Berriak Herrizaingoa
Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

La Ertzaintza desmantela una red dedicada al fraude fiscal que operaba en el conjunto de España y con ramificaciones en otros países de la Unión

2011.eko irailak 24

Hamabi pertsona atxilotu eta hainbat milioi euroko iruzurrak argitu dituzte

Azken hiletan Ertzaintzak BEZen bidez iruzurrak egiten zituen gaizkile talde bat desegin du. Sare hori Espainia osoan zabalduta zegoen, atzerriko hainbat herrialdetara heltzen zen, eta enpresa faltsuak sortzen zituen merkataritza akordioetan BEZ ez ordaintzeko. Horrela, hainbat milioi euroko iruzurra egin zien Bizkaiko eta Estatuko Ogasunei. Guztira, zenbait herrialdetako hamabi pertsona atxilotu dituzte, eta epailearen esku utzi dituzte. Operazioan, ezinbesteko laguntza eman dute Zerga Agentziako inspekzio organoek.

Martxo hasieran, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Unitateak ikerketa hasi zuen, eta, lan horri esker, BEZekin lotuta delituak egiten zituen talde kriminal bat desegin ahal izan da. Polizia operazio horretan, hainbat herrialdetako hamabi pertsona atxilotu dituzte, Espainiako bost probintziatan, eta Espainia osoko etxe asko miatu dituzte. Horietan, iruzur oso handia egin dutela agerian uzten duten dokumentu asko aurkitu dituzte, paperean zein euskarri informatikoetan. 2011 honetan bakarrik, talde horrek milioi bat euroko baino gehiagoko iruzurra egin die, ustez,  Estatuko Ogasunari eta Bizkaiko Foru Ogasunari.

Ikerketa kriminaletan adituak diren Ertzaintzako agenteek egin dute ikerketa, "Amuarraina operazioa" izenarekin ("amuarrain" hitzaz izendatu ohi dituzte enpresa faltsuak, eta horri egin diote erreferentzia izendapen horrekin), eta delituak egiteko sare honen tamaina argitu dute. Taldeko kideek, antolamendu zehatza erabilita, enpresa egiturak sortzen zituzten, Ogasun publikoari iruzur egiteko. Geroago, lortutako irabaziak atzerrira diru transferentziak eginez zuritzen zituzten. Iruzurrak egiteko, elkarteko kideek zeregin desberdinak hartzen zituzten, betiere zerga administrazioak dagozkion kontrol eta, ondorioz, biltze lanak egitea eragozteko. Hamabi atxilotuetako bi argentinarrak dira eta bat errumaniarra.

Ertzaintzaren operazioan, erabat ezinbestekoak izan dira ONIF Iruzurraren aurkako Ikerketarako Bulego Nazionaleko eta Aduanetako Zaintza Zerbitzuko (biak ere Zerga Agentziako organoak) funtzionarioen laguntza, baita Guardia Zibilarena eta Polizia Nazionalarena ere. Azken bi talde horiek atxiloketa eta miaketetan lagundu dute, gehienak Euskaditik kanpo egin baitituzte. 

Ikerketaren helburua (oraindik ez dute bukatutzat eman) iruzurraren tamaina argitzea (hainbat milioi eurokoa dela uste dute adituek) eta, miaketetan atzemandako dokumentu eta material informatikoa aztertuta, sareko gainerako kideak identifikatzea da. Araketak etxe eta enpresetan egin dituzte, herri hauetan: Leioa (Bizkaia), Castro Urdiales (Kantabria), Logroño (Errioxa), Boadilla del Monte, Fresnedillas de la Oliva, Alcorcón, Leganés eta El Álamo (Madril), Toledo eta Santa Coloma de Gramanet (Bartzelona). Besteak beste, diru kopuru handiak zenbatzeko gailu elektroniko bat eta IPak aldatzeko sistema informatikoak atzeman dituzte.

Enpresa faltsuak

Enpresa azpiegitura horrek Europako zerga araudia erabiltzen zuen, bere onerako: iruzur egiteko enpresaren sukurtsalak sortzen zituen, Europar Batasuneko beste toki batzuetan. Enpresa instrumentalen bidez, iruzurraren egileek BEZ ordaintzea saihesten zuten.

Merkantzia benetan erosten zuen enpresak ("pantaila" esaten diete) ez zuen BEZ  ordaindu behar, tarteko enpresa batek ("amuarraina") ordaindu behar zuela argudiatuta; horregatik, benetan inoiz ordaindu ez zuen BEZ hori itzultzeko eskatzen zuen lehen enpresak. "Amuarrainak", bestalde, ez zuen likidaziorik egiten eta, zerga hori likido bihurtzeko epea bukatutakoan Ogasunak hartzeko zuen dirua ordaintzeko eskatzen zuenean, ezin izaten zuen enpresa aurkitu edo enpresako administratzailea kaudimengabea zela esaten zioten. Iruzurraren egileei izen-abizenak uzten zizkion "izen-mailegatzaile" hutsa zen pertsona hori, azken batean. 

Desegin duten azpiegitura horretan, hainbat "amuarrain enpresa" Hungarian zeudela jakin dute, eta "izen-mailegatzaileak" etxerik ez zuten pertsona marjinalak zirela ere argitu dute.  

Gero eta gehiago egiten da delitu hau

Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak Espainiako delinkuentzia antolatuaren  2010eko egoeraren gainean egin zuen txostenean irakur daitekeenez, 2009tik % 60 baino gehiago hazi da delitu mota hau egiten duten taldeen kopurua.

Besteak beste, talde hauetako batzuek (operazioak desegin duena, adibidez) BEZen gaineko araudia erabiltzen dute. Gaur egun, exentzio fiskal osoa dago Batasun barruko salerosketetarako, eta, ondorioz, erosketa egiten duen enpresak bere herrialdean ordaindu ahal du zerga hori. BEZen bidez iruzurrak egiten dituzten taldeek kalte handia egiten diete erakundeen diru sarrerei, gehienetan ezin izaten baita iruzurraren bidez kendutako dirua berreskuratu.     

Oraingoan, operazioan egindako ikerketari esker, sarearen sustatzaileen (ustez, Madrilen bizi diren bi pertsona eta Leioan bizi den beste bat dira azpiegitura osoaren arduradunak) eta enpresen administratzaileekin bat egiten zuten pertsonen inguruko informazioa lortu dute. Gainera, konpainia asko sare horretako kide izan direla ere jakin dute. Hartara, iruzurraren bidez ordaindu gabe zenbat diru utzi duten zehaztu ahalko da, Ogasun publikoari egindako iruzurren gainean azkenaldian egin den ikerketa garrantzitsuena den honetan.   

Hala ere, oraindik ez dago ikerketa noraino helduko den esaterik, dokumentazio asko eta asko atzeman baitute, batez ere euskarri informatikoetan. Sakon aztertu beharko dute hori guztia, beste enpresa batzuek ere lotura ote duten edo beste autonomia batzuetako Ogasunei ere iruzur egin ote dieten jakiteko.

Aste honetan, atxilotuak epailearen esku utzi dituzte. Egotzi dizkieten delituak berretsi dituzte, horrela, eta bakoitzari zegozkion kautelazko neurriak ezarri dizkiote.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan