Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Jakinarazpena, Giza Eskubideen Behatokiaren EAEko Ordezkaritzarena Kolonbian

2022-01-29

Bogotá, 2022ko urtarrilaren 29a

José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea izan da Giza Eskubideen Behatokiaren ordezkaritzaren buru Kolonbian, urtarrilaren 23tik 29ra bitartean, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko EAEko Programaren esparruan.

Ordezkaritza, gainera, honako hauek ere osatu dute: Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria; Nerea Cambra, haren zuzendaritzako gizarte-langilea; Noemí de la Fuente eta Ana Rojo, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziakoak; Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordearen ordezkaritza bat, Leixuri Arrizabalagak (presidentea),  Iñigo Iturratek (EAJ), Oihana Etxebarrietak (EH Bildu), Miren Gallastegik (PSE), Iñigo Martínezek (Elkarrekin Podemos-IU), Carmelo Barriok (PP-Cs) eta Juan Carlos Areizagak (letratua) eratzen dutena, eta Mugarik Gabe (Lorea Undagoitia), Alboan (Leire Morquecho), Emigradas sin Fronteras (Luis Eduardo Royero) eta Zehar (Alberto Cereijo eta Leire Lasa) giza eskubideen eta lankidetzaren erakundeak.   

Bogotaz gainera, EAEko ordezkaritzak Santander de Quilichao (Cauca), Medellín (Antioquia) eta Montería (Córdoba) ere bisitatu ditu, eta, haietan,  Programan hartutako hiru pertsonaren parte-hartzea duten erakundeekin batu dira: Asociación de Consejos Comunitarios del Norte del Cauca (ACONC), Organización Indígena de Antioquia (OIA) eta Resguardo Mayor Alto San Jorge (Montería). Eskerrik asko haien ongietorriagatik eta harreragatik. Era berean, ordezkaritzak topaketak izan ditu honako hauekin: Proceso de Comunidades Negras (PCN), Asociación de Cabildos Indígenas del Norte del Cauca (ACIN), Asociación Nacional de Usuarios Campesinos (ANUC), Centro de Investigación y Educación Popular (CINEP), Corporación para el Desarrollo Social Comunitario (CORSOC), Corporación Desarrollo y Paz de Córdoba y Urabá (Cordupaz), Defender la Libertad un Asunto de Todas kanpaina, Plataforma Colombiana de Derechos Humanos, Democracia y Desarrollo, Instituto de Estudios para el Desarrollo y la Paz (Indepaz), Brigadas Internacionales de Paz (PBI Colombia) eta Fundación Vivamos Humanos.

Ordezkaritza, halaber, honako hauekin bildu da: Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioko Bulegoaren herrialdeko ordezkaritza (OACNUDH), Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioa, Espainiako Enbaxada eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia, Egia Argitzeko Batzordea, Antiokiako Indigenen Giza Eskubideen Mahai Humanitarioa eta Kolonbiako honako erakunde hauek: Defensoría del Pueblo, Agencia Nacional de Tierras eta Unidad para la Atención y Reparación Integral a las Víctimas. Zoritxarrez, oraingoan, lehen aldiz, Babeserako Unitate Nazionalak ez du ordezkaritza jaso; ordezkaritza ez jasotzeko agenda-arazoak dituztela argudiatu dute. 

Egindako bileren, jasotako lekukotzen eta aurretik aztertutako dokumentazioaren ondoren, EAEko ordezkaritzak bere BABESA eta ELKARTASUNA erakusten dizkie giza eskubideen defendatzaileei, herri indigenei, herri beltzari eta nekazarien komunitateei, haiek baitira indarkeriaren eta gatazkaren biktima nagusiak. Ordezkaritzak pertsona eta kolektibo horien bakea eraikitzeko duen konpromisoa erakutsi du, eta gizarte- eta politika-eraldaketarako tresna gisa gizarte-protestaren erabilera bidezkotasunez baliatzeko duten eskubidea aldarrikatu du.

OACNUDHren lanari babesa adierazten dio; hura funtsezko erakundea da giza eskubideak defendatzeko eta bakea eraikitzeko.

Egia, Justizia, Erreparazio eta Ez Errepikatzeko Sistema Integralarekiko konpromisoa berresten du. Sistema hori honako hauen arteko bake-akordioen ondorio da: Gobernu Nazionala eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak - Herriko Armada (FARC-EP): Egia Argitzeko Batzordea, Bakerako Jurisdikzio Berezia eta Desagertutzat Jotako Pertsonak Bilatzeko Unitatea.

Ordezkaritzak berariaz SALATZEN DU indarkeria areagotu izana eta gatazka larriagotu izana; horrek eraso, sarraski, erailketa, mehatxu eta landa-komunitateen eta giza eskubideen defendatzaileen lekualdatze behartu masibo gehiago dakartza. EAEko ordezkaritza herrialdean izan den astean, erailketak, atentatuak, adingabeen bahiketak eta beste gertakari oso larri eta bortitz batzuk gertatu dira. Haiek guztiak salatzen ditugu, eta gogora ekarri nahi ditugu, berariaz, Caucako Eskualdeko Kontseilu Indigenako (CRIC) Breiner David Cucuñame eta Albeiro Camayo,  guardia indigenak. Erakunde horrek EAEko Babes Programan parte hartu du, zenbait urtez.

