Eusko Jaurlaritzak 354.000 euroko deialdia onartu du kultur-sormena bultzatzeko (Gobernu Bilera 2022-1-18)

2022-01-18

Gaurko Gobernu Kontseiluak 2022ko kultura-arloko sorkuntza lanetarako diru-laguntzen deialdia onartu du. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua sorkuntza sektorea finkatzen laguntzea da eta hori dela eta 354.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

Guztira sei modalitate desberdin lagunduko dira diruz:  

  1. Antzerkirako testuak: Antzerkirako testu originalak sortzeko guztira 52.000 euro bideratuko dira. Zortzi laguntza emango dira bakoitza 6.500 eurokoa. Lau euskaraz idatzitako antzerkirako testuetarako laguntzak izango dira eta beste lau gaztelaniaz idatzitakoentzat.
  2. Zinemarako gidoiak: fikzio zein animaziozko gidoiak sustatzeko, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak, 104.000 euro erabiliko dira.  Zortzi laguntza emango dira guztira, bakoitza 13.000 eurokoa. Euskaraz idatzitako lau gidoi eta gaztelaniaz idatzitako beste lau lagunduko dira.
  3. Musika konposizioak: partitura baten edo pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio planean irudikatutako musika-konposizio originalen sormena bultzatuko da. Guztira 64.000 eurorekin diruz lagunduko dira bakarlari edo duorako lanak, hirukote, laukote edo a capella abesbatzetarako lanak, ganbera-taldeetarako lanak edo orkestra sinfonikorako lanak.
  4. Gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak: 40.000 euro erabiliko dira 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura testuak sustatzeko. Testuak gutxienez 100.000 karakterekoak izan beharko dira. Guztira 8.000 euroko bost laguntza emango dira.
  5. Euskarazko ipuin eta nobela motzak: gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuen (ipuinen zein nobela motzen) sormena sustatzeko 40.000 euro bideratuko dira. 8.000 euroko bost laguntza emango dira.
  6. Koreografiak: dantza profesionalaren arloko sorkuntza-proiektuei laguntzeko 9.000 euroko sei laguntza emango dira. Guztira 54.000 euro.

Modalitate guztietan emakume sortzaileen eta sortzaile gazteen lanen hautaketa bat diruz laguntzea bermatuko da.

Interesa duten sortzaileek urtarrilaren 29tik aurrera hilabeteko epea izango dute beraien proiektuak aurkezteko. Ondoren modalitate bakoitzeko sortuko den balorazio-batzorde banak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.


 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko