Berriak Hezkuntza

2022ko Urruzuno literatura lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik da

2022-01-21
  • Otsailaren 28ra arte egongo da zabalik epea, prosan nahiz poesian, euskaraz idatziriko lanentzat
  • DBHko 3.eta 4.mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei zuzendua
  • Hezkuntza Sailak antolatzen duen lehiaketa 37. ediziora iritsi da aurten

Hezkuntza Sailak ireki du 2021-2022 ikasturteko Urruzuno literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, otsailaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko, eta gazteek euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda. Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kultura eremuan, eta bertan garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur-sormenarekin loturiko beste zenbait esparrutan.

Parte hartu nahi duten ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako hauek dira, nagusiki:

  • Literatura lanak aurkezteko epea zabalik dago 2022ko otsailaren 28ra arte (egun hau barne)
  • Bi kategoria bereizten dira, ikasleen ikasmailaren arabera:
    • B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat;
    • A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat, eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat.
  • Literatura lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bai poesiaz bai prosaz. Gaia librea izango da.

Lehiaketaren oinarriak xeheago, eta parte hartzeko orria argitaratuta daude Hezkuntza Sailaren webgunean, honako esteka honetan:

  https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2022/urruzuno/web01-tramite/eu/

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakoitzeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:

  • Irudimena eta sormena
  • Testuaren ezaugarri literarioak
  • Testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesioa
  • Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna

Literatura egonaldia

Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte, une oro zenbait euskal idazleren laguntzaz. Sormen-lanean sakondu eta literatura-zaletasuna pizteko aukera paregabea idazle gazteentzat.

Horrez gain, ikastetxeentzat ere bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu nahian, lan kopururik handiena aurkeztu duten 5 ikastetxeak ere saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute saritutako ikastetxeek.

Urruzuno literatura lehiaketa. Ia lau hamarkadako ibilbidea

Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 37. ediziora iritsi da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 inguru dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak