Euskadiko 15-29 urteko gazteen %87,6k sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko neurriak hartzen ditu

2022-01-27
  • 2022ko urtarrilaren 28a, Datuak Babesteko Eguna
  • Emakume gazteek gizonek baino proportzio handiagoan hartzen dituzte beren pribatutasuna bermatzeko neurriak
  • Gizonen artean, 15-19 urtekoak dira pribatutasun-neurriak gehien hartzen dituztenak, eta ehunekoa jaitsi egiten da adinean aurrera egin ahala.
  • 2022, Gazteriaren Europako Urtea

Vitoria-Gasteiz, 2022 01 27


Euskadiko 15-29 urteko gazteen % 87,6k sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko neurriak hartzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera. Euskadiko gazteak eta sare sozialak izeneko txostena egin zuen Behatokiak 2018an, Euskadin bizi diren 1.512 gazteri egindako inkesta baten emaitzetan oinarrituta, eta datu hori Datuak Babesteko Europako Egunean azaltzen du.


Datuen Babesaren Eguna 2006. urteaz geroztik ospatzen da Europan. Helburu nagusia herritarrak datuen babeserako eskubideez eta eskubide horiek gauzatzeko moduez kontzientziatzea eta informatzea da. Euskadiko gazte gehienek diote neurriren bat hartzen dutela sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko eta pertsona batzuek bakarrik ikus ditzatela beren edukiak ( % 87,6).


Emakume gazteek gizon gazteek baino proportzio handiagoan hartzen dituzte pribatutasuna bermatzeko neurriak ( % 91,8 eta % 83,6, hurrenez hurren).

Sexuaren eta adin-taldeen araberako azterketan ikus daitekeenez, gizonen artean, 15 eta 19 urte bitartekoak pribatutasun-neurri gehien hartzen dituztenak dira eta ehunekoak behera egiten du adinean aurrera egin ahala; emakumeen artean, aldiz, ez dago alde nabarmenik adinaren arabera.

 



Iruzkin bat
  • @iozamizu
    2022-01-27

    Comentario de Twitter:
    Euskadiko 15-29 urteko gazteen %87,6k sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko neurriak hartzen ditu https://t.co/G7Lc7D9noK

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak