Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek jakitera eman dute 497 plazako lehiaketa-oposaketa deituko dutela Ertzaintzarentzat eta Euskadiko 32 udaletako udaltzaingoentzat

2022-01-14
  • Izena emateko epea otsailaren 11ra arte egongo da zabalik arkauteakademia.eus webgunean
  • Deialdi berri honen helburu nagusia da emakume gehiago sartzea Euskal Polizian, eta egungo erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzea
  • Deialdia zabal daiteke, eta Eusko Jaurlaritzak eta udalek, beraz, polizia-agente berriak hautatzeko eta prestatzeko prozesuan zehar handitu ahal izango dute plaza-kopurua

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburu eta Gasteizko alkateak lehiaketa-oposaketa berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Prozesua gaur jarri du abian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, eta Euskal Polizia osatzen duten kidegoetako batean oinarrizko eskalako agente-plaza bat lortzeko izango da. Zehazki 497 plaza dira, eta kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Plaza guztietatik 424 Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamaikagarren promozioko agenteentzat eta 73 Euskadiko 32 udaletako udaltzain-plazetarako dira.

  • Abadiño (1 plaza)
  • Zornotza (1)
  • Amurrio (2)
  • Arrasate (2)
  • Bakio (1)
  • Balmaseda (1)
  • Barakaldo (2)
  • Basauri (2)
  • Berango (2)
  • Bilbao (7)
  • Donostia (1)
  • Durango (1)
  • Eibar (2)
  • Erandio (2)
  • Errenteria (10)
  • Galdakao (4)
  • Getxo (6)
  • Gorliz (1)
  • Hondarribia (1)
  • Irun (1)
  • Lasarte-Oria (1)
  • Laudio-Llodio (3)
  • Markina-Xemein (1)
  • Mungia (2)
  • Muskiz (1)
  • Pasaia (2)
  • Tolosa (1)
  • Vitoria-Gasteiz (2)
  • Zarautz (1)
  • Zumarraga (4)
  • Sondika (3)
  • Zierbena (1)

Aurkezpenean, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek herritarrei azken deialdi bateratu honen berri emateko kanpaina azaldu dute (kanpaina jaitsi https://we.tl/t-qB2Mj4ZYID), eta Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen lan bateratua eta elkarlan estua agerian jartzen duen lehenengoa izango da. Gainera, emakumeak deialdi honetara aurkeztea sustatzeko eta, hautaketa-prozesutik hasita, erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko diseinatuta dago. Berez, deialdi honen helburu nagusia Euskadin emakume polizien kopurua gehitzea eta, modu horretara, egungo desoreka zuzentzea da.

Gainera, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek adierazi dutenez, hautaketa-prozedura honen helburuak dira belaunaldien arteko txanda eta erroldak gaztetzea bermatzea eta, aldi berean, euskalduntze-prozesuan aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai lanean bai herritarrei arreta ematean.

Izen-emateak eta baldintzak

Interesa dutenak urtarrilaren 17tik, astelehenetik, aurrera hasi ahal izango dira izena ematen arkauteakademia.eus webgune ofizialean, edo informazioa eskatzen 900 840 088 telefono-zenbakiaren bidez. Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik, hau da, otsailaren 11ra arte.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurreikusten duenez, lehenengo probak, teorikoak, aurtengo udaberrian hasiko dira, eta Euskal Poliziako agenteen promozio bateratu honek, beraz, aurtengo udazkenean bertan hasi ahal izango du prestakuntza-aldia, 2023an sartu ahal izateko dagokion polizia-kidegoan.

Plaza horietako bat eskuratzeko oinarriak, probak eta gainerako baldintzak gaur argitaratutako EHAAn kontsulta daitezke. Horietako batzuk dira:

  • 18 urte baino gehiago eta 38 baino gutxiago izatea.
  • Gizonek 1,65 metrotik gora neurtzea eta emakumeek 1,60tik gora.
  • Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko titulu bat, izatea.
  • Kidegoaren araberako plazari dagozkion baldintza guztiak betetzea: plazaren mailaren eta derrigortasunaren araberako euskara-maila, eskatutako gidabaimenak indarrean, etab.

arkauteakademia.eus

Oraingoan ere Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
  • Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.
3 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @RaikiriWolf
    2022-01-14

    Comentario de Twitter:
    RT @ertzaintzaEJGV: 🆕📑🚔 Nueva #OPE #EuskalPolizia

    ↪️ 424 plazas para la 31 promoción de la #Ertzaintza

    https://t.co/Ca4tU5klhE

    ✍🏻 Abi…

  • @ertzaintzaEJGV
    2022-01-14

    Comentario de Twitter:
    🆕📑🚔 #EuskalPolizia-n sartzeko #EPE berria

    ↪️ 424 plaza #Ertzaintza-ren 31. promoziorako

    https://t.co/YIMyG5eBabhttps://t.co/gyLfTqh8yE

  • @ertzaintzaEJGV
    2022-01-14

    Comentario de Twitter:
    🆕📑🚔 Nueva #OPE #EuskalPolizia

    ↪️ 424 plazas para la 31 promoción de la #Ertzaintza

    https://t.co/Ca4tU5klhE

    ✍🏻… https://t.co/FnGLebcyae

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran (EUDELen lehendakaria eta Vitoria-Gasteizko alkatea)