
Kontroleko osoko bilkura (2022/2/11)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Luis Javier Tellería Orriols Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2022ko lehen hiruhilekoan jarraitu beharreko estrategiari buruz.
Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren estrategiak hitz bati ematen diola lehentasuna: suspertzea. “Prest gaude lehentasunezko helburu horretarako. Osasun-zerbitzua bere osotasunean berreskuratzeko eta gure gizartearen egoera emozionala gainditzeko”, zehaztu du.
Ildo horretan, Iñigo Urkulluk esan du Jaurlaritza buru-belarri ari dela hartutako konpromisoak betetzen eta pandemiak azaleratu dituen erronka berriei erantzunak ematen: arreta berezia gazteriari eta laguntza prestakuntzari, enpleguari eta etxebizitzari buruzko lehentasunetan, bizitza autonomo bat gara dezaten; kohesio sozialaren bermea eta “ezberdintasun berriei” balazta; zainketa-sistemaren birformulazioa eta adinekoen bakardade egoerei arreta ematea; eta eguneroko harremanen eta gestioen teknologizazioak eragin dezakeen gizarte-isolamendua eta eten digitala saihestea.
“Gazteak. Gizarte-kohesioa. Zainketa-sistema. Eraldaketa ekonomikoa. Berreskuratzea eta berriz abiaraztea. Hauxe da Eusko Jaurlaritzaren estrategia. Euskadiren bultzada hori partekatzeko prest gaude, halaber. Eutsi egin diogu eta erantzun egin dugu. Orain aurrera egingo dugu”, adierazi du.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak egungo egoerari buruz egiten duen analisiaren gainean.
Lehendakariak adierazi duenez, berebiziko egoera bizi dugu pandemiaren kolpetik errekuperatzeko, Euskadi suspertzeko eta eraldaketa sozial, ekonomiko eta ekologikoa sustatzeko. "Berreskuratze eta Eraldaketa aro berri batez hitz egin dezakegu", adierazi du.
Euskal ekonomiaren hazkunde-egoeran, pandemiaren aurreko mailetan BPG eta enplegua laster berreskuratuko direla baieztatzen den honetan, Lehendakariak hiru helburu proposatu ditu: gizarte-kohesioa, berdintasuna eta inklusioa gero eta dibertsitate handiagoko gizartean; gazteria, bizi- eta familia-proiektuak autonomiaz eraikitzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzea; eta komunitatearen zentzua indartzea, indibidualismoaren eta gizarte-banaketaren aurrean, elkartasuna eta gizarte-balio partekatuak indartzea. “Hori guztia etengabeko aldaketa eta ziurgabetasunaren mende degoen errealitate global eta dinamiko batean”, gaineratu du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, 2021-2028 Euskadiko Osasun Planari buruz.
Lehendakariak onartu du Osakidetzak arazoak dituela, pandemia hasi zenetik mundu osoan osasun-zerbitzu guztiek izan dituzten bezala, baina nabarmendu du Osakidetzak arazo horiei erantzuna eman diela, “maila altuko erantzuna”. Zentzu honetan, Urkulluk azpimarratu du ez dagoela Osakidetzan “desegiterik”, aitzitik, Osakidetzak gaur inoiz izan dituen baino baliabide gehiago dituela: Osakidetzak 3.800 milioi euroko aurrekontua zuen 2019an; gaur egun, 4.300 milioikoa da; Euskadin, 1.984 euro inbertitzen dira Osasunean pertsona bakoitzeko, Estatu osoko lehen Erkidegoa; 2019ko abenduan, Osakidetzak 40.900 profesional zituen lanean, orain 45.700 dira; eta Osakidetzak 3.535 lanpostuko Eskaintza Publikoa abian du.“Horregatik guztiagatik, Euskadi da Estatu osoko osasun-zerbitzurik onena duen erkidegoa, Osasun Publikoaren Defentsarako Federazioaren 2021eko txostenaren arabera”, gaineratu du
Horrela, Lehendakaria adierazi du Eusko Jaurlaritza osoaren lehentasuna osasun publikoa mantentzea dela.“Ezagutzen eta ulertzen ditut arazoak eta zailtasunak, denok bizi izan ditugu zailtasun horiek, hemen eta mundu osoan. Baina, argi dago, ez dela greba deitzeko unea. Arreta eta osasun publikoa bermatzen jarraitzeko unea da”, esan du.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemiaren aurkako borrokak Euskadin duen egoerari buruz.
Lehendakariak azaldu duenez, hartu diren neurriei esker, egungo egoerak hobera egin du, eta horregatik, LABIk etapa berri bati hasiera eman ahal izan zion atzo. Hala, Eusko Jaurlaritzak susperraldi sozial, ekonomiko eta emozionalaren aldeko apustua egiten duela azpimarratu du, baita Euskadi berrabiaraztearen aldekoa ere.
Ildo horretan, gogorarazi du pandemia hasi zenetik 5.100 milioi bideratu direla familien, enpresen, sektore ekonomikoen, merkataritzaren, hezkuntzaren edo kulturaren beharretara. “Euskadi berreskuratzeko herrialde, sektore, enpresa eta familia bakoitzaren susperraldia behar da. Horrela jarraituko dugu”, esan du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, salbuespen-politikak euskal gizartean zentzugabeak direla pentsatzeko Eusko Jaurlaritzak duen arrazoiari buruz.
Lehendakariak azpimarratu du salbuespen-politikek ez dutela zentzurik ez Euskadin, ez Zuzenbidezko Estatua nagusi den inon; izan ere, “guztiok berdinak gara legearen aurrean, eta legeak berdina izan behar du guztiontzat”.
Lehendakariak argitu du euskal espetxe-sistemak berdin artatzen dituela preso guztiak, eta helburua dela birgizarteratzea erraztea, banaka eta biktimekiko ikuspegi leheneratzailea ahaztu gabe. “Eusko Jaurlaritzak legea aplikatzen du berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatuz. Espetxe-legeriak berdina izan behar du herritar guztientzat. Euskadik ez du salbuespenezko politikarik egingo pertsona batzuk besteengandik bereizteko”, adierazi du. Hala, azpimarratu du preso guztiei, edozein delitu egin dutela ere, legeria eta espetxe-politika bera aplikatu behar zaizkiela. “Politikaren ikuskera demokratiko baten muinaz ari gara”, gaineratu du.
Hala, espetxeen arloko eskumena bere gain hartzeak euskal gizartean konfiantza sortu duela azpimarratu du.