Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Bilboko Musika Kontserbatorioaren mendeurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du

2022-01-27
  • Joaquin Achucarro piano-jole eta Kontserbatorioko ikasle ohiak piano-errezitala eskaini du mendeurreneko ekitaldian
  • 2021-2022 ikasturte honetan 475 ikasle ditu Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak, Oinarrizko mailan zein Profesionalean

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiaren buru izan da gaur goizean. Ekitaldian parte hartu dute, era berean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak (bideo mezu baten bidez), Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Begoña de Ybarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak eta Maite Aurrekoetxea Kontserbatorioko zuzendariak.

Bilboko zein Bizkaiko kultura-bizitzan ehun urte baino gehiagoko presentzia eta ezarpena duen musika-irakaskuntzen zentroa izanik, ekitaldian ez dira falta izan Bilboko beste musika-erakunde garrantzitsu batzuetako ordezkariak, hala nola Bilboko Koral Elkartea edo BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Era berean, Donostiako, Gasteizko eta Durangoko kontserbatorioetako zuzendariak eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendaria ere bertan izan dira.

Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak 2020an bete zituen ehun urte, baina mendeurreneko ekitaldi guztiak 2022ra atzeratu dira, Covid-19ak eragin duen pandemiaren ondorioz.

Ekitaldiko unerik hunkigarriena eta txalotuena Joaquin Achúcarro piano-joleak eragin du. Kontserbatorioko ikasle ohia eta nazioarteko sona duen kontzertu-jotzaile ospetsua eszenatokira agertu da, eta piano-errezitala eskaini du, 89 urterekin, Kontserbatorioko auditorioan.

Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak Ibarrekolanda Plazan (Sarrikon) du egoitza 2006-2007 ikasturtetik. Aurten 475 ikasle ditu, Oinarrizko mailan (8-12 urte) zein maila Profesionalean (12-18 urte). Ikasle horien prestakuntzaz 82 irakasle arduratzen dira, eta 26 musika-espezialitate ematen dituzte.

Egoitza hau Lutheriako Euskal Eskolarekin (Bele) eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolarekin partekatzen du egoitza Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak.

Ehuneko ehun eta bi”

Ekitaldian zehar, Kontserbatorioa “Ehuneko ehun eta bi” izenburuarekin amaitzen ari den dokumentalaren aurrerapen bat proiektatu da. Ikus-entzunezko proiektuak Kontserbatorioaren historia jasotzen du, baina baita ikastegi honetako egunerokoa eta ikasleen ahalegin eta inplikazioa ere, hasieratik gaur arte. Dokumentala laster proiektatu ahal izango da. Baina ez da hau aurten argitaratuko den Kontserbatorioari buruzko lan bakarra. Carmen Rodriguez Suso musikologoa liburu bat argitaratzeko lanean ari da, Bilbon musika irakaskuntzetan erreferente eta azken mendean bertan bizi izandako gertaera historiko guztien lekuko izan den ikastetxe honen historia errepasatzen duena. Urte honen amaierarako argitaratzea aurreikusten da.

Martxoaren erdialderako, halaber, ekitaldiz beteriko agenda zabala prestatzen ari da Kontserbatorioa, mendeurrena ospatzeko. Astebetez, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioak hitzaldiak eta bere ikasle zein irakasleek eskainitako kontzertuak hartuko ditu. Horrez gain, bisita gidatua ere antolatuko du Ibarrekolanda plazako eraikinean bertan dagoen Bele Lutheria Eskolara.

102 urteko mendeurrena

Bilboko Musika Kontserbatorioak 1920ko urriaren 1ean ekin zion bere lehen ikasturteari, 25 irakasleko plantilla eta 423 ikaslerekin, Elkarte Filarmonikoak utzitako lokaletan. Baina horretarako lehen pausoak urtebete lehenago eman ziren, 1919ko uztailaren 9an, Bizkaiko Foru Aldundiak Kontserbatorioa sortzeko proiektua onartu zuenean. Horrela, hiriburuan zein lurraldean egunez egun hazten ari zen musika-irakaskuntzen eskaerari erantzuna eman zitzaion.