Programak abian daramatzan 10 urtean, herrialdera segimendua egiteko zenbait bisita egin ondoren, lehen aldia da lurraldeetara sartu ezin garela. Modu berean, ez dira betetzen nazioarteko erakundeen eta kontrol-erakundeen sarrera bermatzeko segurtasun-baldintzak. Hori guztia komunitate etnikoek eta giza eskubideen pertsona defendatzaileek bizi duten segurtasunik ezaren erakusle argia da.

Esparru horretan, adierazi nahi dugu errekrutatze behartua eta pertsonen kontrako minak jartzea berriro direla herrialdean dauden talde armatuen gerra-jarduna.

Mobilizazio masibo eta baketsuen testuinguruan –tratamendu militarra izan zuten Kolonbiako Gobernuaren aldetik–, ordezkaritzak kezka adierazi nahi du, protestaren kriminalizazioagatik, oraintsu onetsi den Herritarren Segurtasunerako Legearen bidez larriagotu baitaiteke; hala, mobilizazioetan parte hartu zuten pertsonen aurkako muntaia judizialen arriskua areagotu daiteke, nagusiki oinarrizko eskubideak aldarrikatzera modu baketsuan irten ziren gazteena.

Eragin handiena jasaten ari diren lurraldeak legez kontrako ekonomink (meatzaritza, legez kontrako hazkuntzen hedapena…) presentzia handiena dutenak dira. Gure ustez, beharrezkoa da lurraldeetan erakunde-presentzia integrala, eta ez soilik militarra.

2016an gatazka gainditzeko sinatutako bake-akordioen ezarpenik eza dago herrialdeak bizi duen eta ordezkaritza honek egiaztatu duen krisi humanitarioaren oinarrian.

Urteko lehen seihilekoaren hauteskunde-testuingurua giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria areagotzea ekartzen ari da. Oso kezkagarria da indarkeria baliatuta biktimak Bakerako 16 Barruti Iragankor Berezien eta gutxiengo etnikoen Kurul Berezien bidez Ordezkaritzen Ganberara sartzeko aukera blokeatzeko ahalegina.

Aldi berean, hauteskunde-prozesuak aukera bat dira ondoriozko Gobernuak bake-akordioen ezarpen errealarekin, eraginkorrarekin eta integralarekin konpromiso irmoa onartzeko.

Horren aurrean, EAEko ordezkaritzak honako hau BULTZATZEN DU:

  • Parte-hartze politikoa bermatzea, bereziki gatazka eta jazarpen politikoak historikoki gehien kolpatu dituen sektoreena; Nazio Askapenerako Armadarekin (ELN) elkarrizketei berriro ekitea, eta paramilitarismoaren ondorengo taldeak eta legez kanpo armatutako eragile guztiak desegitea. Segurtasun Bermeen Batzorde Nazionalaren deia eta aurrerapen eraginkorrak ezinbesteko eskakizuna dira horretarako.
  • Prebentzio eta babes kolektiborako mekanismoen ezarpena sendotzea eta hartan aurrera egitea, eta defendatzaileen lanaren balioa nabarmentzea. Zehazki, talde etnikoen berezko babeserako eta lurralde-kontrolerako mekanismoak aitortu eta sendotzea: guardia indigenak eta zimarroiak.
  • Herri indigenen eta herri beltzaren lurren legeztapenean aurrera egitea.
  • Nekazaritzako inguruetan erakunde-presentzia sendotzea, gizarte-, ekonomia- eta kultura-garapenaren bidez, etniaren eta generoaren ikuspegiarekin.
  • Irmotasunez sustatzea gatazkaren biktimen banako eta kolektiboko erreparaziorako sistemak. 1448 Legea beste 10 urtez luzatzeak aukera bat ematen du legean zehazten diren helburuak betetzeko, betiere herrialdeko biktimen unibertsoarekin bat datorren aurrekontu-zuzkidura badago.
  • Landa-komunitateek adostutako akordio humanitarioak aitortu eta sustatzea; haiek gizarte- eta erakunde-sektore handien babesa dute, eta babesa dira borrokan dauden eragile armatuak dituzten herrietako biztanle zibilentzat.

KONPROMISOAK:

EAEko ordezkaritzak giza eskubideen eta bakearen defentsarekin duen konpromisoa erakusten du, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko EAEko Programaren bidez eta Egia Argitzeko Batzordea eta Mahai Humanitarioak babestuz. Eta erabat prest agertzen da gizarte-justizia duen herri baketsuan bizitzeko apustua egunero egiten duten erakunde, komunitate eta kolektiboei laguntzen jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)