Euskadik Nazio Batuan proposatu du estatukoak ez diren gobernuek presentzia handiagoa izatea 2030 Agendaren sustapenean
-
Jonan Fernandezek Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu du Eusko Jaurlaritzaren, Regions4-ren eta NBEren tokiko agintarien talde nagusiaren izenean.
-
2030 Agendaren maila anitzeko gobernantzaren gaia eta estatuz azpiko, eskualdeko edo tokiko gobernuen zeregina landu dira bilkuran.
-
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak estatukoak ez diren gobernuen partaidetza eta ordezkaritza argiagoa proposatu du.
-
Euskadirena bezalako gobernuen esperientziak 2030 Agendaren ahalmen eraldatzailea hobetzen eta zabaltzen lagun dezake.
Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak antolatuta, ECOSOC Partnership Forum-en osoko bilkuran parte hartu du Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak gaur arratsaldean. Eusko Jaurlaritza, Regions4 eta NBEren tokiko agintarien talde nagusia ordezkatu ditu.
Bilkura horretarako gaia hauxe izan da: “GJHak lortzea eta COVIDen pandemiatik modu iraunkorrean eta integratzailean suspertzea, elkarteen eta gobernantza sendo baten bidez: tokiko eta eskualdeetako gobernuen funtsezko eginkizuna”. Tokiko eta eskualdeetako gobernuen, gizarte zibilaren ordezkarien eta mundu osoko beste eragile batzuen parte-hartze zabala izan da bilkuran, esperientziak partekatzeko eta Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) lortzea indartzeko.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Hegoafrikako Gobernantza Kooperatiboko eta Gai Tradizionaletako ministroordearekin eta CGLUren (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Munduko Erakundea) ohorezko presidentekidearekin partekatu du panela; baita Joanne Vanderheyden Strathroy-Caradoceko alkate eta Kanadako Udalerrien Federazioko lehendakariarekin ere.
Bilkura horretan, eskualdeetako gobernuen eta gizarte zibilaren arteko kogobernantza-eredu berritzaileei, gardentasunari eta kontu-emateari buruz hitz egin da, eta Jonan Fernandezek giza garapen iraunkorraren euskal eredua eta Agenda 2030eko Lehentasunen Euskal Programa partekatu ditu bertan.
Fernandezek, bere hitzaldiaren hasieran, azpimarratu du aliantzak funtsezkoak direla pandemiatik suspertzeko eta GJHak lortzeko. Adierazi duenez, ez gara behar bezain azkar ari aurrera egiten.
Iradoki du hobeto aztertu behar direla agenda globalak eraginkortasunez, efizientziaz eta inklusiboki ezartzeko maila anitzeko gobernantzak dituen onurak. Aldi berean, kontuan hartu du hirien eta eskualdeen parte-hartze esanguratsua ezinbestekoa dela lurralde-ikuspegi bat ezartzeko eta politika koherenteak bermatzeko, koordinazio sektoriala erraztuz eta hiri- eta landa-errealitateen beharrak integratuz.
Ildo horretan, Jonan Fernandezek GJHen ekintza bizkortzeko urrats garrantzitsu gisa defendatu du estatuz azpiko gobernuen ahaleginak sartzea borondatezko azterketa nazionalak garatzeko, ezartzeko eta eguneratzeko. 2018az geroztik, Eusko Jaurlaritza herrialde aitzindaria izan da 2030 Agendarekin hartutako konpromisoen jarraipena egiteko urteko txostenak egiten eta Nazio Batuetara bidaltzen.
Toki Agintarien Talde Nagusiaren (LAMG) izenean, estatu kideekin eta NBEren sistemarekin lankidetzan lan egiteko konpromisoa berretsi du. Gobernuen arteko prozesuetan nahiz prozesu nazionaletan parte hartzea indartzeko itxaropena adierazi du.
Ildo horretan, LAMG-arentzat pozgarria da Tokiko eta Eskualdeko Gobernuei buruzko NBEren Aholkularitza Taldea sortzea NBEren idazkari nagusiari aholkuak eta laguntza emateko. Azpimarratu du estatu kideen eta NBEren erakundeen parte-hartzea balioesten dutela, nahiz eta uste duten tokiko eta eskualdeko gobernuen ordezkaritza ekitatiboa bermatu behar dela. Eskualdeetako gobernuek ezin dute atzean geratu.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak gaineratu du LAMG-ak Nazio Batuen sistemari gomendatu diola dauden mekanismoetan oinarritzea. Horren adibide da Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmeneko Nazio azpiko Gobernuen Aholku Batzordea, Regions4-k eta Quebec-eko Gobernuak koordinatutako egitura iraunkorra dena.
Fernandezek adierazi duenez, Aholku Talde berriaren osaeran Eskualdeko Gobernuen Elkarteak eta Eskualde Sareak sartzeko itxaropena dago. Regions4-k bere esperientzia eta ezagutzak eskaintzen ditu, eta prest dago inspirazio-iturri izan daitezkeen ikasgaiak partekatzeko.
Amaitzeko, adierazi du Eusko Jaurlaritza eta mundu osoko eskualde-gobernuak suspertze-politika bidezkoak eta iraunkorrak bultzatzen ari direla eta esperientzia hori kontuan hartzea lagungarria izan daitekeela 2030 Agendaren gaitasun eraldatzailea hobetzeko eta handitzeko.