Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Amorebieta-Etxano izango dira Grand Départ Pays Basque 2023-ren irteera eta helmuga
- Uztailaren 1ean, 2an eta 3an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideak zeharkatuko ditu Frantziako Tourrak Irundik Iparralderako bidea hartu orduko
Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria buru izan dituen ekitaldian aurkeztu dira gaur Grand Départ Pays Basque 2023 osotuko duten hiru etapak. Gasteizko Europa Jauregian egin den ekitaldian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere izan dira beste agintari eta txirrindularitza munduko hainbat ordezkarirekin batera.
2023ko Grand Départ Pays Basque Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean eta Bizkaiko hiriburuak hartuko du lehenengo etaparen amaiera ere. Bigarren eguneko ibilbidea Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da eta hirugarrena Amorebieta-Etxanon hasi eta euskal kostaldea zeharkatuz Irundik Iparraldera igaroko da.
Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak 2023an Frantziako Tourra Euskaditik abiatzea ahalegin kolektibo baten ondorio dela azpimarratu du “erakunde nagusiok bat egin dugu: Jaurlaritzak; aldundiek eta hiriburuetako udalek bat egin dugu. Gure nahia da nazioarteko ekitaldi honen bidez Euskadi zer den, eta munduan zer izan nahi duen, ezagutarazteko aukera baliatzea”. Lehendakariak gaineratu duenez, “pandemiaren aurkako borroka ere ahalegin kolektiboaren adibide bat da. Egia da gure ohitura eta portaera asko baldintzatzen ari dela, eta kirola egiteari ere eragiten diola. 2023an errealitate berri bat ezagutu ahal izateko itxaropena dugu eta izan dadila datorren urteko Tourra ekitaldia bere osotasunean bizitzeko aukera emango diguna”.
GRAND DÉPART PAYS BASQUE 2023
- Etapa Bilbao – Bilbao, 185 km : Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da. Bilbon hasi eta bukatuko da. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko ditu, tartean Gernika bi aldiz zeharkatuz. Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik, eta amaiera gogorra izango du, Vivero eta Pike Bidea igoko dira azken kilometroetan.
- Etapa Vitoria-Gasteiz – Donostia/San Sebastián, 210 km: Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da eta goi-lautadatik itsasorantz, Donostiara abiatuko da. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek, Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean baina gogortasun berarekin.
- Etapa Amorebieta-Etxano –…: Amorebieta-Etxanon hasiko da Grand Départ Pays Basque-ko hirugarren eta azken etapa. Euskal kostaldea zeharkatuko duen hirugarren etapa izango da. 80 km egingo dituzte txirrindulariek itsasertzeko errepideetatik Donostia bigarrenez zeharkatu eta Irundik Lapurdiko bideetara igaro aurretik.