Bilboko Udalak berehala egin zuen bat ekimenarekin, Gobernu Batzordean parte hartuz, Elkarte Filarmonikoak bezalaxe. Azken hau ere hasiera-hasieratik batu zitzaion proiektuari, eta ez bakarrik lokalak lagata edo Kontserbatorioaren sorrera bultzatuz, baita bertako Gobernu Batzordeko kide izanik edo ikastetxe berriari irakaskuntza-materialak emanez ere.

Eskaeren inguruko aurreikuspenik baikorrenak laster bete ziren; hori dela eta, 1921eko otsailean Kontserbatorioa bere lehenengo egoitzara aldatu zen, Zazpi Kaleetako Santa Maria kalean, alokairuko lokal batzuetara. Egoitza hori ere txiki gelditu zen eta, azkenean, 1927-1928 ikasturtean, Foru Aldundiak lokal propioak izan zituen Kontserbatorioa hartzeko, Liburutegi eta Artxiboetarako eraikitako eraikinaren atal batean, Diputazio kalean. Kontserbatorioak eraikin honetako bigarren eta hirugarren solairuak hartu zituen.

Bilboko Musika Kontserbatorioak horrela hasi zuen bere bidea, Bizkaiko erakunde publiko eta pribatu horiek bidelagun eta babesle zituela. Irakasleen plantilla bikaina urtez urte handituz joan zen, ikasleen musika-prestakuntzaz arduratzeko. Ikasle belaunaldi berriak ari ziren sortzen, eta denboraren poderioz maisu eta irakasle izatera iritsiko ziren ikasle hauek –baita Kontserbatoriokoan bertan ere–, orkestra-zuzendari, konpositore, kontzertista… eta horrela, gaur arte, 102 urteko ibilbide etengabean, hiriko kultura eta musika panorama aberastuz.

Kontserbatorioko irakasleen zerrenda luzean, beste askoren artean, Jesus Guridi handia nabarmentzen da, 1942ra arte Organo eta Harmonia irakasle izan zena, eta garai hartan dagoeneko musika sorkuntzaren alorrean gailentzen zena. Ikasle aipagarrienen artean, Joaquin Achúcarro, Jesús Arambarri, Clara Bernal edo Félix Ayo ezin dira aipatu gabe utzi.

Kontserbatorioaren lehen urratsak oso lotuta egon ziren Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere. Kontserbatorioa baino bi urte geroago jaio zen Orkestra, 1922an. Biek ala biek zuzendari bera izan zuten, Armando Marsick, bi erakundeen arteko “zubi” lana egin zuena. Baina Kontserbatorioaren eta Orkestraren arteko lotura zuzendaritzatik harago zihoan: Kontserbatorioko irakasle batzuk Orkestran integratuta zeuden, eta ikasle asko orkestrako kide izatera pasatzen ziren ikasketak amaitu ondorengo urteetan. Horrela, eta ehun urte baino gehiagoz, Kontserbatorioak Bilboko eta Bizkaiko musika eta kultura-bizitzan izan duen presentzia sendo mantendu da gaur egun arte. 

Juan Crisostomo Arriaga

1956an, Juan Crisostomo de Arriagaren jaiotzaren 150. urteurrenean, Bilboko Musika Kontserbatorioak konpositore bilbotar bikainaren izena hartu zuen, haren omenez. 1985ean, Lurralde Historikoen Legeari jarraiki, eta hezkuntza-arloko eskumenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zitzaizkionean, Kontserbatorioaren kudeaketa eta honek sei hamarkada lehenago hasi zuen lana Hezkuntza Sailak hartu zuen bere gain. 2006-2007 ikasturtean eraikin berria (egungo egoitza) zabaldu zen Ibarrekolanda plazan, 2007ko martxoaren 27an egindako inaugurazio-ekitaldi batekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak