Artolazabalek eta Monterok 900 840 111 zenbakiaz eta Sexu Indarkeriaren Biktimentzako Arreta Integraleko Zentroez hitz egin dute Bilbon egindako bileran

2022-01-21

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Espainiako Gobernuko Berdintasunerako ministro Irene Monterorekin bildu da gaur Bilbon, Espainiako agintaria EAEra egiten ari den bisitaren esparruan.

Artolazabalek aukera baliatu du Montero ministroarekin aztertzeko bi administrazioek Ministerioko indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko 016 telefono-zerbitzurako eta Eusko Jaurlaritzako Satevi 900 840 111 telefono-zerbitzurako sinatutako lankidetza-hitzarmena berritzeko. Sailburuak Monterori adierazi dio zerbitzu horren garrantzia; izan ere, 2021 urtean 2.955 deiri erantzun zien. Horietatik 1.237 Ministerioaren 016tik bideratu ziren.

Bi gobernuek 2008an lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren hasi ziren elkarlanean 900 840111 eta 016. Harrezkero, EAEtik etorritako Ministerioaren zenbakiak artatutako dei guztiak automatikoki bideratzen dira euskal zerbitzura.

Gai-zerrendako beste puntua sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko krisi-zentroak irekitzeko proiektuari buruzkoa izan da. Europako erresilientzia eta berreskuratze-funtsekin finantzatutako programa da.

Ekimenaren helburua da laguntza integraleko guneak sortzea, bertaratuta nahiz telematikoki, urteko egun guztietan 24 orduz irekita egongo liratekeenak. Euskadiren kasuan, lurralde historiko bakoitzak zentro horietako bat izango luke; horretarako, eta erantzuna koordinatzeko, lantalde berezi bat sortu beharko da hiru aldundiekin.

Beatriz Artolazabal eta Irene Montero izan dira bileran, eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Noemí Ostolaza Artolazabalen Kabineteko zuzendaria ere bertan izan dira. Ministeriotik, berriz, Berdintasuneko eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Idazkaritza, Angela Rodríguez Martínez, eta ministroaren Kabineteko zuzendari ondokoa, Teresa Arevalo Caraballo, bertaratu dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Irene Montero (Berdintasun Ministroa)