Gazteen Euskal Behatokia: Euskadiko hamar gaztetik zazpik klima aldaketarekiko interesa dute
- Gutxiengo batek jarraitu zituen 2021eko Klimaren Goi Bilerako albisteak
- Gehienek diote prest daudela 0 km-ko produktuak erosteko, nahiz eta garestiagoak izan ( % 64,5)
- Oporretan autobusez edo trenez joan, hegazkinez egin beharrean; % 63,4ren aukera
- Emakumeak gizonak baino prestasun handiagoa dute ingurumen-inpaktua murrizteko proposatutako neurri guztiak hartzeko
- Garapen Iraunkorraren Helburuak: 20 eta 29 urte bitarteko gizarte-tartea da gehien ezagutzen duena, baina ez da % 30era iristen
- Gazteen Europako Urtea 2022
Vitoria-Gasteiz, 2022 02 02
Euskadiko 15-29 urteko gazteen % 69,5ek diote interes handia edo nahikoa dutela klima-aldaketarekin lotutako gaietan; gazteen % 18,0k interes handia dute, eta beste % 51,5ek interes nahikoa. Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailekoak, 2021eko abenduan Euskadiko gazteen lagin adierazgarri bati online egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gaztek hartu zuten parte.
Gazteriako zuzendari Agurtzane Llanok nabarmendu du klima-aldaketarekin zerikusia duten gaiak zertxobait gehiago interesatzen zaizkiela emakumeei gizon gazteei baino ( % 71,3 eta % 67,8, hurrenez hurren), eta 25 eta 29 urte bitartekoei ( % 73,5) 25 urtetik beherakoei baino ( % 67 eta % 68 artean).
Hala ere, Euskadiko gazteen % 6,1ek soilik jarraitu zuen egunero edo ia egunero Glasgowko Klimaren Goi Bilerari buruzko informazioa, 2021eko urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean. Beste % 36,3k maiztasun txikiagoarekin jarraitu zituen albiste horiek, baina, nolanahi ere, gehienak dira Klimaren Goi Bileraren gaurkotasuna jarraitu ez zuten gazteak ( % 55,2).
25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean – Gai horri buruzko interes handiena dutenak dira –, Klimaren Goi-bilerari buruzko berrien eguneroko jarraipenaren ehunekoa % 9,1 da; 15-19 urte bitartekoen artean, berriz, % 4,0, eta 20-24 urte bitartekoen artean, % 5,4.
Giza ekintza eta klima-aldaketa
Gazte gehienek ( % 56,1) diote klima-aldaketa gizakiaren ekintzaren ondorio dela, eta % 38,1ek uste du giza ekintzaren eta aldaketa natural ziklikoen ondorioen konbinazioa dela. % 3,4k soilik uste du giza ekintzak esku hartu ez duen natura-aldaketa bat dela, eta gainerako % 2,3k ez daki edo nahiago du ez erantzun.
Kolektibo guztietan gehiengoa dira klima-aldaketa giza ekintzen ondorio dela uste dutenak, nahiz eta ideia hori zertxobait zabalduago dagoen gazteenen taldean ( % 58,8ra iristen da 15 eta 19 urte bitartekoen artean).
Eta zenbait jarduerek ingurumenean duten eragina murrizteko hainbat neurri hartzeko prest dauden galdetzean, gehienek diote prest daudela 0 km-ko produktuak erosteko, nahiz eta garestiagoak izan ( % 64,5), oporretan autobusez edo trenez joateko, hegazkinez egin beharrean ( % 63,4) eta telefonoak, tabletak edo ordenagailu birziklatuak erosteko ( % 62,7).
Euskadiko gazteen erdiak ( % 50,4) prest daude Internet bidez produktuak eta janaria ez erosteko, baldin eta etxez etxeko banaketa badakarte. Baina gutxiengoa dira Euskadin edo Espainian egindako arropa erosteko prest daudenak, nahiz eta prezioa bikoitza izan ( % 37,1).
0 kilometroa
0 km-ko produktuak edo Euskadin edo Espainian egindako arropa erosteko aukera handiagoa da adinak gora egin ahala, baina, normalean, adinak gora egin ahala, gazteek duten diru kopurua ere handitu egiten da.
Hala ere, adinaren arabera ez da alderik ikusten birziklatutako gailu teknologikoak erosteko edo etxez etxeko banaketa dakarten produktuak erosteko prestasunean. Oporretako joan-etorrietan hegazkinaren ordez autobusa edo trena erabiltzeko prestasuna handiagoa da adinak behera egin ahala.
Emakumeak gizonak baino prestuago daude beren ekintzen ingurumen-inpaktua murrizten saiatzeko proposatutako neurri guztiak hartzeko.
Azkenik, klima-aldaketari eta munduko beste arazo batzuei (hala nola pobrezia, osasuna, hezkuntza, genero-berdintasuna eta abar) erreferentzia egiten dieten GJHei (Garapen Jasangarrirako Helburuak) buruz duten ezagutzaz galdetzean, laurdenek baino ez dakite zer diren ( % 24,7). 20 eta 29 urte bitarteko pertsonek ezagutzen dituzte gehien, baina pertsona horien artean ere ez dira % 30era iristen.