Frantsesa↔euskara itzultzaile neuronala hobetzeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena aurkeztu dute

2022-01-27
  • Akordioari esker EEP-k Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du bere corpus linguistikoa ITZULI itzultzaile neuronala entrenatzeko

 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry-k bi erakundeen arteko hitzarmena aurkeztu dute gaur Baionan EEP-ren corpus linguistikoa Jaurlaritzaren esku uzteko. Helburua Eusko Jaurlaritzak 2019an martxan jarritako itzultzaile neuronala (www.euskadi.eus/itzuli) entrenatzea eta hobetzea izango da. 

Itzultzaile automatiko neuronalak corpus elebidun handiak behar ditu, kalitatekoak, bere entrenamendua bultzatu, ikasi eta itzulpenak hobetzeko. Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako hitzarmenak euskararen eta frantsesaren arteko bi norabideetako itzulpenak hobetuko ditu. Aldi berean, EEP-k bere webgunean izango du itzultzailea eta Iparraldeko erabiltzaileei eskainiko die web bidezko zerbitzua. 

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta aldeek hala nahi izanez gero beste lau urterako luzatu ahal izango da. 

Adimen artifizialari esker garatutako tresna da ITZULI, itzultzaile automatikoa. 2019an jarri zen martxan eta ordutik online itzultzaile orokorra eta juridiko-administratiboa daude. Eskuko telefonoetan ere erabili daiteke Android eta iOS-erako app-a instalatuta, eta ITZULI+ tresna- barra (www.euskadi.eus/itzuliplus) ere garatu da, itzultzaileaz gain, hiztegiak eta euskarazko Wikipedia ere eskura jartzen dituena. Gainera ITZULI itzultzaile neuronalari Adimen Artifizialari esker garatutako ahotsaren sintesia eta ezagutza (transkripzioa) gehitzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza. 

Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024” dokumentua aurkeztu zuen 2021eko maiatzean eta bertan biltzen diren helburu nagusiekin egiten dute bat itzultzailea aberasteko ekimenek. Batetik, Eusko Jaurlaritzak eta EEPk sinatutako hitzarmena urrats bat gehiago da euskarazko eduki digitalak eta euskarazko tresnak, aplikazioak eta baliabide digitalak  sustatzen laguntzeko eta, bestetik, euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematen die, betiere, erabilera areagotzeko helburuz. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek azaldu duenez, “ tresna hauek erabilita, euskararen erabilera eta presentzia areagotuko da Iparraldean eta, laguntza-tresna horiei esker,  erabiltzaileek euskara lanean edo eskolan erabiltzeko orduan konfiantza bereganatuko dute. Tresnak etengabe hobetzen eta osatzen ari dira eta gero eta aukera gehiago eskainiko dute”. Bestalde, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko Presidenteak azpimarratu du “mugazgaindiko lankidetzaren garrantzia, ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilpena sustatzeko”.  “Ingurune digitala euskaldundu behar dugu biztanlerian eta bereziki gazteengan duen eragina ikusirik”, “behar hori argi dugu aspalditik eta Nola Erran hiztegi digitalak, EEPk sortu zuen lehen tresna digitalak, izan duen eta oraino duen arrakastak garbi uzten du”.

 

 

 

Iruzkin bat
  • @iozamizu
    2022-01-27

    Comentario de Twitter:
    Frantsesa↔euskara itzultzaile neuronala hobetzeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko J... https://t.co/VLubtzslQ9

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak