Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Tenerifeko ordezkaritza batek EAE bisitatu du patataren inguruan ditugun ikerketa programak eta proiektuak ezagutzeko

2011.eko irailak 23

Vitoria-Gasteiz, irailaren 23a.- Tenerifeko erakunde- eta enpresa-arloko ordezkaritza batek EAE bisitatu du aste honetan, Eusko Jaurlaritzak patataren sustapenerako eta laborantzarako dituen programak ezagutzeko, baita tuberkulu horrekin Euskadin gauzatzen diren ikerketa-proiektuak ezagutzeko ere.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuorde José Luis Anda jaunak eman dio harrera Tenerifeko ordezkaritzari. Ordezkaritzaren burua Tenerifeko Kabildoaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Arloko kontseilari José Joaquín Bethencourt izan da, eta EAEra etorri da Tenerifeko Centro de Conservación de la Biodiversidad Agrícola erakundeko (CCBAT) zuzendari Domingo Ríos jaunarekin eta CULTESA, SAren kudeatzaile María Teresa Cruz andrearekin batera.

Tenerifeko Kabildoak, Arabako Lurralde Historikoak bezala, tradizio eta historia handia dauka patataren laborantzaren inguruan. Bi lurraldeek modu estuan lan egin dute eta lagundu diote elkarri patata-barietate berriak lortzeko eta tokiko barietateak mantentzeko. Era berean, argitalpenak egin dituzte elkarrekin Espainiako patata-barietateen karakterizazioari eta biodibertsitateari buruz.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak garrantzi handia eman dio “ezagutza eta esperientziak trukatzeari administrazioen artean, sektorean hobekuntzak sartzea ahalbidetzeko, plan sektorialen bitartez, ikerketa-proiektuen bitartez, edo enpresa-arloko produkzio-ereduak edo eredu kooperatiboak konparatuta”.

Kanarietako ordezkaritzak Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta garapenerako Euskal Erakundea —Pilar Unzaluren zuzendaritzapean, sailari atxikitako sozietate publikoa— bisitatu du Arkauten, eta zentro horretako zuzendari nagusi Jakes Agirrezabal jaunak patataren inguruan egiten ari diren ikerketa-proiektuei buruzko informazioa eman du, baita honako hauei buruz ere: barietate berriak lortzeko programak, patata-haziaren produkzio eta egiaztapen aurreraturako teknologia berriak, etab.

Halaber, Newco Patatako Teknologiaren Transferentziarako sozietatearen instalazioak ezagutu dituzte, baita Eusko Jaurlaritzaren Haztegiko Hazi eta Landareen Zerbitzua ere.

José Luis Anda jaunak, era berean, Kalitatea Fundazioko zuzendariaren laguntzarekin, Tenerifeko ordezkaritzari erakutsi dio Kalitatea Fundazioak Eusko Labela duten produktuen eta Jatorri Deituren kontrol eta ziurtapenean garatzen duen lana.

Horretaz gain, Bethencourt jaunak eta Tenerifeko ordezkaritzako gainerako kideek aukera izan dute euskal administrazioak patataren laborantzara eta sustapenera bideratzen dituen laguntza-neurriak ezagutzeko: Plan estrategikoak, sektorialak, ikerketa-planak eta sustapen-planak, kalitate-marken bitartez, baita ikerketa publikoko zentroen teknologia patataren sektorera transferitzeko ereduak ere.

Era berean, UDAPA kooperatiba-sozietateko ordezkaritzarekin, Newco sozietateko ordezkaritzarekin eta Euskadiko Nekazaritzako Kooperatiben Federazioarekin bildu dira, arrakasta izan duten enpresa-arloko produkzio-eredu ezberdinak eta nekazaritza-sistema kooperatiboak erakusteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan