia ahalbidetzen duena”.

Iñaki Subijanak nabarmendu du, halaber, Gobernu Salak hiru jarduera-ildotan egin duen ekarpena: “berehalakoa, Bilboko Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako Barruti Judizialetan ezarritako eskemetara egokituz; mediatak aukera ematen du espazio egokiak edukitzeko, herritarren babes judizialerako arauak garatzeko bide emango duten organo judizial berriak kokatzeko (Bulego Judizial Berria deiturikoa), eta estrategikoa, aukera ematen duena erantzun eraginkorra eta iraunkorra emateko, arlo jurisdikzionalean (instantzia-epaitegietan) antolakuntza-egitura berriak sortzeko eta digitalizazioari lotutako prozedurak kudeatzeko dinamikak ezarri eta finkatzeko.

Carmen Adán Euskadiko fiskal nagusiak adierazi duenez, eraikin berri hau erosteak “proiektu eta konpromiso-mezu bat bidaltzen du”. "Hobetzeko proiektua da, legez agindutako eginkizunak betetzeko eta zerbitzu publikoarekin konpromisoa hartzeko". Adanek azpimarratu du eraikinen erabiltzaileak ez direla soilik eraikinetan lan egiten duten kolektiboak, baizik eta batez ere lan hori zuzentzen zaien herritarrak. Erantsi duenez, “eraikinak eta espazioak biktimengana egokitu behar dira, ez urrundu. Hemen egotean sentitu behar dute dauden eraikinean artatu eta konponduko direla. Eraikinek eta espazioek gure administraziora jotzen dutenen pribatutasun-eskubideak sendotzeko aukera eman behar digute. Azken finean, zerbitzu publiko gisa hobetzea”.

Legealdi honetan, Justizia Administrazioa 25.000 metro koadro irabazten ari da Bizkaiko hiriburuan; izan ere, 2022a amaitu baino lehen, Henao kaleko 9. zenbakian beste 5.000 metro koadro birmoldatzeko lanak amaitzea aurreikusten da, Hiri Jabetzaren Ganbera izan zena; orube hori Eusko Jaurlaritzarena zen. Orain arte, Bilboko hiru epaitegiek 60.000 metro karratu zituzten.

Gainera, beste 700 metro karratu jarriko dira Barroeta Aldamar kaleko kristalezko eraikinean. Eraikin horretako lokalak aurten altzariz hornituko dira. Instalazio judizialek, beraz, gune berriak izango dituzte Bilbon gaur egun dauden hiru Justizia Jauregiak arintzeko: Albia Lorategiak, Buenos Aires eta Barroeta Aldamar. Justizia Sailak Bilboko gune judizialen etorkizuneko erabilerak zehaztu ahal izateko, orain Eusko Jaurlaritzaren eta agente judizialen, bereziki epaileen eta fiskaltzaren, arteko kontraste eta ekarpen-prozesu bati ekin zaio, erabilgarri dagoen espazioa optimizatzeko.

Mapfre Eraikinaren erosketa-akordioa duela hilabete egin zen, eta bertan eraikina entregatzeko azken eguna ezarri zen, 2022ko abenduaren 31n. Hala, iazko urtarrilean hasitako negoziazio-prozesu luzea amaitu da. Adostutako prezioa, 41 milioi eurokoa, euskal administrazioak eskatutako peritu-tasazioan justifikatzen da.

Mapfreko langileek lanean eta telelanean jarraitzen dute eraikinean, enpresaren egoitza izan baita azken 30 urteetan. Mapfre Bizkaiko hiriburuaren beste toki batean kokatuko da hurrengo hilabeteetan, urte bukaera baino lehen, baita eraikin horretan dauden gainerako errentari eta enpresak ere.

Eraikinaren egokitzapena

Artolazabal sailburuak azaldu du eraikina zaharberrituko dela Justizia Administrazioko hainbat organo hartzeko. Horretarako, 16 milioi euroko inbertsioa egin beharko da eta obrak egiteko epea 24 hilabete ingurukoa izango da. “Instalazio horiek hurrengo legegintzaldiaren hasieran okupatzea da gure asmoa”, nabarmendu du.

Erositako eraikinak hiru kaletako fatxada du: Ibañez de Bilbao, Henao eta Zabalgune Enparantza. Lau soto ditu, 6.209 metro koadroko azalerarekin, beheko solairua gehi zortzi solairu eta sestra gaineko atikoa. Sestra gainean eraikitako azalera 12.646 metro karratukoa da.

Eraikinaren eraikuntza 1972an hasi eta 1976an amaitu zen, baina 1991n erabat birmoldatu zen, eta 2007an igogailuen eta bainugelen instalazioak berritu ziren, eta 2011n klimatizaziokoak. Julian Larrea Basterra arkitektoak diseinatu zuen, eta Bilboko Bankua izan zen lehenengo erabiltzailea, Mapfre baino lehen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Subijana (EAEANko Presidentea) ;Carmen Adán del Río (Euskadiko Fiskal Nagusia)