Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Arabako ESIko larrialdi orokorrak AUO Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatzen dira

2022-01-21

AUO Santiagoko gunea ez da egongo eskuragarri herritarrentzat, eta puntu berri honetara jo beharko dute arreta jasotzeko

 

Espazioak 3.500 m2 baino gehiagoko azalera du, 39 box orokor, horietatik 9 banakakoak eta 18 behaketa-boxak

 

Zerbitzuak 300.000 pertsona ingururi emango die arreta eta datorren asteazkenean, otsailak 2, jarriko da martxan

 

Osakidetzako Arabako ESIk beste kokapen bat izango du asteazkenetik, otsailaren 2tik, Larrialdi Zerbitzurako. Espazio berri honek, zabala, modernoa eta balio anitzekoa, hobekuntza ekarriko du, bai paziente eta senideentzat, bai profesionalentzat. Orain arte AUO Santiagon eta AUO Txagorritxun ematen zen Larrialdietako zuzeneko arreta guztia puntu berri honetara aldatuko da.

 

Arabako ESIko Larrialdietako Zerbitzuaren lekualdaketa astelehen gauean, otsailaren 1ean, egingo da, eta denbora-tarte horretan larrialdietako arretak ez du eraginik jasango. Espazio hau AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berriko (E eremua) -1 solairuan dago, Pediatriako Larrialdien ondoan.

 

 

Pazienteak AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikineko (E eremua) Larrialdietako atetik sartuko dira gune berri honetara, eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

 

Kokapen berri honek Arabako herritarren premiazko arreta berrantolatzea dakar; izan ere, espazioak box eta kontsulta gehiago ditu, azken belaunaldiko hornidura teknologikoa eta monitorizazio-sistema aurreratuak. Horren guztiaren ondorioz, pazienteen asistentzia-kalitatea eta erosotasuna nabarmen hobetuko dira.

 

Instalazio berrietarako sarbidea erosoa eta irisgarria da, bai autoz doazenentzat, bai garraio publikoan doazenentzat. AUO Txagorritxurekin komunikatzen diren autobus-lineak L2 Periferikoa eta L7 Borinbizkarra – Salburua dira, eta tranbiaz ere heldu daiteke Ibaiondorako noranzkoan.

 

Otsailaren 2tik aurrera, bere kabuz Larrialdietara joaten diren pertsonek AUO Txagorritxuko instalazio berrietara jo beharko dute. AUO Santiagon, Larrialdietako Zerbitzua ez da desagertuko, baina Arabako ESIko medikuek bideratutako pertsonak bakarrik artatuko dira edota 112 zenbakiarekin harremanetan jarri ondoren anbulantzia bidez bideratutakoak.

 

Larrialdi Orokorretako espazio berriaren ezaugarriak:

 

  • 2 triaje-gela
  • 12 kontsulta (orokorrak eta espezializatuak)
  • Egonkortze-gela
  • Prozedura-gela
  • 39 box orokor (horietako 9 banakakoak)
  • 18 behaketa-box

 

 

 

 

Larrialdietako Laborategia

 

Urtarrilaren 13tik Larrialdietako Laborategia martxan dago Zerbitzu Orokorren eraikin berrian, Larrialdietako Zerbitzuaren ondoan, AUO Txagorritxuko E eremuko -1 solairuan, 120 m2-tik gorako azalerarekin.

 

Pediatriako Larrialdiak

 

Pediatriako Larrialdietarako sarbidea, orain arte AUO Txagorritxuko ate nagusitik egiten zena, asteazkenetik, otsailaren 2tik aurrera, Zerbitzu Orokorren eraikin berriko Larrialdietako atetik egingo da eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

 

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak instalazio horietara egin berri duen bisitan nabarmendu zuenez, pandemiak Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat ahalegin berezia izaten ari den arren, osasun-zerbitzuaren kalitatea egunero hobetzeko eta instalazioak eta ekipamenduak hobetzeko lanean jarraitu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan