Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzek oporren osteko eskolarako itzuleraren balorazioa egin du

2022-01-11

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gabonetako oporraldiaren osteko eskolarako itzultzearen balorazioa egin du gaur goizean. Itzulera honetan, irakasleen ordezkapenak nabarmen ugaritu dira, Covid-19 gure gizartean izaten ari den eragin handiagatik.

Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak urtarrilaren 5ean ireki zuen Ordezkagune aplikazio informatikoa, ordezkapenak egiteko eskaerak egin zitzaten ikastetxe publikoek. Aplikazio horren bidez, eta oporren osteko itzulera honetan, Hezkuntza Sailak 800 ordezkapen baino gehiago egin ditu sare publikoko ikastetxeetan. Joan den ikasturtean, Gabonen bueltan eta orduan ere pandemian, 212 ordezkapen egin ziren, hau da, iaz baino ia lau aldiz gehiago aurten. Lehen eguneko kopuru horri astearte honetarako egin diren beste 550 ordezkapen gehitu behar zaizkio.

Agerraldian, halaber, egun txertoaren lehen dosia hartuta dauden ikasleen ehunekoa nabarmendu du (adin horretako ikasleen % 44), eta azaldu du txertaketaren aurrerapen hori Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasgeletan nabarituko dela hiruhileko berri honetan, Eguberriak baino lehen 12 urtetik gorako ikasleen geletan gertatu zen bezala; izan ere, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gelarik ia ez baitzen itxi oporren aurretik, txertoei esker.

Azkenik, Hezkuntza Saila egiten ari den ahalegin handia nabarmendu du Bildarratzek, “erabat beharrezkoa presentzialtasunaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzeko, hori baita gure altxorrik handiena. Lehenik eta behin, gure ikasleentzako hezkuntzarik onena gogoan hartuta, baina familietan eta kontziliazioan pentsatuz ere bai”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak