Berriak Lehendakaritza

Aldundiekin hitzarmenak sinatu eta bitartekoak eskualdatu ondoren, errepide garraioaren transferentzia gauzatu da

2022-01-11

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak klasera itzultzearen balorazioa egin du gaur goizean, Gabonetako oporraldiaren ondoren. Hasiera honetan irakasleen ordezkapenak nabarmen ugaritu dira, Covid-19a gure gizartean izaten ari den eragin handiagatik.

Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak joan den urtarrilaren 5ean Ordezkagune aplikazio informatikoa ireki zuenetik, ikastetxe publikoek ordezkapenak egiteko eskaerak egin zitzaten, 800 ordezkapen baino gehiago egin dira sare publikoko ikastetxeetan. “Joan den ikasturtean, Gabonen bueltan eta pandemian ere, 212 ordezkapen egin ziren, hau da, iaz baino ia lau aldiz gehiago aurten. Lehen eguneko kopuru horri astearte honetarako egin diren beste 550 ordezkapen gehitu behar zaizkio”, adierazi du. Ildo horretan, Bildarratzek nabarmendu du Hezkuntza Saila ahalegin handia egiten ari dela, baina “beharrezkoa, zalantzarik gabe, presentzialtasunaren aldeko apustuari sendo eutsi ahal izateko. Hortxe dugu gure altxorrik handiena. Lehenik eta behin, gure ikasleentzako hezkuntzarik onenean pentsatuz, baina familietan eta kontziliazioan ere pentsatuz”.

Era berean, sailburuak balioan jarri du gaur egun lehen dosiarekin txertatutako ikasleen ehunekoa (adin-tarte horretako ikasleen % 44), eta uste du txertaketaren aurrerapen hori ikasgeletan nabarituko dela.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaurko Gobernu Kontseiluak dekretu bat onartu du Transferentzien Batzorde Mistoak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Aldundiekin Errepide garraioaren inguruko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarezkoak eskualdatzeari buruz hartutako akordioak onartzen dituena. Era horretan, transferentzia eraginkorra bihurtu da, behin hiru foru erakundeek, Garraio Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiek Errepide garraioen gaineko eginkizunak beren gain hartzeko hitzarmenak sinatu ondoren.

Kulturaren arloan, Bingen Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen dekretua onartu duela. Zupiriak azaldu duenez, Erregistroan babes berezikotzat deklaratutako kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta inmaterialak eta babes ertainekotzat deklaratutako ondasun higiezin eta higigarriak inskribatuko dira.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa-prozesuaren ingurukoak ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak