Berriak
Eu

Enplegua, bakea eta ongizate estatua izango dira Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren ardatzak

2011.eko irailak 27

Datorren ostegunean Eusko Legebiltzarrak Politika Orokorreko Osoko Bilkura egingo du. Bertan, Patxi Lopez lehendakariak Euskadiko egoera politiko, ekonomiko eta soziala aztertuko ditu

Eusko Jaurlaritzaren azken urteko kudeaketa berrikusi ostean, euskal exekutiboak aurrerantzean landuko dituen neurri eta ekimenak azalduko ditu euskal gobernuko buruak. Lau arlotan laburbiltzen dira neurri eta ekimen horiek. Lehenik eta behin, enpleguaz eta ekonomia berritzaileaz ariko da lehendakaria. Jaurlaritzaren lehentasun nagusia, euskal ekonomiak enplegu eskaerari, batez ere gazteena, erantzuteko gaitasuna izatea lortzea da. Beste ardatzetako bat zerbitzu publikoak eta ongizate estatua bera egonkortzea da. Gaur egungo ereduak erreformak egitera bultzatzen du Eusko Jaurlaritza, esaterako administrazioa modernizatzea eta eraginkortasuna hobetzea. Fiskalitateari buruzko Jaurlaritzaren proposamena ere aztertuko du Lopezek.    Halaber, lehendakaria instituzio ereduaz mintzatuko da, bikoiztasunak desagerraraztea xede hartuta.  Azkenik, osteguneko bilkuran bakegintza ere jorratuko da. Hain zuzen ere, askatasun eta bizikidetza osoko etapa berri hau nola egonkortu eztabaidatuko da.

Idoia Mendia Gobernuko bozeramaileak irailaren 29an Politika Orokorreko Osoko Bilkurako hitzaldian, lehendakariak jorratuko dituen gaiak azaldu ditu gaur Lehendakaritzan (Gasteiz), Gobernu Kontseiluaren ostean egin den prentsaurrekoan Mendiak ETA talde terroristaz ere hitz egin du. Ziurtatu duenez, existitzen jarraitzen duen bitartean, «pilota ETAren teilatuan»  dago, eta, hortaz, talde terrorista bera da «urratsak eman behar dituena». Hori dela eta, Mendiaren iritziz «ez da beharrezkoa» gaur egungo kartzela politika aldatzea.  ETAko presoen kolektiboak, EPPK-k, Gernikako Akordioari bat egiteko hartu duen erabakiaren inguruan, berriz, «bakera apur bat gehiago gerturatzen gaituen urrats garrantzitsu eta esanguratsua» dela esan du.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.09.27)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-09-27n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)