Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek bi mendizale erreskatatu dituzte Ganboa eta Aratz mendietan

2022-01-29

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek 63 eta 58 urteko bi gizonezko erreskatatu dituzte gaur, larunbata, Aralar mendizerrako Ganboa mendian, Abaltzisketako udal-barrutian, eta Aratzen, Arabako Asparrenako udal-barrutian. Lehenengoari bihotzekoak eman dio, eta Donostia Ospitalera eraman dute. Bigarrenak orkatilan min hartu du, eta Gasteizko Santiago Ospitalera eraman dute.

 Eguerdiko hamabiak aldera, gizon batek SOS Deiak 112 Larrialdietako Zerbitzura deitu du bularraldean mina zuela eta Aralar mendizerran, Ganboa mendian, zegoela esanez.

Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak eta helikoptero bat berehala hurbildu dira adierazitako lekura. Ertzaintzaren aireontziak Osakidetzaren helikoptero bat zain zuen lekura eraman du biktima, 63 urtekoa, eta honek Donostiako suhiltzaileen eraikineko heliporturaino eraman du.

Bertan anbulantzia batek hartu eta Donostia Ospitalera eraman du, dirudienez bihotzekoak eman baitio.

Arratsaldeko hiruak baino lehentxeago, beste mendizale batek deitu du SOS-Deiak zerbitzura, Aratz mendian, Asparrenako udal-barrutian, erori egin dela esanez. Mendizalearen arabera, orkatilan min hartu du eta ezin zuen hanka lurrean jarri.

Gizona eta honen alaba Ertzaintzaren helikoptero batek erreskatatu ditu lekuko orografia zela-eta, eta Arabako Araia herriko futbol-zelairaino eraman ditu. Bertan zain zuen anbulantziak eraman du zauritua Gasteizeko Santiago Ospitalera. Bi erreskateak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan